Europako bozetara EH Bilduren barruan aurkeztea erabaki du Alternatibak

Alderdiaren esanetan, litekeena da koalizioa Euskal Herritik haratagoko talde batean joatea 2014ko bozetara

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2013ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Datorren urteko maiatzean egingo diren Europako hauteskundeetara EH Bildu koalizioaren barruan aurkeztea erabaki du Alternatibak. Nazio Batzarrean hartu du erabakia, eztabaida luze baten ondoren. %78,3k hauteskundeetara aurkezteko aukera babestu dute, eta %4,3k aurka bozkatu dute. Aurkeztea erabaki ondoren, %73,9k eman dute botoa EH Bilduren barruan parte hartzearen alde; kontra, %13k.

Koalizioan aurkeztuko dela jakinaraztean, beste albiste baten berri ere eman du Alternatibak: litekeena da EH Bildu Euskal Herritik haratagoko talde zabalago batean aurkeztea Europako bozetara. «Datozen hilabeteetan» emango du horren berri. Edozein kasutan, Euskal Herritik kanpoko alderdiekin osatuko lukeen koalizioaren «osaeran» eta «ardatz programatikoetan» EH Bildu ados dagoela dio Alternatibak.

Nazio Koordinakundea berritu ere egin du alderdiak batzarrean. Bederatzi kidek osatuko dute zuzendaritza berria. Bost emakumek eta lau gizonezkok: Aitor Miguel Quintanak, Alba Fatuartek, Ane Pagueyk, Ayem Oskozek, Cristina Bereziartuak, Diana Urreak, Jon Lasak, Jorge Segovianok eta Maite Elizondok.

Eta «herritarrak aktibatzeko» kanpaina bat abiatuko duela ere azaldu du. «Erasoen aurrean erantzutera bultzatzeko», Jose Saramagoren esaldi bat erabiliko du kanpainarako: Badira bi superpotentzia: bata kapitalismoa da; bestea, zu. Aktibatu.

Bost urte beteko ditu alderdiak abenduan, eta zerbait aldatu beharra duelakoan abiatu du kanpaina: «Menperatzen gaituzten dominazio sistemen kontrako borrokan aurrera egitetik urrun, etsipenaren biktima izateko arriskuan gaude, eskumak aipatzen duen gehiengo isilaren parte izateko arriskuan». Hortaz, «erasoen aurrean geldirik ez gelditzearen beharra» zabaltzea hartu du erronkatzat: «Erasoen, murrizketen eta menpekotasunen aurka aktibatzeko unea da; zapaltzen gaituztenen eta erabakitzeko eskubidea ukatzen digutenen aurka aktibatzekoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.