Caritasek etorkinen aurkako jazarpena salatu du Gipuzkoan

Donostiako egoitza atarian etorkinak identifikatu eta atxilotzeko kontrolak egiten dituztela dio

Ibai Maruri Bilbao.
2011ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Caritas karitate elkarteak Donostiako Intxaurrondo auzoan duen Laguntza-Etxea etorkinen harrerarako egoitza atarian paperik gabeko atzerritarren aurkako polizia kontrolak egiten dituztela salatu du. Jose Emilio Lafuente Donostiako Elizbarrutiko Caritasen arduradunaren hitzetan, kontrol horiek «kalte larria egiten diote erakundearen gizarte laguntza ekimenari».

Urtea hasi denetik halako hainbat kontrol egin direla gogoratu du Lafuentek. Azken hilabete honetan sarriago gertatzen ari direla dio, gainera. Larriena ekainaren 8koa izan zela dio. Espainiako Poliziak eta Donostiako Udaltzaingoak sarekada egin zuten Lagun-Etxearen atarian. «Paperik gabeko hamar bat etorkin atxilotu, eta bakoitzari kanporatzeko txostena ireki zieten».

Formazio ikastaroak eskaintzen dituzte egoitza horretan, eta bitartekorik ez dutenei jaten ere ematen diete. Egunero batez beste 60 lagun inguruk jotzen dute Lagun-Etxeara. Ekainaren 8ko sarekadatik 15 etorkin baino ez zaizkie joaten. «Halako ekintzek gure egoitzaren martxa arriskuan jartzen dute, etorkinak beldurtu egiten dituztelako, eta azkenean nahiago dute badaezpada gurera ez etorri».

Caritaserako Donostiako Elizbarrutiaren gotzain-ordezkari Jose Ramon Treviñok gogor gaitzetsi ditu «kontrol selektibo» hauek: «Ez dute herritarren segurtasuna handitzea edo delinkuentzia gutxitzea bilatzen. Ezaugarri etniko zehatz batzuk dituzten pertsonen aurkako kontrolak dira; bereziki magrebtaredo Saharaz hegoaldekoak». Treviñok argi utzi nahi izan du paperik gabeko etorkin izateak ez dituela gaizkile bihurtzen. Halaber, kezkatuta agertu da immigrazioaren aurkako neurriak «asko gogortu» direlako azken aldian.

Laguntza eskaerak gora

Iaz Donostiako Elizbarrutiko Caritasek 23.386 gipuzkoarri lagundu zien. Hortaz,duela lau urte krisi ekonomikoa hasi zenetik %43ko igoera izan da laguntza eskaeretan.«Krisiaren eragina oraindik ere oso gogorra da. Larri dabiltzan norbanako eta familia gipuzkoarren kopurua ez da nolanahikoa», ohartarazi du iazko balantzea egiterako orduan.

Orotara, 2010ean 5,5 milioi gastatu zituen Caritasek Gipuzkoan. Milioi bat pasatxo nazioarteko laguntzarako proiektuetara bideratu zuten. Gainontzekoarekin Gipuzkoarren gutxieneko premiak asetzen ahalegindu ziren. «Etorkinak eta etxebizitza edo lana galdu duten herritarrak dira gehienbat gure laguntza ekonomikoa jaso dutenak». 2009an baino 170.000 euro gehiago izan zituzten iaz; dirua jaso dutenen kopurua antzekoa izan da. Beraz, Treviñoren esanetan, «horrek agerian uzten du larri dabiltzanen premiak handiagotzen ari direla».

Bilboko Elizbarrutiko Caritasek ere balantzea egin du. Iaz 12.775 bizkaitarri lagundu zien; alegia, 2009an baino %2,3 gehiagori. Hala ere, laguntza eskaera berrien kopuruak zertxobait behera egin du: %46,6tik %42,1era. Bilboko Elizbarrutiko Caritasen zuzendari Mikel Ruizen esanetan, «horrek erakusten du pobrezia kroniko egin dela. Beharrizanean dauden pertsona gehiago sortu ordez, lehengoek egoera berberean jarraitzen dute».Caritasi dirua ematen diotenen zenbatekoak %9,1 egin du gora.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.