Kargua utziko du alarde tradizionalean desfilatu zuen Bilduko zinegotziak

Alternatibak salatu du ertzainek ez zutela ezer egin Segurtasun Sailak emandako ebazpena betetzeko

Erredakzioa
Donostia
2013ko irailaren 11
00:00
Entzun
Hondarribiko alardean andrazkoak eskopetari gisa onartzen ez dituen konpainietako batean desfilatu zuen Bilduko zinegotziak, Juan Ortiz Armendarizek, datozen egunetan kargua uzteko asmoa duela jakinarazi dio koalizioko zuzendaritzari.

EH Bilduk ohar bidez azaldu duOrtizen asmoen berri izan bezain laster jarri zirela harekin harremanetan. Alarde horretan ateratzea koalizioaren filosofia eta praktika politikoekin bateraezina dela azaldu zioten. Izan ere, 2011ko udal eta foru hauteskundeetan Bilduko zerrendetan aurkeztutako zinegotzi guztiek «dekalogo etiko» bat sinatu zuten. Bertan, emakumeen eskubideen aldeko jarrera aktiboa izango zutela berretsi zuten.

Oarsobidasoko Hitza-k berri eman duenez, Ortizek lehen unetik eman zuen dimisioa, baina, gaia Sorturen herri batzarrean aztertu zutenean, «gehiengo zabal bat» dimisioa ez onartzearen alde azaldu zen. Besteak beste, andreen eskubideen aldeko borrokarekin zinegotziak urteetan erakutsitako jarrera nabarmendu zuten. Hortik aurrera, Hondarribiko Sorturen mahaiko ordezkariek eta Bilduren bost zinegotziek batzarrak egin dituzte egoera aztertzeko.

Bileretako batean Sortuk herri batzarraren iritzia kontuan hartuko zuela esan bazuen ere, azkenean dimisioa aurkeztea ezinbestekoa zela jakinarazi zioten Ortizi duela astebete. Dimisioa igandea baino lehen aurkezteko esan zioten. Azkenean, alardearen ostean egingo du.

«Zorionak» Jaizkibeli

Alternatiba alderdiak, berriz «zoriondu» egin du Jaizkibel konpainia. Alarde parekideak «inoiz baino jende gehiago» bildu duela nabarmendu du Amaia Agirresarobe bozeramaileak. «Kaletik txalotzera bertaratu zirenen konpromisoa ere txalotu nahi dugu, irainak eta bultzakadak jasan behar izan zituztelako. Horri guztiari aurre eginda, alarde parekideak aurrerapausoak eman ditu, eta egoera konpontzeko prestasuna azaldu du. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak eginiko proposamenak zioena bete zuen. Jaizkibelek bakarrik bete zuen emandako hitza». Agirresarobek salatu du ertzainek ez zutela ezer egin Segurtasun Sailaren ebazpenak jasotzen zituen aginduak eta gomendioak betetzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.