Aitor Renteria.

Peru eta Stein omendu dituzte lagunek Hendaian

2014ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Hendaiako Beltzenia pilotalekua mukuru bete zen atzo Angel Gurmindo Stein eta Bizente Perurena Peru omentzeko. GALek duela 30 urte hil zituen bi iheslari politikoak. Lagunek antolatu zuten ekitaldia, eta jende franko bildu zen. GALek eta gerra zikinak eragindako samina oroitzeaz gain, gatazkaren konponbiderako mezua ere zabaldu zuten.

Bertsoa eta kantua aukeratu zituzten, bidenabar, oroitzapenaren beharra eta konponbidearen nahia uztartzeko. Aitor Gorosabelek, Amets eta Maialen Arzallusek, Aire Ahizpek, Sustrai Colinak, Bide Ertzean-ek, Odei Barrosok, Xutik-ek eta Mikel Markezek bete zuten oholtza. GALek gizarte osoa inarrosi zuen orduan. Garaiko errealitateak bultzaturik, omenaldian izan zen Battitta Salaberri Hendaiako auzapeza. Sortuk ere deitu zuen atzoko ekitaldira, eta hitza hartu zuen han.

Memoria eta konponbidea

Sortuko ordezkariak Stein eta Peruren eskuzabaltasuna ekarri zuen gogora. Lagunek pairatu zituzten torturen ondorioz, Ipar Euskal Herrira ihes egin zutela azaldu zuen. Parte hartu zuten bertako euskal giroa suspertzen, gerra zikinak bizia ebatzi zien arte. Gisa berean, Arkaitz Bellon euskal preso politikoaren heriotza gaitzetsi zuen, eta horren erantzukizuna Espainiarena eta Frantziarena dela azaldu.

«Gerra zikinak, Espainiako Estatuak, erail zituen Peru eta Stein, estatu horren azpijokoa eta maltzurkeriak oraindik ere dirauelarik. Euskal Herriak duen egoera berriaren inguruan zabaldu diren aukerak indargabetzeko asmoa besterik ez dute Espainiako zein Frantziako estatuek». Jokabide horren gibelean bakea ekarriko lukeen konponbide justu eta demokratikoa zapuzteko borondatea dagoela salatu zuen.

Estrategia horri buru egitea herritarren esku dagoela nabarmendu zuen, estatuen estrategia gainditzeko tresna delarik herri gisa gatazka gaindituz joatea bakea eta justizia eraiki ahal izateko. «Konponbide integrala bilatu nahi dugu, konfrontazio armatuak eragin ondorioei eta gatazkaren gako politikoei aterabide osoa emanez, hurrengo belaunaldiek Euskal Herri aske batean bizitzea amesten baitugu».

Bide horretan egia osoa egitea funtsezkoa dela azaldu zuen, beharrezkoa delarik horretarako gibelera begiratzea eta gatazka eragin duten arrazoietan sakontzea eta militanteek urte luzez eramandako borroka ezagutzea. «Gure konpromisoaren bidez, borrokalarien historia eta memoria herriarengana zabalduz, gudariak euren etxekoak diren bezala geurekoak ere badirelako, herriarenak azken finean». Independentzia eta sozialismoaren aldeko borrokaren lekukoa hartzera deitu zituen herritarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.