Caritasek ohartarazi du «asaldatzekoa» dela pobrezia maila

Bertako jendea gero eta gehiagotan joaten ari da Caritasera laguntza eske; pertsonak lehenesteko eskatu diete erakundeei

Erredakzioa
Iruñea
2012ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Estutzen jarraitzen du gizarte laguntzetarako sarbideak, eta gero eta estuagoa da milaka familiaren egoera, aurrera egiteko baliabiderik gabe daude eta. Caritasek egin du oharra, urtea gainbegiratzean: «Bertako jende gero eta gehiago datorkigu laguntza eske. Asaldatzekoa da: gaur egun eskarien laurdenak dira bertako herritarrenak; orain urte gutxira arte, %3 eskas ziren». Agintariei kontuak eskatu dizkie Nafarroako Caritaseko buru Angel Iriartek: «Baliabide gutxiago dago, bai. Lehentasunak jarri behar dira, eta pertsonak lehenetsi behar dira».

Hego Euskal Herri osoan ikusi dute joera bera. «Lehen, etorkinak ziren gehienak, %70 inguru. Orekatzen ari da hori orain; jadanik, %40 badira bertakoak», azaldu du Ramon Ibeas Arabako ordezkariak. Umeak jasaten ari dira egoera hori, Iriartek nabarmendu duenez. «Hori da salagarriena». Nafarroan, laguntza eske jo duten sendien artean, hirutik batean adingabeak daude pobrezian.

Oinarrizko gizarte errenta jasotzeko baldintzak gogortu egin dituzte Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, eta horrek are gehiago kaskartu du ezinean zeudenen egoera. Iriarte: «Nafarroan ikaragarri handitu da batere diru sarrerarik ez daukatenen egoera». Etorkinei bereziki eragiten die baldintzak gogortu izanak; erroldan denbora bat ematea eskatzen dute, besteak beste.

Caritasek ere hartu ditu neurriak, eskariak oldean gehitzen ari zaizkiola ikusita. Ibeasek azaldu du «zorrotzago» jokatzen dutela laguntzak banatzerakoan. Aurten, iaz baino 2.000 eskari gutxiago izan dituzte hala Araban. Nafarroan, gehiago: denera 7.000 kasu inguru, iaz baino 500 bat gehiago.

Laguntza bikoitza Nafarroan

Krisiak azaleratu du beste datu bat ere: egoera zenbat eta makurragoa, orduan eta handiagoa da jendearen elkartasuna. Elikagai bankuek ikusi zuten hori orain aste batzuk egindako bilketan: uste baino janari gehiago batu zuten. Caritasen ere nabaritu dute. Nafarroan, adibidez, milioi bat euro inguru bildu dituzte aurten, iazkoa halako bi ia. Beharra handitzen ari dela ikusita, ordea, laguntza ematera dei egin dute. Kanpaina bat jarri du martxan Caritasek, eta diru bilketa egingo dute etzi, igandearekin, elizetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.