Metroak emandako hiru kalte-ordain ikertuko ditu EAJk

Aurreko zuzendaritzak egindako kudeaketa kritikatu du Jose Luis Bilbaok, Bizkaiko ahaldun nagusiak

Erredakzioa
Bilbo
2013ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
«Moralgabea, mespretxagarria eta despotikoa». Halaxe izan da Bilboko Metroko azken zuzendaritzaren kudeaketa —PSE-EEren esku egon zen—, Bizkaiko ahaldun nagusi eta Garraio Partzuergoko lehendakari Jose Luis Bilbaoren (EAJ) ustez. Bilbaok iragarri du ikertu egingo dituztela zuzendaritza postuak uzteagatik emandako hainbat kalte-ordain. Zehazki, Iñaki Prego kontseilari ordezkariak, Carmen Saratxu zerbitzu juridikoko buruak eta Iñaki Etxenagusia kudeatzaileak jaso dituztenak ikertuko dituzte. «Oraindik ez dakigu kargutik kentzeak edo kaleratze simulatuak izan ziren; eta kalte-ordain horiek herritarren poltsikoetatik atera dira».

Atzo hartu zuen Bilboko Metroaren zuzendari kargua Eneko Arruabarrenak, eta bertan egin zuen salaketa Bilbaok. Arruabarrena Leioako alkatea izan da orain arte, eta jakinarazi dute 80.000 euro irabaziko dituela urtean. Pregok 140.000 euro irabazten zituen.

Bilbaok emandako datuen arabera, Etxenagusiak 93.000 euroko kalte-ordaina jaso zuen, Pregok 145.000 eurokoa, eta Saratxuk 260.000 eurokoa. «Ez dakigu zein baldintzatan. Horrelako jarrerak onartezinak dira. Alor publikoan garden eta zintzo lan egin behar dugu. Ez da zentzuzkoa erakunde publiko bateko kudeatzaileek lehendakariak baino gehiago kobratzea».

Aurreko zuzendaritzako kideen artean, Barakaldoko alkate Mikel Torresen lana baino ez du eskertu eta goraipatu Bilbaok. «Gizon portatu da, eta bere ardurak muturreraino bete ditu. Ondo egindakoa aitortu egin behar da. Hau ez da EAJk PSE-EEren aurka hartutako mendekua».

«Lana eta garden jokatzea» eskatu dizkie, beraz, zuzendaritzako kide berriei, baita garraio partzuergoko presidenteari ere: Manuel Tejadari. Funtsezkoa iruditzen zaio «zerbitzuaren kalitatea eta langileekiko harremanak» berreskuratzea. «Langileak funtsezkoak dira zerbitzuaren kalitatea bermatzeko». Gainera, ekitaldi handiak izaten direnean zerbitzu bereziak jartzeko ohitura berreskuratu egin behar dela deritzo Bilbaok. «Metroa zerbitzu publiko bat da, eta herritarren beharrei erantzun behar die».

Etorkizuna argi ikusten du: «Kudeaketa txar eta despotak bukatzeko ordua da». Kritika ere egin dio Ernesto Gascori, aurreko Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuordeari: «Hemen jendeak ezin du nahi duena egin, eta partzuergoa eta metroa ez da Donostiako zinegotzi baten bulegotik gidatuko». Antonio Aiz Jaurlaritzako Garraio sailburuorde berriak, berriz, iritzi dio erakunde arteko harremanei berriro heltzeko ordua dela: «Azken hiru urte eta erdian galdu egin da hori».

Murrizketak Bilbobusen

Atzotik murrizketak egin dituzte Bilbobuseko zazpi lineatan. Hauek dira mozketak izan dituzten lineak: Deustu-Atxuri, San Ignazio-Txurdinaga, Santutxu-Plaza Zirkularra, Santutxu-Lezeaga, Larraskitu-Begoñaibarra eta Artazu-Moiua.

Bost zerbitzu kendu dituzte astegun eta jaiegunetan, eta 2,5 larunbatetan. Udalak nabarmendu du enpresarekin eta langile batzordearekin adostu dituztela murrizketak, eta horien helburua izan dela aurrerantzean ere zerbitzu guztiei eustea eta auzo guztietan ziurtatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.