Aeronautikak iazko emaitza historikoak hobetzea espero du aurten

Bizkaiko metala aurten %2,3 haziko dela uste du FVEM patronalak, baina enplegurik sortu gabe

Lander Muñagorri Garmendia.
Zamudio
2014ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Urtetik urtera datuak hobetzen ari da Hegan klusterra. Espazio eta aeronautikako sektoreak 1.720 milioi euroko fakturazioa lortu zuen iaz, 2012an baino %8,6 gehiago. Igoera horren oinarria nazioartekotzean egon da, Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik kanpoko lantegiek 242 milioi euro eragin baitituzte. Bertako fakturazioa %37 igo da. EAEko plantetan, berriz, 808 milioiko negozioa sortu da, 2012an baino %5,4 gehiago. Espainiako merkatuan sortu dituzte beste 671 milioi euroak, %4,6 gehiago. Horrek enpleguari ere eragin dio, eta %3ko hazkundea izan zuen iaz klusterreko enpresetan, eta %1,4 hemengo lantegietan. Denetara, 12.418 langile dauzkate mundu osoan, eta horietatik 4.098 Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.

Aeronautikaren sektorea ongi doalako gustura azaldu zen atzo, Ignacio Mataix Heganeko presidente eta ITP taldeko zuzendari nagusia, bereziki aurten kopuru horiek gainditzea espero dutelako. Izan ere, nazioartean sektoreak gora egingo duela aurreikusten da. Datozen hogei urteetan 29.000 hegazkin berri beharko direla espero dute sektoreko konpainiek. Bertatik ahalik eta etekin handiena lortu nahi du klusterrak, eta datozen urteetarako %5eko hazkundea aurreikusi du Heganek.

Bizkaiko metalean, jaitsiera

Aeronautikan dagoen poztasunik ez da egon, ordea, metalean. Iaz %4,2 txikitu zen sektorearen fakturazioa Bizkaian, FVEM patronalak emandako datuen arabera. Egoera bideratzeko bidean egon daitekeela uste du Jose Luis Lopez Gil presidenteak: aurten metaleko enpresak %2,3 haziko direla aurreikusi du. Alde beltza enplegua da, ez baitute sortuko. Kontrara, «hazkunde negatiboa» izatera ere irits daiteke.

Urteroko batzar nagusia egin ondoren aurkeztu zuen FVEMek 2013ko txostena, eta soldaten inguruan kezka azaldu zuen Lopez Gilek: «Soldata igoerek lehiakortasunari eragin diezaiokete, eta puntu bat igotzen den bakoitzean, enpresa horiek 20 miloi gehiagoko gastua izan dezakete».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.