Thailandiako erregeak ontzat jo du armadako jenerala lehen ministro izatea

Militarrek libre utzi dute Shinawatra gobernuburu ohia, atxilotu zutenetik bi egunera; indartzen ari dira kontrako protestak

Oihan Vitoria.
2014ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Bhumibol Adulyadej erregearen onespena jasota, Thailandiako lehen ministro izendatu dute Prayuth Chan-ocha armadako jenerala. Iragan asteazkenean militarrek estatu kolpea eman eta biharamunean, gobernuburu izendapena jarri zion Junta Militarrak. Erregearen oniritzia nahitaezkoa zuen Chan-ochak kargua hartzeko, eta, ofizialki, atzo lortu zuen haren babesa. Armadak Bangkoken daukan egoitzan egin zuten izendapen ekitaldia. Erregea ez zen bertan izan; adinean aurrera eginda eta osasunez makal dabil.

Legea «irmotasunez» ezartzeko asmoa du Chan-ochak, indarkeriaren bideari muzin egin gabe. Thailandiako gobernuburu izendatu berriak ohartarazi du manifestariak karrikara protestan ateraz gero indarra erabiltzea beste aukerarik ez duela izango. Hala, mobilizazioetan parte ez hartzeko deia egin du: «Egoera politikoari irtenbide bat bilatzeko nago hemen, ez borrokatzeko. Halere, beharrezkoa den oro egingo dut krisia konpontzeko». Azaroaz geroztik militarrek «bakea eta ordena» berreskuratzeko eginiko lana ere goraipatu du Chan-ochanek; ia zortzi hilabeteko istiluetan, 28 herritar hil eta beste 800 zauritu dira.

Bozak egitea, «beharrezkoa»

Militarrak boterea bereganatzen ari dira, eta estatu kolpearen kontrako herritarren mobilizazioak, berriz, indartzen. Bost pertsonatik gorako taldeak elkartzea galarazi badute ere, ehunka manifestarik estatu kolpea gaitzetsi zuten larunbatean, eta armadak 35 kritiko atxilotzea agindu zuen. Kolpea eman berritan ere ehun agintari ohi atxiki, eta herrialdetik irtetea eragotzi zieten. Armadaren Klubera deitu, eta atxilo hartu zituzten. Horien artean zen Yingluck Shinawatra lehen ministro ohia. Bi egun atxikita eduki eta gero, aske utzi dute.

Protesten buru izandako Suthep Thaugsubani, berriz, 2010eko manifestazio batean elastiko gorridun hainbat herritar hiltzea leporatu diote. Chan-ochak beharrezkotzat jo du hauteskundeetara «laster» deitzea gobernu berria hautatzeko. Dena den, oraindik ez du egutegi ezta epe zehatzik jarri.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.