Palestinarren babesa indartzeko Europan bira bat hasi du Abbasek

PAN urtarrilerako negoziazio proposamen bat egitekotan da, Espainiako hedabide batek argitaratu duenez

Erredakzioa
2012ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Nazioartetik jasotako babesa indartzeko lanetan ari da PAN Palestinako Aginte Nazionala. Mahmud Abbas presidentea herenegun Erroman izan zen, eta han Mario Monti Italiako lehen ministroarekin eta Vatikanoko estatuburu Benedikto XVI.a aita santuarekin mintzatu zen; atzo Madrilera joan zen, Mariano Raxoirekin elkartzera. NBE Nazio Batuen Erakundeko azaroaren 30eko bilkuran Palestina estatu behatzaile izendatzearen aldeko botoa eman zuten Italiak eta Espainiak; Vatikanoak ere estatu behatzaile izaera du. Abbasek eskerrak eman nahi izan dizkie jasotako babesarengatik.

Raxoik esan dionez, israeldarren eta palestinarren arteko gatazka bi estatu sortuz konpontzearen aldeko «konpromisoa» du Espainiak. Are gehiago: jarrera horrek «Espainian izaera historiko eta tradizionala» duela esan du, «herritar gehienek eta alderdi politiko guztiek» babesten dutela.

Monti zuhurrago mintzatu da: bi aldeen arteko negoziazioak berriz martxan jar daitezen, «konfiantzazko giroa» sortu beharra dago. Horretarako, beharrezkoa da «prozesuaren sinesgarritasunari kalte egin diezaiokeen ekintzarik» ez egitea; besteak beste, Palestinak Israel Nazioarteko Justizia Auzitegian salatzea.

El País kazetak argitaratu duenez, PANek bake elkarrizketei berriz heltzeko proposamen bat aurkeztuko du urtarrilean; hala adierazi dio, behinik behin, Saeb Erekat PANeko negoziatzaile buruak egunkari horri. Negoziazioak 2008an etendako lekutik abiatuko lirateke berriz, baldin eta Israelek koloniak eraikitzeari utziko balio, eta 1993 baino lehenagoko preso palestinarrak askatuko balitu.

6.000 kolonia berri bidean

Israelek Zisjordanian eta Jerusalem ekialdean dituen kokalekuak direla-eta daude etenda bi aldeen arteko negoziazioak duela bi urtetik baino gehiagotik. Aste honetan bertan, 1.500 etxebizitza eraikitzeko asmoa onartu du Tel Avivek, eta beste 4.500 egiteko planak prestatzen ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.