Luis Gardek irabazi du Xabier Lete sariketaren bigarren ekitaldia

Gizarte kritika eta metapoetika «orekaz» uztartu ditu 'Eremuen berkalifikatzea' lanean, epaimahaiaren iritziz

Erredakzioa
Donostia
2014ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Luis Gardek irabazi du Xabier Lete poesia sariketaren bigarren ekitaldia, Eremuen berkalifikatzea poema bildumarekin. Gardek lehiaketara aurkeztu dituen poemetan, «arnasa handiko ahots poetikoa mintzo da, oreka bereziz elkartzen dituena gizarte kritika eta metapoetika», Igor Estankonak, Joxerra Garziak, Tere Irastortzak, Jose Angel Irigaraik eta Lourdes Otaegik osatutako epaimahaiaren iritziz. Irabazleak 10.000 euro eta oroigarri bat jasoko ditu, eta Pamiela argitaletxeak kaleratuko du lan saritua. Lehiaketara 23 lan aurkeztu dira, eta oro har haien «kalitate aipagarria» nabarmendu du epaimahaiak.

Garderen liburu sarituko «diskurtsoaren ausardia» nabarmendu du epaimahaiak. «Gaur egungo komunikabideetako mezuen artean kokatzen du nortasun propioa duen ahots poetikoa, sentibera, kontzientziaduna eta iradokitzailea aldi berean, sarri lerro gogoangarrietan mamitu dena».

Lehen nobela argitaratzear

Luis Gardek (Iruñea, 1961) sei poema liburu ditu argitaratuak orain arte: Oihan nabarra (BBK-Euskaltzaindia, 2004), Haize hegoaren aroak (Pamiela, 2007), Gertakarien urtzea (Alberdania, 2008), Unplugged (Kutxa, 2009), Maizter arrotza (Erein, 2013) eta Trenen abiadura (Pamiela, 2013). Uda baino lehen, Eremuen berkalifikatzea poema liburu saritu berriaz gain, bere aurreneko nobela kaleratuko du; oraindik ez du izenburua guztiz finkatua, eta liburu hori ere Pamiela argitaletxearekin emango du ezagutzera.

Xabier Lete poesia sariketaren lehen ekitaldian Karlos Linazasoro izan zen irabazlea, duela bi urte, Ezer gehiago behar gabe lanarekin (Pamiela, 2012). Orduan, 22 lan aurkeztu ziren lehiaketara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.