Euskal presoak. Urtarrilaren 11ra begira

Tantaz tanta, konpromisoz blai

Bilboko olatuaren entsegua egin dute Iruñean. Euripean, pertsonaz osatutako tanta erraldoia irudikatu dute eta aditzera eman nahi izan dute gizartearen indarrak «gobernuen geldikeria higatzeko gai» dela.

Iruñean euskal presoen eskubideen aldeko tanta erraldoia osatu dute. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2014ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Eguerdia da. Iruñeko Udaletxe plaza jendez gainezka dago. Palestinaren AHT Gelditu Elkarlanean banderak antzematen dira han eta hemen. Udaletxe aurrean plastikozko aterpe txiki bat dago eta bertan mahai bat. Jendearen artean tanta urdinak eta aldizkariak banatzen ari dira, eta plazan bildutako askok jada eskuetan dute. Kazetariek Juanje Soria eta Ane Galarzari adierazpenak hartzen hasi ahala, benetako tantak erortzen hasi dira. Hasieran, bakan batzuk baino ez. Gero, Soriak azken hitza amaitzean, tanta zaparrada handiagoa da. Ekitaldia hasi besterik ez da eta egin, eta euria, gelditu ordez, areagotu da, baina inor ez da kikiltzen. Zer hori baino eszenografia hoberik? Azken finean, astebete barru Bilbon egingo den manifestaziora begira, Euskal Herria konpromisoz blai geratzea bilatzen dute.

«Iruñeko Udaletxe plazan bildu gara gaur sakabanaketaren amaiera eskatzeko eta Nafarroako gizarteari dei egiteko heldu den urtarrilaren 11n Bilboko kaleak betetzera joan dadin». Mezu hori eman du Ane Galarzak. Juanje Soriarekin batera gogora ekarri du aurten 25 urte beteko direla presoen sakabanaketa indarrean jarri zela. Mende laurden batez, «salbuespenezko politika horrek» ekarri dituen ondorioak ere oroitarazi ditu: «25 urteetan politika anker horrek sufrimendua, istripuak eta zigorra besterik ez du ekarri milaka familiarentzat, eta hamasei hildako eta ehunka zauritu utzi ditu errepidean».

«Gizarteak ez du ulertzen»

Galarzak zein Soriak azpimarratu dute Frantziako eta Espainiako gobernuak «tematurik» daudela bakeari atea ixten. «Urrats txikienik ere ez dutela egingo esaten dute. Horregatik uste dugu gizarte zibilaren txanda dela». Bilbon, datorren astean norberaren ideologia eta interesak alde batera utzi eta mezu bateratua emateko eskatu diete herritarrei. «Esan dezagun argi eta garbi konponbideak nahi ditugula eta presoak Euskal Herrira ekartzeko garaia dela». Alde horretatik, azaldu dute Nafarroako 72 preso daudela sakabanatuta. «Gizarteak ez du ulertzen zergatik jartzen zaion prezio politikoa». Nafarroako Gobernuari eta Iruñeko Udalari ere eskatu diote sakabanaketaren apologia egiteari uzteko. Konponbidearen eta bakearen aldeko indar politikoei, sindikatuei eta gizarte mugimenduei elkarlanerako deia egin diete.

Adierazpenak bukatuta, hasi da ekitaldia. «Ematen du benetako tantak erortzen ari direla», esan du esatariak, Nafarroako Antzerki Eskolako aktoreak. Haren hitzen gidaritzapean, plazan bildutakoek olatuaren entsegua egin dute. Ondoren, hiru pertsonak tanta bat izatea zer den azaldu dute. Batetik, Zabaldi elkarteko kide batek datorren asteartetik aurrera espetxeari eta jazarpenari buruz egingo duten dokumental zikloaren berri eman du. Hiru egunez, sei dokumental eskainiko dituzte.

Bigarrenik, Barañaingo kide batek Luis Goñi eta Xabier Sagardoi sakabanatu nahi dituztela ohartarazi du, eta egoera hori salatzeko hilaren 10ean 19:00etan Barañainen egingo duten manifestazioaren berri eman du. Azkenik, Maider Caminos Iruñerriko herri harresiko kideak azpimarratu du duela hiru hilabete Navarreria plazan izandako filosofia bera erabili behar dela euskal presoen eskubideen aldeko aldarrikapenean. «Bilbon ikusiko dugu egungo geldikeria higatzeko gai garela», aldarrikatu du Maider Caminosek

Hitzak amaituta, tanta erraldoi bat irudikatu dute Udaletxe plaza erdian. Ordurako euri jasa erortzen ari zen, baina tantarik handiena eurek osatu dute, eta, adierazi duten bezala, Bilbon egingo denaren entsegu izan da. Amaieran, dantza eta guzti egin dute, euripean.

Hasiera batean, Iruñeko plazara iristeraino hiru zutabe zeuden antolatuak baina debekatu egin zituen Espainiako Gobernu ordezkaritzak. Santo Domingoko aldapan poliziak ekitaldira begira egon arren, ez da istilurik izan.

Beste hainbat ekitaldi

Iruñekoa ez da mobilizazio bakarra izan. Bilboko olatuaren aurrekari gisa, Zarautzen (Gipuzkoa) agerraldi bat egin da Udaletxe plazan eta bertan ere ehunka pertsona bildu ziren. Iruñean bezala, tanta erraldoia osatu dute. Aulestin (Bizkaia) ere izan da mobilizazioa eta Hernanin (Gipuzkoa) Tanta Blai jaialdia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.