Abortatzeko eskubidea. Manifestazioa Iruñean

«Erabakia gurea da»

Haurrak noiz eta nola izan erabakitzeko eta emakumeak bere gorputzarekin nahi duena egiteko aukera eta eskubidea izateko eskatu dute emakume zein gizonek Iruñean.

Madrilek abortuaren legea aldatzeko aurkeztutako proiektuari ezezko irmoa eman zioten. Erabakia andreena dela nabarmendu zuten. JAGOBA MANTEROLA / ARP.
Iruñea
2014ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Adin eta egoera guztietako emakumeak zein gizonak ibili ziren aldarrika Iruñeko kaleetan, atzo. Guztiak ere ozen mintzatu ziren. Emakumeek beren gorputzarekin nahi dutena erabakitzeko eskubidearen alde etorriak zirela errepikatu zuten behin eta berriro.

«Emakumearen aldeko borroka akuilatzera eta gure eskubideak aldarrikatzera etorri naiz», adierazi zuen Begoña Zabalza 30 urteko iruindarrak, Espainiako Gobernuak abortuaren lege aldaketaren kontra hainbat taldek antolatutako manifestazioaren hasieran. «Gure gorputzarekin nahi duguna egiteko eskubidea dugu. Gurea da erabakia, eta ez beste inorena». Abortuaren legean Alberto Ruiz Gallardon Justizia ministroak iragarritako aldaketak atzerapauso ikaragarria izanen direla iritzi zion. «Atzera goaz. Emakumeak ergelak garela uste dute, eta ez dugula erabakitzeko gaitasunik. Zer egin behar dugun esaten ari zaizkigu, zentzugabea da. XXI. mendean gaude, baina Erdi Arora itzularazi nahi gaituzte».

Gisa berean mintzatu zen Igorretik (Bizkaia) lagunekin etorritako Amaiur Gabiria 23 urteko langabea: «Abortatzeko erabakia gure eskubidea da. Doakoa eta emakume ororentzat behar du izan. Atzera goaz, oso». Gabiria baino gehiago ikusia, Karmele Otxoa 69 urteko iruindarrak ere abortua libre eta doakoa aldarrikatu zuen. «Edozein modutan abortatzeko eskubidea izan behar dugu emakumeok. Emakumearen erabakitzeko eskubidearen alde hamarkadak daramatzagu. Ezin dugu urteetan irabazitako eskubidea orain galdu». Jadanik etxetik kanpo bizi diren seme eta alaba baten ama, ohartarazi zuen inori ezin zaiola ukatu bizitza nahieran antolatzeko eskubidea. «Nik ez dut haur gehiago ekarriko ez abortatuko, baina atzetik datozenei ezin zaie inposaketarik jarri».

Atzera begira jarri zen Maite Goñi 64 urteko iruindarra ere. Senarrarekin eta lagun batzuekin joan zen manifestaziora. «Duela 40 urte gauza bera aldarrikatzen ari ginen. Faxismo garai batetik gentozen, eta normala iruditzen zitzaigun, baina, egun, atzerapauso ikaragarria da».

Leire Gomez Bilboko lesbianen taldeak antolatutako hiru autobusetako batean etorri zen. «Guztiz erasokorra da emakumearekiko. Gure gorputzaren inguruan guk erabakitzen dugu. Zelan inposatuko digute politikariek gure gorputzean zer egin? Erabakia gurea da, ez beste inorena».

Amonaren esana

Itziar Urkola eta Elisabete Arriba tolosar gazteek azken horren amonaren esanak izan zituzten gogoan: «Amonak esaten zigun haurdun geldituz gero Frantziara joango ginela abortatzera, eta horretara bueltatuko gara. Atzera goaz, eta erabakitzeko askatasuna kendu nahi digute».

«Inork ezin digu esan noiz eta nola izan behar dugun emakume eta ama», adierazi zuen Ainara Etallo 36 urteko iruindarrak, Iraia zortzi hilabeteko alaba besoetan zuela. «Ama ezkongabea naiz, eta nire bizitzarekin eta gorputzarekin nahi dudana egiteko eskubidea dut. Intseminazio artifiziala egin dut, eta nik erabaki dut noiz eta nola izan haurra».

Emakumeen kontrako eskubideetan «beste eraso bat» dela aipatu zuen Barañaingo (Nafarroa) Aitziber Larreak. «Hainbat eskubidetan atzera goaz. Hau beste eraso bat da».

Manifestarien artean gizonezkoak ere ugari ziren. «Gizarte osoak egon beharko luke hemen. Gizon zein emakumeei eragiten dien zerbait da. Babesa eman behar diegu. 50 urte atzera goaz», salatu zuen Zuhaitz Irañeta 21 urteko iruindarrak. Iritzi berekoa zen Hasier Calvo donostiar gaztea. «Ezin da atzera egin, eta oraingoa, atzerapausoa da emakumeen eskubideetan. Horrelako egoera batean aukeratzeko eskubidea izan nahi nuke». Miguel Iribas erretiroa hartutako iruindarra ere askatasunaren alde mintzatu zen. «Pertsonari askatasuna eman behar zaio zer egin nahi duen erabakitzeko. Inork ezin dio esan emakume bati noiz eta nola izan behar dituen haurrak. Hori bere erabakia da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.