BERRIA berritzen. Badok.info

Badok hamalau

Berritu egin du BERRIA-k 'Badok.info' euskal musikari eskainitako ataria. Datu basea zena musika plataforma eta aldizkaria bilakatu da. Lau zena hamalau da orain. Haren gaineko iritzia eman dute hainbat eragilek.

Ainhoa Sarasola-Ane Urrutikoetxea-Mikel Lizarralde
2014ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Badok.info berrituak euskal musikari eta kulturgintzari egingo dien ekarpena nabarmendu dute hainbat eragilek. Transmisiorako tresna eta ezagutzarako bitarteko izango dela aipatu dute besteak beste BERRIAren inkestari erantzun dioten sortzaile eta eragileek.

RITXI AIZPURU Baga Biga diskoetxea

«Ezinbesteko jostailua da Euskal Herri subjektu politikoaren kudeaketarako»

«Euskal Herriko kulturak Badok.info berriaren bidez euskal musikaren identitatea bultzatu, lanabes bilakatu eta ikusgarriagoa egingo du, hausnarketak eta iritziak partekatzea ekartzeaz gain. Badok.info ezinbesteko jostailua da Euskal Herri subjektu politikoaren kudeaketarako».

INES OSINAGA Gose taldeko kidea

«Beharrezkoa da atzoko, gaurko eta biharko musikak jasotzeko»

Primerako egitasmoa iruditzen zait Badok.info. Bazen ordua euskal musikaren eta batik bat euskarazkoaren gaineko informazioa bilduko zuen webgune bat egiteko. Gainera, etorkizunean sarea izango bada gure territorio libreetako bat, beharrezkoa da atzoko, gaurko eta biharko musikak eta artistak jasoko dituen txoko bat izatea. Euskalgintzarentzat, kulturgintzarentzat, musikarentzat oso garrantzitsua izango da. Nik dezentetan jo izan dut orain arte ere Badok-era. Bai pertsonalki, kontsultaren bat egitera, eta bai musikari gisa, besteen berri izatea inportantea delako. Gainera, irakaskuntzan aritzen naiz, eta horretarako ere oso webgune inportantea da. Oso garrantzitsua da euskal musikaren geroa ziurtatzeko plataforma bat izatea.

JUAN KRUZ IGERABIDE Mikel Laboa katedra

«Izugarri interesgarria iruditzen zaigu aukera izatea lankidetza bat egiteko»

«Halako atari batek kulturari, batez ere musika kulturari, bultzada handi bat emateko aukera eskaintzen du, eta alde horretatik, Mikel Laboa katedra gisa, badugu baita ere bertako proiektu txiki batean parte, eta oso proiektu interesgarria iruditzen zaigu; Jon Eskisabelek zuzendua, ehun disko aztertuko dira eta atari horren zati izango da, eta baita ere katedraren atariaren zati».

IMANOL UBEDA Bide Ertzean

«Oso inportantea da 'Badok.info', erreferentzia bat»

«Erreferentziazko webgune bat da, askotan bisitatzen dudana. Iruditzen zait gaur egun oso inportantea dela ondarea zaintzea, dena delako ondarea, eta bereziki ondare kulturala, eta horren barruan musikaren arloari dagokion ondare hori oso ondo jasotzen du Badok.info-k. Nik maiz bilatzen ditut antigoaleko erreferentziak, dela kantari edo dela talde baten inguruko informazioa edo diskografia edo kanturen baten xerka; alde horretatik, oso inportantea da Badok.info, erreferentzia bat da, eta ez dut parekorik topatzen. Alde horretatik, oso inportantea da egin den apustua; gauzak etengabe berritu beharra daude, garai berrietara egokitu, eta iruditzen zait oso apustu ederra dela Badok.info garai berrietara egokitzeko egin den ahalegina».

XABI SAN SEBASTIAN Musikaria

«Hor dago entziklopedia baten moduan, eta hori beti da interesgarria»

«Interesgarria da, bai informazioa topatzeko, bai gure lanaren zabalkuntzarako, eta gauzak kontsultatzeko; ni horren zalea naiz, taldeen nondik norakoak jakitekoa. Hor dago entziklopedia baten moduan, eta hori beti da interesgarria. Gainera, webgune berrituak kantu gehiago entzuteko aukera eskaintzea ona da. Gaur egun gero eta gehiago erabiltzen da Internet musika entzuteko, denok erabiltzen dugu, eta oso baliagarria da; gure musika hor baldin badago, nolabait zentralizatuta, dena batera, uste dut ondo egongo dela».

JOSEBA IRAZOKI Musikaria

«Antzeko atariak badaude, baina 'Badok' euskal kantuekin osatutako lehena izango da»

«Beste herrialdeetan badaude antzeko atariak, esate baterako Spotify, baina euskal kantuak entzungai izango dituen lehen ataria izango da Badok, eta hori eskertzekoa da. Alde batetik, oso beharrezkoa iruditzen zait jada salgai ez dauden grabazioen artxiboa sortzea, lan ederra egin dute sare hori sortzen; baina Badok ez da soilik artxibo bat izango, musikariontzat tresna baliagarria ere izango da. Berrikuntza moduan oso erabilgarria iruditzen zait webgunea abesti berrien erakusleiho izatea, eta berritasun horrek sustapenean laguntzea. Entzuleengana iristeko, gaur egun bide guztiak dira beharrezkoak.

JOSEBA TAPIA Musikaria

«Beharrezkoa genuen gunea da 'Badok' eta erreferentzia bihurtzeko osagaiak ditu»

«Beharrezkoa genuen gune bat da Badok. Gure gremioa horrela delako, behar dugu errolda bat, euskal kantuaren kontakizun bat. Badok-ek erreferentziazko gune bihurtzeko osagai guztiak ditu. Ez zegoen ezer. Hau hastapen bat da, osatuz joan beharko duena. Baina bakarra da eta ezinbesteko erreferentzia bihurtuko da. BERRIAri eskerrak eman behar dizkiogu».

AIORA RENTERIA Zea Mays taldeko abeslaria

«Sustatzeko leku ezinbestekoa da 'Badok'»

«Musikak eta kulturak beti behar izango dute babesa zabaltzeko, ezagutzera emateko; beraz, ideia izugarria iruditzen zait. Internetek ematen dituen aukera guztiak baliatzeko era oso ona da. Artxibo izugarria da; beraz, euskal taldeei buruz norbaitek zerbait behar badu, hor izango du eskura. Bestalde, sustatzeko leku ezinbestekoa da, egiten dugun lana zabaltzeko eta taldeak ezagutzeko, kontaktuan jartzeko».

MIKEL URDANGARIN Musikaria

«'Badok' izan daiteke musikan gabiltzanok falta dugun sare horren parte oso inportantea»

«Sekulako ekarpena egiten dio euskal musikari. Lehenagoko Badok-ek ere bai, baina hau beteagoa da. Askotan sumatzen dut musikan gabiltzanok halako sare falta bat daukagula, gure lanbidetik, musikatik harago doan hezurdura falta bat daukagula, eta hezurdura edo sare horren parte oso inportantea izan daiteke Badok. Ekarpen garrantzitsua iruditzen zait, lehenik eta behin garrantzia ematen diolako geure munduari; lehen agian ahotan, buruan, pentsamenduetan, gogoetetan egon daitekeen sentipen edo pentsamendu bat gauzatzen delako, solidifikatu egiten da lehenago asmo edo pentsamendu bat zena».

AGUXTIN ALKHAT Kantaria

«Musika egiten dugunok ongi dakigu zein zaila den gure lana ezagutaraztea»

«Badok.info behar-beharrezkoa da euskal musikaren interesa duten guztientzat. Musika sortzaile eta entzuleen arteko lotura sendotzeko ezinbesteko zubia... Geroan garrantzi handia hartuko du, dudarik gabe. Entzuleei talde edo bakarlari askoz gehiago ezagutzeko aukera eskaintzen die. Musika sortzen dugunok ongi dakigu zein zaila den gure lana ezagutaraztea, nahiz eta herri txiki batean bizi. Atal digital honetan sartu orduko, nihaurek ezagutzen ez nituen musikari franko ikus-entzun ahal izan ditut... Horrek erakusten du, alde batetik, euskal musikaren aberastasuna, baina, bestetik, agerian jartzen du entzule gisa talde eta bakarlari ospetsuenetarik haratago ezer gutxi dakigula herri honetan dauden kantari eta musikariei buruz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.