Gaixo dauden EPPK-ko presoak (III). Medikuak

Gaixotasunen zulo iluna

«Espetxeak gaixotu egiten du». Aho batez diote gaixo dauden euskal presoen egoeren jarraipena egiten duten medikuek. Eta are larriagoa dena: ez du sendatzen uzten, espetxe sistemak zigortu besterik ez duelako egiten.
Oihana Barrios psikologoa eta Endika Intxausti sendagilea, bere pazienteak sakabanatuta dituzten espetxeak markatuta dituen Espainiako mapa ondoan dutela.
Oihana Barrios psikologoa eta Endika Intxausti sendagilea, bere pazienteak sakabanatuta dituzten espetxeak markatuta dituen Espainiako mapa ondoan dutela. JON URBE / ARGAZKI PRESS

Aitziber Laskibar Lizarribar -

2013ko abuztuak 15
Pentsa 55 urte dituzula eta azken hogei urteetan bakanduta egon zarela. Pentsa bakanduta egonda ziegatik ordubetez irteten zarela egunean; bi orduz, asko jota». Bakanduta dituzten EPPK-ko dozenaka presok 4 x 2,5 metro inguruko ziega batean ematen dituzte eguneko 23 ordu, egonean, inolako ekintzarik egiteko aukerarik gabe. «Oso zaila duzu ariketa fisikoa egitea», kontatu du euskal presoen egoera gertutik jarraitzen duen Mati Iturralde sendagileak. «Txikiak dira ziegak, eta bertako altzairuak zurrunak dira, mugitu ezin direnak», zehaztu du Itxaso Idoiaga medikuak. Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideen artean, ohikoa da espetxeko kiroldegira joan zein edozein eskulan edo ikastaroetan parte hartzea debekatua izatea. Eremu hertsi eta txikietan egotera zigortzen dituzte, eta erabat mugatuta dute mugimendua. «Hezurretako eta artikulazioetako arazo asko sortzen dira», azaldu du Idoiagak ondorio logiko gisa. «Artrosia 55 urterekin sortzea ohikoa da, baina preso horrek askoz gogorrago jasango du», dio Iturraldek.

Traumatologia arazoek asko egin dute gora euskal presoen artean azken urteetan. Nabarmen larritu dira. Baina ez dira areagotu diren osasun arazo bakarrak. Ikusmen galerak nonahi atzeman dituzte espetxeetan. Gero eta gehiago, gero eta larriagoak. Ia itsu geratzeraino. «Eta kalean itsu bizitzea zaila bada, pentsa espetxean», hausnartu du Endika Intxausti sendagileak.

Adinarekin kataratak izatea ohikoa dela azaldu du Iturraldek 55 urteko pertsonaren adibideari helduta. «Presoen kasuan ere kataratak sortzen dira, baina izugarrizko ikusmen galerekin, erretina askatzeekin... Beste gaixotasun mota batzuekin gertatzen den bezala, horrek badu lotura adinarekin, baina baita kartzelako bizi-baldintzekin ere».

Espetxearen itxitasunak zerikusi zuzena du ezohiko ikusmen galeran. Urteetan urrutira begiratzeko aukerarik ez izateak eta ziegetako iluntasunak. Kasu batzuetan, parean duten harresia soilik ikusten dute presoek urteetan. Bakartze edo zigor ziega batzuetan, leihoak xafla zulatuez estalita dituzte, oso eragin kaltegarria duen diskoteka efektua eragiten dutenak. Presoek kartzelan sartu eta gutxira bizitzen dute espetxeko itsumena gisa ezagutzen den efektua.

Gorreria ere eragiten du presondegiak. Erabateko isiltasunetik zarata handiko patio jendetsura igarotzeak modulazioa galtzera darama. Ez dago erdibiderik; mutur batetik besterako egoerak izaten dituzte etengabe.

Bihotzari ere eragiten dio horrek; tentsio, estres eta beldur etengabean bizitzeak, lasaitasun egoerarik ez izateak. Horra arazo kardio-baskularrak areagotu izanaren arrazoia. Elikadura ez orekatuak, barazki eta fruta eskasak eta frijitu gehiegiek sakondu egiten dute bihotz arazoak izateko arriskua, besteak beste. Digestio gaixotasunak presoek gehien pairatzen duten gaitzen artean daude.

Gaitz fisikoekin batera, psikologikoak modu kezkagarrian areagotu dira azken urteetan, sendagileen arabera. Egun, 110 euskal preso inguruk dituzte gaixotasun fisikoak, eta 40k pairatzen dute gaitz psikologikoren bat. Horietako batzuek gaitza kalean ere izango lukete, horren modu bortitzean izan ez arren, baina, askori, espetxeak berak eragin die gaixotasuna, medikuek ohartarazi dutenez. «Espetxeak gaixotu egiten du».

Adinak ez ezik, espetxean emandako denborak ere pertsonaren osasunean eragin zuzena duela ikusi dute sendagileek. Hamabost urtetik gora kartzelan egoteak osasuna era nabarmenean galtzea dakar; areago, euskal presoei ezartzen zaizkien baldintza gogorrak urteetan luzatzeak. Faktore horiek ere azaltzen dute gaixo dauden presoen kopurua azken urteetan horrenbeste handitu izana. 31 presok 25 urte baino gehiago daramate espetxean, adinean gora doan kolektibo batean. 31 presok 60 urte baino gehiago dituzte, eta horietako lauk, 70etik gora.

Osasun psikologikoari zuzenean egiten diote kalte horren espetxealdi luzeek. Areago, urte horien oinarrian sakabanaketa eta bakartzea izan direnean. «Espetxeak zure mundua goitik behera aldatzen du; harremanak aldatu eta galarazi egiten ditu; zure mundutik urruntzen zaitu, eta errealitatearekin deskonexio bat sortzen dizu; denborak aurrera egin ahala, gero eta gehiago. Espetxean, ezin duzu ezer kontrolatu, ezin duzu erabakirik hartu», azaltzen du arazo psikologiko askoren zergatia Oihana Barrios psikologoak. Kartzelan urte asko daramatenengan sintoma gero eta nabariagoak antzematen ari da.

Dozenaka euskal presori ezarri zaien 197/2006 doktrinak oso modu agerikoan okertu du presoen osasun fisiko eta psikologikoa. «Norberak urteetan landu duen askatasunerako espektatiba erabat puskatzea du», dio Iturraldek. «Aurrera egiteko nork bere buruari muga eta epeak jartzen dizkio: 'Orain ezin dut hau egin, baina laster, kaleratzean, hau egingo dut...'. Zure bizitzarako espektatiba guztiak goitik behera hausten ditu doktrinak, eta oreka emozionalarentzat oso eraso gogorra da», dio sendagileak. «Eraso fisikoa ere bada», jarraitzen du. «Zure gorputza helmuga baterako prestatzen duzu, baina bat-batean, konturatzen zara ez duela ezertarako balio. Ordura arte, eusten egon zara, baina muga hori igarotzean, gorputzak ere gainbehera egiten du».

Beste faktore batek ere preso askoren osasuna kaskartu duela konturatu dira sendagileak: pertsona horiek kartzelan sartu aurretik zituzten aurreikuspenak. «Batzuek, bere bizitzako espektatiban, ez zuten kartzelara joatea espero. ETAko militanteek bazekiten espetxean bukatzeko aukera handiak zituztela, baina erakunde politikoetakoek edo gazte mugimenduetakoek ez zuten espero beren bizitza halakoa izango zela». Denbora gutxiagoan, gaixotasun gehiago izan dituzte.

Ez diagnostiko ez tratamendu

Espetxeetako osasun laguntza txarrak, berriz, alarma guztiak pitzarazten dizkie sendagileei, behin eta berriz. Gaixotasun larriak dituztenen egoerek arrazoizko muga guztiak gainditzen dituztela diote: araudien mugak, osasun arloko kode deontologikoarenak eta «oinarrizko humanitate printzipioarenak», Iturralderen hitzetan. Euskal presoen osasun egoerari jarraipena egiten dien Jaiki Hadi sendagileen elkartearen arabera, hamabost euskal presorentzat bereziki arriskutsua da kartzelan segitzea; dituzten gaixotasun larri eta sendaezinak direla-eta berehala kaleratu behar liratekeela diote, horrela bakarrik jaso ahalko dutelako beharrezko duten tratamendua.

Minbizia duten presoen egoera jarri du adibide Iturraldek. «Ikertuta eta frogatuta dago minbizia gainditzeko gorputzak eta buruak indar guztiak behar dituela gaixotasuna menperatzeko. Edozein sendagilek esango du minbizia oso gaixotasun larria dela, tratamendu zehatz eta zorrotz batekin egin behar zaiola aurre eta oso garrantzitsua dela ingurune afektiboaren babesa».

Kimioterapia, erradioterapia, psikoterapia eta errehabilitazioa behar ditu minbizia duenak. Ospitalean ematen da tratamendua, eta jarraikortasuna ezinbestekoa da. Fisikoki oso erasokorra da prozesua, eta ahultasuna eta ondoeza eragiten du. Tratamendua egunero jaso behar dutenen kasuan ere, espetxera itzultzen dute presoa saio bakoitzaren ondoren. Segurtasunaren izenean, guardia zibilek edo poliziek egiten dituzte garraioak, zaintza handiarekin, eta lotuta. «Horrek berak, ez du gaixotasuna hobetzen laguntzen», dio Iturraldek.

Gertutik jarraitu du Gotzone Lopez de Luzuriagaren kasua. Bularreko minbizia zuen presoak; diagnostiko luze baten ondoren, tratamendua jarri zioten, eta erradioterapia jaso behar zuen. «Egunero joan behar zuen ospitalera erradioterapia jasotzera», kontatu du. «Tratamendua ez zuen ondo egin aste batean ere: egun batean, ez zen agertzen espetxetik ospitalera eraman behar zuen zaintza; hurrengo egunean, berandu iristen zen, eta ospitalean dagoeneko ezin zioten jarri; laugarren egunean, poliziek erradioterapia eremuan sartu nahi zuten eta sendagileek erabakitzen zuten ezin zela saioa horrela eman. Hori izan zen haren egunerokoa. Hiru astean egin behar zen tratamendua bi hilabetez luzatu zen», kexu da.

Intxaustik Ibon Fernandez Iradiren egoera dakar gogora. Esklerosi anizkoitza du; paralisiak eragiten dituen gaitz sendaezina. Sintomen berri duela bi urte eman zuen arren, hasi berri du tratamendua. Utzikeriak eragindako luzapenak sutu egiten du.

Poliki hasi zen gaixotasunaren sintomak jasaten Fernandez Iradi: eskuan mina izaten, hanka txingurritzen; bat batean, hanka mugitu ezinik geratzen zen batzuetan. Zerbait gertatzen zitzaiola eta, sintomen berri eman zuen kartzelan. Frogak egiteko eskatu zuen. Hilek aurrera egin arren, ez zioten inolako frogarik egiten, eta egoera okertuz zihoan. Psikologikoa izango zela esan zioten; artikulazio arazoa zuela, gero; ziatika zela, ondoren. Okerrera nabarmen egiten ari zen, gurpil aulkian geratzeraino. Ez zioten, hala ere, ospitalera frogak egiteko baimenik ematen.

Egoerak larrituta, alde guztietan presio egiten hasi ziren senideak, eta orduan hasi ziren espetxean mugitzen. Ospitalera eraman, frogak egin, eta kexaka hasi zenetik urtebetera jaso zuen diagnostikoa. Tratamenduan hasi arte, beste urtebete igaro zen.

Sendagilearen hitzetan, espetxean ezin du tratamendu egokirik jaso. Gaitzak eta sendagaiek ez diete guztiei berdin eragiten, eta tratamendu desberdinak frogatu behar izaten dira, horiek dituzten eragin kaltegarri eta guzti. Kartzelan ezin dela hori neurtu dio, eta ezinbesteko duen errehabilitazio zehatza ere ezin zaiola eman; bere kasa egin beharreko ariketez gain, aparailu berezien laguntza behar duela.

Aitzol Gogorzaren egoerak ere bereziki kezkatuta du Intxausti. Buruko gaitza du presoak, baina berez horren larria izateko arrazoirik ez zuen gaitza: obsesio konpultsibo nahasmena du, sintoma psikotikoekin nahasten ari zaiona. Hamalau urte darama espetxean, eta duela 8 atzeman zioten gaitza.

Ideia obsesiboak ditu Gogorzak, etengabe errepikatzen zaizkionak. Berez, kontrolpean izan daitekeen gaixotasuna dela dio sendagileak; «kalean egongo balitz, ez genuke nabaritu ere egingo; behin egoera baretuta, agian nahikoa luke hilean behin psikologoarengana joatea». Baina egoerak ihes egin dio espetxean. «Pilota gero eta handiagoa bihurtzen ari da, eta itzulezin bihurtzeko arriskua dauka». Egonkortasuna eta lasaitasuna behar duela dio sendagileak, eta kartzelan ezin duela hori lortu: «Gela itxi batean baldin bazaude 24 orduz pentsatzen, hurrengo 24 orduak pentsatzen, datorren eguna berdin eta hurrena ere bai... Ezin da zurrunbilo horretatik atera».

Okerrera egiten ari da gaixoa, gero eta abiadura handiagoan. Horrek kezkatu du bereziki sendagilea. Bere buruaz beste egiteko arriskua dutenei ezartzen zaien protokoloa ezarrita, beste preso batek lagunduta egoten da eguneko 24 orduak. Eta medikua seguru dago bizia kentzeko aukera burutik pasatzen zaiola. Oraingoz horri gailendu zaiola dio, baina ez daki noiz arte. Eta okertzeak hartu duen abiadura dela eta, laster kaleratu ezean, bere onera etortzea gero eta zailagoa izango dela ohartarazi du.

Are larriagoa da Txus Martinen egoera sendagile guztien hitzetan. Mutur muturrekoa. Eskizofrenia paranoidea du. Paranoia larriak ditu, ahotsak entzuten ditu eta zentzurik gabeko solasaldiak egiten. Bere buruaz beste egiten saiatua da. Gaixotasuna espetxeak berak eragin diola frogatutzat dute sendagileek; jasandako «tratu txarrak» gaixotu zuela. Espetxean izan zuten lehen zortzi urteetan, bakartuta izan zuten. Gauez soinu eta zaratak jartzen zizkioten ziega ondoan, jasangaitza izateraino; paranoiak izaten hasi zen. Ospitalera edo beste lekuren batera eramaten zutenean, eskuak eta oinak lotuta, eta ahokoa jarrita izaten zuten.

Bost urtean ez zioten lagunen bisitarik baimendu. Senide zuzenen bisita besterik ez zuen izaten, eta ez beti, Frantzian oso urruti baitzuten eta familiari ezinezko egiten baitzitzaion bidaia aldiro egitea. Espetxe horretan, ez zegoen beste euskal presorik, eta ezinezkoa zitzaion inorekin harreman sozialik izatea. Frantsesa ez zuen hitz egiten. Gainera, zazpi urtean bederatzi aldiz aldatu zuten espetxez, psikologoaren hitzetan, «egunerokotasuna eta egokitze prozesua mozteko».

Egun, galduta dago; noraezak ditu eta kideek lagundu behar izaten dute alde batetik bestera joaten. Apenas hitz egiten duen, eta kosta egiten zaio koherentzia mantentzea. Ez da ez irakurtzeko ez idazteko gai, ezta elkarrizketa luze bat mantentzeko ere.

Tratamenduarekin ere arazoak dituela salatu du Barriosek. Medikazioa ez diote beti ematen, hori oso arriskutsua dela jakin arren. Psikologoarekiko harremana nabarmen mugatu berri du espetxeak. Gaixoen konfiantzazko medikuek ez dute euskal presoekin zuzenean egoteko aukerarik izaten, segurtasun arrazoiak argudiatuta. Haien osasun egoeren jarraipena egiteko, lagunen bisitak baliatzen dituzte batzuetan, eta idatziz zein senideen bidez izaten dute gaixotasunen garapenaren berri, besteetan.

Martinen egoeraren larritasunak beldurtuta, haren psikologo gisa aritzea baimendu zion Zaballako espetxeak Barriosi. Hamabostean behin harekin zuzenean egoteko aukera zuen, bi orduz. Bi astero, harengana joan, eta gehienez ordubetez egoten ziren, presoa ez baitzen elkarrizketa denbora gehiagoz mantentzeko gai. On egiten zioten aurrez aurreko bisita horiek, baina hori ere moztu du espetxeak. Kristalak banatutako gelan egin behar ditu orain bisitak, gehienez 40 minutuz, eta ondoan funtzionarioak elkarrizketa nola grabatzen duten ikusten dituztela. Alde handia nabaritu du ordutik psikologoak: «asko hoztu da, eta ez du ia hitz egiten». Espetxeetako psikologoa Martinengana maizago joan zedila eskatzeko mobilizatu zenean iritsi zitzaion debekua Barriosi. «Bizpahiru hilean behin pasatzen da espetxeko psikologoa, eta hilean behin behintzat joateko eskaera lantzen hasi ginenean».

BIHAR: Senideak

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna