Patrick Baudouin. Abokatua

«Epaileak badu aski arrazoi euroagindua ez onartzeko»

Nazioarteko Giza Eskubideen Federazioko presidentea da eta abokatu gisa hartu du Jokin Aranalde euskal iheslari politikoaren defentsa.

Jokin Aranalde eta Patrick Baudoin, hilaren 11n, Paueko auzitegiaren aurrealdean. A. RENTERIA.
Aitor Renteria.
Baiona
2013ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Salbuespen legediek norbanakoen giza eskubideak eta askatasuna urratzen dutela dio Patrick Baudouin abokatu eta Nazioarteko Giza Eskubideen Federazioko presidenteak. Jokin Aranalde euskal iheslari politikoaren aurkako euroagindu eskaria ez onartzeko eskatu dio Paueko epaileari, Espainiak torturatzen duelako eta Aranalderen aurkako eskariaren oinarrian arrazoi politikoak daudelako.

Jokin Aranalde euskal iheslari politikoaren defentsa onartu duzu. Parisen egonik, zergatik?

Aspalditik segitzen dut Euskal Herriko gatazka politikoa. Terrorismoaren aurkako borroka argudiatuta, prozedura ugari egin dira Frantzian euskal militanteen aurka. Etengabeko jazarpena pairatu dute, izan dadin Frantzian edo Espainian. 1986an Charles Pasquak abian ezarri zuen legedi antiterorrista gaitzetsi du Giza Eskubideen Nazioarteko Federazioak hastapenetik. Gisa berean, Espainiako legedi antiterrorista gaitzetsi dugu, larriagoa delako oraindik. Salbuespen auzitegiak arruntak dira Espainian, haien esku daude euskal gatazka hunkitzen duten gaiak. Torturaren erabilpena arrunta da Espainian. Torturaren erabilpenak ez du etenik ukan Espainian, Francoren garaitik egundaino. Euskaldunen aurkako euroaginduak hurbiletik segitu izan ditut, bereziki Aurore Martinena. Aranalderen kasuan, Espainiak oinarririk gabeko euroagindua eskatu du, eta naturaltasunez hartu dut haren defentsa, tokiko abokatuekin batera.

Euroagindua norbanakoen askatasunen aurkako tresna dela diozu. Sakon dezakezu ideia horretan?

Euroagindua 2003an sartu zen indarrean, eta geroztik, etengabe salatu dugu horren erabilpena. Euroaginduak estradizioaren prozedura saihesten du, defentsa eskubide guztiak zangopilatuz, norbanakoen askatasuna xehatuz. Estradizioa gauzatzeko prozedura zehatza da. Lehenik eta behin, estradizioa eskatzen duen estatuan eta Frantzian delitu bera zigortzen ote den aztertu behar da onartu aitzin. Eskaria jasaten duen estatuko justiziak aztertu behar du eskaria oinarritua ote den, onartzeko arrazoiak dauden eta eskaria ez den oinarritzen arrazoi politikoetan. Bertze elementu bat, eta Espainiaren kasuan adierazgarria, ezin dela pertsona bat estraditatu giza eskubideak urratzen edo errespetatzen ez dituen herrialde batera. Gauza bera, ez bazaio bermatzen epaiketa justu bat. Euroaginduak hori saihestea ahalbidetzen du, baina guk ez dugu hori onartzen. Babes neurri guztiak saihesten ditu euroaginduak. Prozedura horren bidez ez da aztertzen auziaren muinean dagoen errealitatea.

Zer aztertzen da eta zer egin dezake defentsak?

Schengeneko hitzarmena izenpetu duen estatu bat bada, eskariaren forma baino ez da aztertzen. Alegia, eskarian ongi zehazten diren data, pertsonaren izena eta leporatzen zaion elementua. Lerro gutxitan egiten da eskaria, eta aiseegi onartzen dira eskariak. Begiratzen den bakarra hori da, izenak, datak eta eskaria behar bezala ageri diren. Euskal militanteen kasuan, anitz izan dira Espainiaratuak Frantziak sakonean aztertu gabe eskaria onargarria zen edo ez. Anitzetan, euroaginduak torturen bidez lortutako adierazpenetan oinarritu dira, eta ez da onargarria. Polizia etxean jasotako tratua deitoragarria da anitzetan, eta espetxealdiaren baldintzak, onartezinak. Horregatik pizten du Federazioaren arreta.

Aurore Martinen kasuan Euskal Herrian izan zinen, eta orain, Aranalderekin. Frantziak ez omen du entzun.

Anitz izan ginen Frantzian Aurore Martinen kasua hurbiletik segitu genuenak. Gure sostengu osoa eman genion, eta bat egin haren aldeko agerraldiekin. Martin sostengatu nuen arrazoi berengatik sostengatzen dut Aranalde. Salbuespeneko legedi antiterrorista eta euroagindua borroka politikorako tresnak dira, eta ez da onargarria. Aranalderen kontrako salaketak duela hamar urte pasakoak dira eta argi erakusten dute oinarri politikoa dutela.

Paueko auzitegian konponbiderako aukera aipatu zenuen. Zerikusia izan dezake horrek ebazpenean?

Bi urte igaro dira ETAk armak uzteko erabakia plazaratu zuenetik. Hitza bete du. Konponbiderako prest zegoela adierazi zuen, prest gatazka politikoari aterabidea atzemateko, bizikidetza sustatzeko eta bakea lortzeko. Espainiak ez du hartu ETAk luzatu dion eskua. Horren kontrako seinaleak bideratzen ditu etengabe. Lehen bezala baliatzen du errepresioa militante politikoen kontra. Testuinguru horretan hartu dut Aranalderen defentsa, legedia kritikatzeko, euroagindua salatzeko. Konponbidea eraikitzeko aukerak daude, eta Frantziako justiziak horren alde egin behar du. Ezikusiarenak eginez, gatazkaren arrazoiak sustatu eta bakearen ateak ixten dira. Frantziako justizia ezin da bihurtu torturaren babesle, Madrilek eskatzen dizkion militanteen estradizioak onartuz kasuak aztertu gabe. Torturaren aurkako mezua behin eta berriz gogoratu behar zaie epaileei. Hori egiten dute euskal abokatuek.

Paueko epaileari erran zenion konponbidearen alde egiteko. Nola?

Frantzian, Europan, munduan, norbanakoen askatasunen kontra doazen haizeak dabiltza 2001eko irailaren 11z geroztik. Epaileari gogoratu behar diogu askatasuna eta eskubideak urratzen dituzten jokabideak indartsuak izan arren ez direla bidezkoak eta, duen funtziotik, askatasunen aldeko jarrera indar dezakeela. Epaileak ulertu behar du ezin dela torturaren konplize bihurtu. Militanteen lekukotasunak gogoratu behar dira, Espainia salatzen duten nazioarteko adierazpenak. Auzibidearen oinarrian arrazoi politikoak daudela, eta epaileak gutxi egin dezakeela. Baina epaile batek badu beti zirrikitu bat eskubideen alde egiteko. Bai auzian dagoen mamian, bai lege prozeduran. Berak onartu zuen Aranalderen aurkako eskaria ez zela aski oinarritua eta informazio gehiago eskatu zuen. Ebatzi dezake Espainiaren erantzuna ez dela aski eta ez onartzea.

Martinen kasuan epaileak ez zituen onartu Frantzian egindako agerraldiak. Legearen muga gainditu du Espainiak. Aranalderen kanporatzea ez onartzeko arrazoia izan daiteke?

Sistema baten desbideratzearen adierazpenik garbiena da Martinen kasua. Epaileak onartu ez zituen elementuak ere epaitu nahi dituzte Espainian. Frantzian prentsaurrekoak ematea leporatzen diote, hori ez delarik delitu. Frantziako justiziak adierazi beharko du aski dela. Ez badago epaiketa justu bat izateko aukera, Frantziak ezin ditu kanporatu euskal militanteak. Martinen kasuak frogatu du hori. Paueko epaileak nahiko arrazoi badu esku artean Aranalderen aurkako estradizio eskariari ezezkoa emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.