Europako hauteskundeak. Elkarrizketa. Eider Gardiazabal. PSE-EEko hautagaia

«Ulergarria da etsipena, ez garelako gai izan gure politikak egiteko»

Europan «eskuinak ala ezkerrak» agintzea jokoan dago bozetan, hautagai sozialistaren arabera. Abstentzioaren «beldur» dela aitortu du, horrek eskuinari mesede egingo diolakoan.
JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

Edurne Begiristain -

2014ko maiatzak 16
Gasteizko kaleetan propaganda banatzen aritu da Eider Gardiazabal (Bilbo, 1975), BERRIAri elkarrizketa eskaini aurretik. Europako Parlamentuko lau hormetatik irten eta herritarrekin harremana izatea gustuko duela aitortu du.

Euskal herritarrok zer dugu jokoan maiatzaren 25ean?

Asko dugu jokoan. Beti esaten da hauteskundeak garrantzi handikoak direla, eta Europakoak, noski, ere. Batetik, Europako Batzordeko presidentea aukeratzeko aukera izango dugulako aurreneko aldiz. Eta, bestetik, Europako Parlamentuko gehiengoa zein izango den aukeratuko dugulako. Hau da, jokoan duguna da datozen bost urteetan Europan eskuinak ala ezkerrak agintzea, eta, beraz, Europako bi ereduen artean ere aukeratu beharko dugu.

Eta zer du jokoan PSOEk ?

Alderdi sozialistak jokoan duena da etorkizuna erabakitzeko gaitasuna duen Europako talde baten kide izatea, eta alderdi barruan nahiko indar izatea Europako politiken noranzkoa aldatzeko. Azken batean, alderdioi interesatzen zaigu emaitza jakin batzuk izatea Europako Batasuneko politika ekonomikoak eta sozialak erabakitzeko gaitasuna izateko. Ez da alderdi edo Espainia barruko kontu bat, benetan hau inporta zaigu: zein gehiengo aterako den maiatzaren 25etik.

Zuk mugitzen duzu Europa goiburua aukeratu duzue kanpaina egiteko. Zein mezu helarazi nahi duzue?

Europan erabakitako politika asko ez dira herritarren gustukoak izan, eta gehienen ustea da ezin direla horiek aldatu, erabakiak Troikak eta Europako Batzordeak hartzen dituelako. Guk jendeari ikusarazi nahi diogu politika horiek aldatzea posible dela, eta beraiek Europa mugi dezaketela eta han hartutako erabakiak alda ditzatekeela.

Zeintzuk dira Euskal Herriaren erronkak Europan?

Euskadirentzat funtsezkoak diren zenbait politika erabakitzen dira Europan: arrantza, garraioa, AHTa, industria... Legealdi honetan, adibidez, industria politika harmonizatzeko eskaera egin dugu parlamentuan.

PP eta PSOEren arteko plebiszitu bat dira bozak?

PPrentzat, bai, plebiszitu bat dira. Tira, Europako hauteskunde batzuk dira, baina argi dago Espainian eskuinak irabazten badu horrek indartu egingo dituela Mariano Rajoyren politikak. Beraz, sozialistok nahi dugu hauteskunde hauek Europan ez ezik Espainian ere irabaztea, Rajoyri bere politikak aldatu behar dituela esateko.

Kanpaina honetan PP eta PSOE ez direla gauza bera esaten ari zarete. Zuen hautesleak bizkarra ematearen beldur zarete?

Bai, noski, horren beldur gara; batez ere, ez delako egia, ez garelako gauza bera. Bakoitzaren ibilbidea eta politikak ikusten badira, bai Espainian eta bai Europan, ez dugu gauza bera bultzatzen. Gobernu sozialistekin gizarte arloan aurrerapausoak eman dira, baina PPren menpeko gobernuekin, hori dena suntsituz joan da. Hortaz, agerikoa da ez garela gauza bera. Egia da gizartearen parte batek eta, batez ere, alderdi txiki batzuk interesa dutela PP eta PSOE parekatzeko, ur nahasi horietan botoren bat eskuratu ahal izateko. PPri ere interesatzen zaio mezu hori zabaltzea, ezkerreko jendeak motibazioa galtzea lortzen duelako. PP eta PSOE gauza bera direla dioen mezu horrek sozialiston hautesleak motibazioa galtzea lortzen du, eta, horregatik, gure erantzukizuna da jendeari esatea maiatzaren 25ean ez dadila etxean geratu eskuinak berriro irabaztea ez badu nahi.

Baina aurreko legealdian Europako Parlamentuko bozketen %70ean bat egin duzue PPk eta PSOEk...

Baina bozketa, berez, lanaren azken emaitza izaten da. Europako Parlamentuan talde bakar batek ez du gehiengorik, nahiz eta eskuinak oro har gehiengoa duen, eta, beraz, edozein txosten onartu ahal izateko, beharrezkoa da talde baten baino gehiagoren babesa izatea. Eta, kasu gehienetan, alderdi popularrak eta alderdi sozialistak bat egitea beharrezkoa da. Txosten baten bozketan PPrekin bat egiteak ez du esan nahi PPren jarrera berbera dugunik, bien ikuspuntua erabat desberdina izaten delako. Negoziazioen ondorioz lortzen ditugu akordioak, eta txosten gehienak adostasunez onartzen dira.

Azken bost urteotan eskuinak agintzen du Europan. Zer egin du gaizki ezkerrak eta sozialismoak herritarren babesa galtzeko?

Egindako okerrak ikusteko atzera begiratu beharra dago, arazoaren muina amaitu gabe dagoen Europako proiektuan dagoelako. Ameriketako Estatu Batuek politika keynestarra egiten zuten bitartean, Europako Batasunean austeritate politikak ezarri dira krisialditik ateratzeko. Ordea, argi geratu da murrizketak ezarrita ez garela krisialditik irtengo. Beraz, ezinbestekoa da politiken noranzkoa aldatzea, eta alderdi sozialistak aurrerantzean ere bestelako irtenbideak bilatu beharko ditu.

Baina zerbait gaizki egin duzue herritarren konfiantza galtzeko...

Ezkerreko jendea beti izan da eskumakoa baino askoz ere kritikoagoa, eta krisialdi garaian herritarrek ikusi dute ez garela kapaz izan nahi genituen politika guztiak aurrera eramateko. Neurri batean, ulergarria da herritarrak etsita egotea, ez garelako gai izan gure politikak aurrera eramateko, eskuinak eta eta Merkelek agintzen dutelako Europan.

Europa federala aldarrikatzen duzue. Zer esan nahi du horrek?

Oinarrian da Europako Batasunari eskumenak ematea, hark kudeaketa egokiagoa egin dezan. Aurrerapausoak eman behar ditugu hainbat eskumen Europaren esku uzteko, eta, zenbait kasutan, ikerketan edota hezkuntzan, lankidetza lortzeko Europarekin. Xedea litzateke Ameriketako Estatu Batuak lortzea Europan.

Jauregik esan du Europa eraikitzeko itunak egin behar direla. Norekin egin nahi ditu akordioak PSOEk?

Gure aliatu errazenak Ezkerra Unitaria eta Berdeak dira. Baina gaiaren araberako itunak egin behar ditugu, ez dugu itun ofizial bat. Ahalik eta adostasunik handiena lortzea da gure nahia.

Estatu berriak sortuko dira Europan datozen bost urteetan?

Ezetz uste dut. Europako Batzordeak argi eta garbi esan du: estatu berri bat Europako Batasunetik kanpo legoke. Ez dago interpretaziorako tarterik, ez ñabardurarik.

Eskoziak erabakitzeko eskubideari ateak ireki dizkio, Kataluniak ere, Euskal Herrian eztabaida pil-pilean dago... Herritarren gehiengoaren borondateari mugak jarri al zaizkio?

Europako Batasunean estatu berri baten sortzeari buruzko baldintzak hitzarmenetan jasota daude, eta Europak esana die estatu izan nahi dutenei ilaran jarri beharko dutela; Espainiak horrela egin zuen 1986an, eta Kroaziak ere bai duela gutxi.

Euskal Herriak ez du estatu izateko aukerarik Europan?

Uste dut eztabaida hori ez dagoela mahai gainean une honetan.

Euskarak estatus ofiziala beharko luke Europan?

Uler dezaket euskararentzat estatus bat eskatzea, baina errealistak eta praktikoak izan behar dugu. Gaur egun, Europako Batasunean 24 hizkuntza ofizial daude, eta, horietaz gain, hasi beharko bagina dena eskualde bakoitzeko hizkuntzetara itzultzen, ezinezkoa eta garestiegia litzateke. Justu kontrakoa lortu nahian ari gara orain: itzulpen arazoak konpontzeko, lanerako hizkuntzak murriztea. Niri ez dit axola euskarak beste estatus bat izatea Europan, baina ez dut uste errealista denik; ez naiz kontra agertuko, baina ez zait praktikoa iruditzen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna