Elizaren ondasunak (III). Ikuspegi historikoa

«Gogoratu ezin diren garaietatik»

Elizaren argudioa da betidanik izan direla bereak elizak eta bidezkoa dela bere izenean jartzea. Mikel Sorauren historialariak azaldu du herriek eraiki eta zaindu dituztela. Erakundeek auziaz daukaten «utzikeria» salatu du.

Garikoitz Goikoetxea -

2012ko abuztuak 16
Berbera izan da argudioa kasu guztietan: betidanik, «gogoratu ezin diren garaietatik», Eliza izan dela herrietako eraikin erlijiosoen jabea. Ondasunak bere izenean bidegabe jartzea egotzi dietenei horrela erantzun diete eliz arduradunek. Zehaztasun gehiagorik eman gabe. «Suposizio hutsa da hori; ez dago daturik hori esateko», ohartarazi du Mikel Sorauren historialariak. Denbora darama artxiboetan arakatzen, elizen jabetza norena den argitzeko helburuarekin. Elizaren jarduna salatu du, eta erakundeen jardunik eza ere bai: «Urteetako utzikeriagatik jabetu da Eliza ondasun horietaz. Europan, XIX. mendean bukatu zitzaizkion pribilegio horiek. Hemen, ordea, ez».

Mende luzeetan, harreman estua izan dute Elizak eta erakunde publikoek, eta horrek lausotu egiten du oraingo egoera. Apezpikuen argudio bat horretan oinarritzen da, hain zuzen ere: banaketa egitea zaila dela eta garai haietan guztiak kristauak zirela nabarmendu dute, eta «jainko herriak» eraiki zituela herrietako elizak eta horrelakoak, kristau federako eraiki ere. Ondorioa: Elizarenak direla ondasun horiek.

Soraurenek aitortu du erlazio estua izan dutela Elizak eta herri erakundeek, baina funtzioak banatuta zeudela azaldu du; «administrazio paralelo bat» zen Eliza, haren esanetan. Herrietako eraikin erlijiosoetan ere badauka eragina banaketa horrek —hortik at daude ordena erlijiosoen elizak: «Pertsona jakin batzuek egindakoak ziren; zaindariak ziren»—.

Patronatu partekatua

Herrietako elizetan, patronatuak agintzen zuen. Han bat egiten zuten Elizako ordezkariek eta herri agintariek. «Patronatu partekatua zeukaten ia herri guztietan: aginte zibilak (gehienetan, udalak) eta Elizak parte hartzen zuten». Biak ziren kide, baina zeregin ezberdinak zituzten. «Alor zibilari zegokion alde materiala. Eliza bat eraiki edo berritu behar zenean, nork egiten zuen? Iturria jartzeko bezala, herriak. Eliza herriko ekipamendu bat zen». Beste funtzio batzuk ere bai baitzituzten elizek; bilera toki ziren. Hara: Gipuzkoako Batzar Nagusiek Getariako Salbatore Donearen elizan egin zuten lehen bilera, 1397an.

Horrenbestez, zein zen apaizen eta gotzainen zeregina patronatu horietan? Sorauren: «Gotzainak bazeukan zeresana, baina soil-soilik fede eta diziplina kontuetan. Adibide baterako: eskola bateko zuzendaria da ikastetxearen jabea? Ez. Berdin-berdin elizetan ere: inoiz ez dira jabe elizgizonak».

Herri ordezkariek kontu materialetan zuten agintearen erakusle, Soraurenek azaldu du Elizarentzako zerga zenbait herri agintariek kudeatzen zituztela. Obrak pagatzeko izaten zen primizien zati bat. «Maiz, herriek eskua sartzen zuten hor, beharrei erantzuteko». Litekeena zen udalak ez izatea dirurik. «Otsagabian gertatu zen: patronatuak 500 erregu gari eman zizkion maileguan herriari. Bi aldeetan pertsona berberek sinatu zuten mailegua; emaileak eta hartzaileak berberak ziren».

Europa gehienean eteten joan ziren Elizaren eta herri erakundeen arteko harremanak. «Estatu gehienetan, iraultzekin batera, bertan behera geratu zen Elizak botere politiko gisa zuen lekua; talde pribatutzat geratu zen». Era diferenteetan egin zuten herrialdez herrialde. «Frantziak, adibidez, esan zuen ondasun nazionalak zirela elizak, eta gobernuaren esku jarri zituen». Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako kasua da hori. Sorauren ez dago ados horrekin, hala ere: «Publikoak bai, baina udalenak behar dute izan, haiek egin zituztenez gero».

Espainian eta Hego Euskal Herrian ez da horrelakorik. «Mordoilo izugarriak daude». Izan dira desamortizazio planak, Elizaren ondasunak esku publikoetan uzteko. «Baina penagarriak izan dira guztiak». Herrietako elizak prozesu haietatik kanpo geratu ziren, «publikoak zirela uste zuten eta». Porrot eginda, urte atzerakoietan boterea eskuratu zuen berriro ere Elizak. «Eta horrela gaude: erregimen zaharrean baino botere gehiago du orain. Orduan ezin zezakeen elizarik saldu inolaz ere».

Bihar: Herriz herriko gorabeherak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna