Enbor bereko ezpalak

EAJren EBBko presidente berria aukeratuko dute bihar, eta aurreikuspen guztien arabera, Andoni Ortuzar BBBko burua izango da Urkulluren ordezkoa.

jokin sagarzazu
2013ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Iñigo Urkullurekin abiatutako zikloa sendotuko du bihar EAJk, aurreikuspen guztiak betetzen badira, Andoni Ortuzar EBB Euzkadi Buru Batzarreko presidente izendatzen badute. Hala bada, presidente bizkaitarra izango du berriz ere Euskal Herriko alderdi bizkaitarrenak. Jatorriz eta joeraz bizkaitarrak izango dira EBBko presidentea eta Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, alderdiaren historian aurreneko aldiz.

Frankismoaren ostean EAJ legeztatu zutenetik, eta 2007an Urkullu presidentetzara iritsi aurretik, alderdia zuzendu zuten guztiak nafarrak eta gipuzkoarrak izan ziren, baina beti Bizkaiko egituraren onespenarekin hautatu zituzten. Carlos Garaikoetxea iruindarra (1977-79), Xabier Arzalluz azkoitiarra (1979-84 eta 1986-2004), Roman Sudupe azkoitiarra (1984-85), Jesus Insausti Uzturre tolosarra (1985-86) eta Josu Jon Imaz zumarragarra (2004-2007).

Herrialdeen arteko desorekek pisu berezia izan dute beti EAJn, baina oreka bilatze horretan Bizkaiko egiturak izan du eraginik handiena. Bizkaian nork agindu, haien esku alderdiaren bidea. Hala gertatu zen Juan Ajuriagerra, Xabier Arzalluz eta Luis Mari Retolazaren garaian, eta, gerora, Javier Atutxa eta Iñigo Urkullu eta bere belaunaldikoekin. Arrazoi objektiboak daude horren atzean. Han ditu afiliatu gehien EAJk, eta botere instituzional sendoena ere han izan du eta dauka. Uste zabaldua da nagusitasun hori nabarmenegi ez agertzeko urteetan nahita saihestu izan dutela EBBko burua bizkaitarra izatea. Iritzi horretakoa da Jose Felix Azurmendi EAJren barruko tirabirak sakon aztertu dituen kazetaria.

Azurmendiren arabera, hori gertatu zen 1977an, Carlos Garaikoetxea EBBko presidente hautatu zutenean. Urte batzuk lehenago, 1975. urtean, BBB Bizkai Buru Batzarreko presidente Juan Ajuriagerra buruzagi historikoaren inguruan berrantolatu zen EBB. Ignacio Unzeta kide historikoa izendatu zuten presidente, eta harekin batera gerora alderdia zuzenduko zuten hainbat kide: Xabier Arzalluz, Joseba Azkarraga, Joseba Leizaola, Xabier Agirre, Sabin Zubiri, Gerardo Bujanda, Pello Irujo eta Mikel Isasi.

Garaikoetxea eta Arzalluz

Alderdia kontrolatzeko lehia

1977an berritu zuten EBB, eta Garaikoetxea hautatu zuten presidente, BBBko buru Ajuriagerra eta besteen babesarekin. Nafarra, euskalduna eta gaztea zen Garaikoetxea, eta, beraz, soslai egokia zuen alderdia berritu eta bere eragina zabaltzeko, Nafarroan bereziki.

Garaikoetxearen agintaldian aldaketa nagusia «formetan» izan zela dio Azurmendik, eta ez horrenbeste ideologian, nahiz eta, besteak beste, naziotasunaren ikusmolde esentzialista eta alderdiaren konfesionaltasuna alboratu zituen EAJk. Garai horretan izan ziren tirabirak ere alderdiaren barruan, bereziki, eta hainbat faktoreren eraginez, BBBko buru izandako Anton Ormazaren sektorea — «sabinianoagoa edo ortodoxoagoa»— alderditik kanporatu zutenean. 1978atik, Ajuriagerra hil zenetik, Ormaza zen BBBko burua. Ordurako, baina, belaunaldi gazteak pisua hartzen ari ziren Bizkaiko egituran. Garaikoetxeak bere memoria liburuan azaltzen duenez, Arzalluz ohartua zegoen laster EBBko buruzagitza hutsik geratuko zela Eusko Jaurlaritza sortzear zela eta, eta horren atzean gertatu zen Bizkaiko egitura kontrolatzeko borroka. 1979an izendatu zuten BBBko presidente Arzalluz.

Botere lehia horrek, baina, ez zuen alderdia ahuldu, eta 1980ko bozetan garaipena lortu zuen. Garaikoetxea izendatu zuten Jaurlaritzako lehendakari, eta Arzalluz hautatu zuten haren ordezko EBBn. Ordurako, Arzalluzek bide garrantzitsua zuen egina alderdian—1971tik zen EBBko kide eta 1979tik BBBko buru—. Espainiako Kongresuan diputatu gisa, Espainiako Konstituzioaren eta Gernikako Estatutuaren negoziazioetan parte hartu zuen. Negoziazio horietan hartutako zenbait erabaki ez ziren EBBren eta, bereziki, Garaikoetxearen gustukoak izan; autodeterminazio eskubidearen aurka bozkatu zuenean, kasurako. Eta hor hasi ziren bi politikarien arteko lehen tirabirak. Horiek gogortu egin ziren bata Jaurlaritzako lehendakari izendatu eta bestea EBBko presidente hautatzean. Herri ereduari buruzko ikuspuntu kontrajarriak, alderdi kontrolatzeko borroka... Azurmendiren aburuz, gatazka horren oinarrian ideologiak baino pisu handiagoa izan zuen «pertsonalismoak».

Agintean egon zen bi legealdietan, baina, Garaikoetxeak arazo ugari izan zituen EAJren zuzendaritzarekin. Militanteen babesa zuen arren, Arzalluz hasia zen EAJren barne boterea kontrolatzen, Nafarroako auzian argi geratu zenez. 1983ko bozetan, Arzalluzek itun bat egin zuen APko Miguel Herrero de Miñonekin; Bilboko eta Gasteizko alkatetzen trukean, jeltzaleek UPNko hautagaia babestuko zuten. Alderdikideek uko egin zioten horri, eta NBBko kide guztiak kanporatu zituzten. Hilabete batzuk lehenago utzi zuen Arzalluzek presidente kargua, eta Ingalaterrara joan zen, «distantzia hartzera», Azurmendik dioenez. 1986an itzuli zen, EBBren kontrola ziurtatua eta hausturak erremediorik ez zuenean.

Bi urte horietan, EAJko bi kide «moderatuk» gidatu zuten alderdia: Roman Sudupe eta Jesus Insausti Uzturre historikoak. Suduperen agintaldian etorri zen Garaikoetxearen dimisioa, 1984ko abenduan, Arteako (Bizkaia) batzar famatuan. Han, gerora alderdiaren barruko botere lehian leku garrantzitsua izango zuen pertsona bat azaldu zen: Javier Atutxa, «Bizkaiko belaunaldi berriaren erreferentea izango zena», Azurmendik dioenez.

Imaz eta Urkullu

Belaunaldi berriaren itzala

1986an EA sortu zenerako, Arzalluz EBBko buru zen berriro, eta hausturak eragin zituen zauriak ixteko ardura bere gain hartu zuen. Zatiketak ahul utzi zuen alderdia, eta, hurrengo bozetan, oposiziora joateko zorian ere izan zen. Baina PSErekin akordioa eginda, elkarlan aro luze bati ekin zioten jeltzaleek eta sozialistek, Jose Antonio Ardanza Jaurlaritzan eta Arzalluz EBBn zirela. Arazorik gabe funtzionatu zuen bikoteak, nahiz eta, gerora, Arzalluzek aitortu duen «etsigarria» izan zela garai hura.

Juan Jose Ibarretxerekin ere partekatu zuen boterea Arzalluzek. Bere agintaldian sozialistekin elkarlana amaitu eta aro berri bati ekin zion EAJk. Lizarra-Garaziko Akordioaren garaia zen, eta ilusio handiz sartu zen apustu hartan Arzalluz. «Arzalluzek azkeneko urteetan pentsatzen zuen irteera bat bilatu behar zitzaiola borroka armatuari, eta abertzaleen artean zerbait egin behar zela». Gorka Agirre eta Joseba Egibar ibili ziren ezker abertzalearekin harremanetan, beti haren oniritziarekin. Baina bide horrek porrot egin zuen, eta, horrekin batera, Arzalluzen asmoak.

2004ra arte egon zen EBBren presidentetzan Arzalluz, Josu Jon Imazek haren lekua hartu zuen arte. «Urte horietan, bazirudien hark kontrolatzen zuela alderdia, baina, bitartean, aparatu berriak sortuz joan ziren», dio Azurmendik. Imazek eta Egibarrek parte hartu zuten Arzalluz ordezkatzeko lehian. Biak ala biak ziren Arzalluzen gustukoak, baina, Azurmendik dioenez, Ibarretxeren ondorengo gisa ikusten zuen Imaz, eta EBBko buru Egibar. Ez zen horrela izan. Lehia estu baten ostean, Imaz irten zen garaile. Haren hautagaitza posible izan zen Arzalluzen ondorengoa Egibar izatea eragotzi nahi zutenek bultzatu zutelako, bereziki, azken urteetan alderdiak izandako ibilbidearekin ados ez, eta beste ildo bat nahi zutelako.

Imazen aldekoek BBBn zuten gehiengoa. Garai horretan Bizkaiko egituran indarra hartzen hasiak ziren jobuvi-ak deiturikoak —jóvenes burukides vizcaínos (gazte burukide bizkaitarrak)—. Talde horretan zeuden urteen joan-etorriarekin alderdiaren zama eskuetan izatera iritsi diren batzuk: Iñigo Urkullu, Joseba Aurrekoetxea, Aitor Esteban, Jose Luis Bilbao eta Andoni Ortuzar, adibidez. «Politikari profesionalagoak dira horiek. Sekulako lana egin zuten etxez etxe euren aldeko babesa lortzeko», dio Azurmendik. «Ideologikoki ez dago alde handirik aurrekoekin, baina ezker abertzalea arerio politiko gisa ikusten dute, eta ETAri buruz ez daukate zaharrek duten ikusmolde bera», nabarmendu du.

1996an hasi ziren lekua hartzen alderdiaren egituretan. Urte hartan, Luis Mari Retolaza orduko BBBko buruari aurre egin eta Javier Atutxa bultzatu zuten. Retolazari aurre egitea Arzalluzi aurre egitea bezalakoa zen garai hartan. Baina ez ziren kikildu. Atutxa izendatu zuten BBBko buru, eta hura ordezkatu zuen Urkulluk 2000an. 2007an, berriz, belaunaldi bereko Andoni Ortuzarrek hartu zuen Urkulluren lekua.

Burukide horien babesari esker iritsi zen Imaz EBBren presidentetzara, 2004an. «Imaz babestu zuten pentsatzen zutelako garai horretan Urkullurekin ezin zutela irabazi», dio Azurmendik. Nagusitasun horrek, baina, ez zuen isla zuzenik izan EAJren oinarrietan, ez behintzat Imazen agintaldian. Lidergo argi bat markatu nahi izan zuen hark; bereziki, ETAren jardunaren eta ezker abertzalearen aurka. Garai horretakoak dira, halaber, Espainia «seduzitzeko» proposamenak, eta Loiolako bake negoziazioak. Imazek ez zuen argi ikusten Ibarretxe lehendakariak markatutako bidea, eta grinatsu defendatu zuen berea; horrek, baina, kalte egin zion alderdiaren barne orekari. Azkenean, dimisioa eman zuen. «Bere agintaldian egin zuena ez zen oso ondo ulertu. Arzalluzek kolpea jaso zuen», dio Azurmendik.

Imazen eta Egibarren artean izandako lehiaren zauriak zabalik zeudela, EBBko presidente berria hautatzea egokitu zitzaion EAJri 2007an. Egibarrek lehiatik kanpo utzi zuen bere burua, eta Urkullu aurkeztu zen «adostasuneko» hautagai gisa. Beste behin, BBBko presidentea izendatu zuten EBBko buru. Bere agintaldian Jaurlaritzatik kanpo geratu zen EAJ. Hori, baina, alderdia batzeko erabili zuen Urkulluk. «Belaunaldi horrek lortu du inork espero ez zuena. Lehenengo, Urkullu EBBko presidente izatea, eta gero, lehendakari izatea», dio Azurmendik.

Orain, Urkulluren ordezkoa izendatzeko garaia iritsi zaio EAJri; Azurmendik zalantzarik ez du Ortuzar hautatuko dutela. «Egibar ohartu da bere indarrak nahiko mugatuak daudela eta, badirudi ados jarri direla egin dutena egiteko», dio Azurmendik. EBBk hartuko duen bideari dagokionez, Ortuzarrek Urkulluren bideari jarraituko diola uste du. «Talde berekoak dira, eta tentsio gutxi egongo da bien artean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.