Jule Goikoetxea. Ikerlaria eta EHUko irakaslea

«Estatugintzak ordezkatu behar du naziogintza; bestela, galduta gaude»

Gizarte baten demokratizaziorako beharrezko diren baldintzei buruz egin duen azterketak ondorio argia utzi dio Goikoetxeari: euskal demokratizazioa nahi bada, euskal estatua behar da.

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2014ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Modu pasionatuan azaltzen du Jule Goikoetxeak (Donostia, 1981) Cambridgeko Unibertsitatean egin eta Nationalities Papers aldizkari espezializatuan argitaratu berri duen ikerketa. Kanadan eta Eskozian ere ibilia da azken urteetan ikerlari, eta, gaur egun, EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzietako irakaslea da.

Gizarte bat demokratiko bilakatzeko baldintzei buruzko azterketa egin duzu. Lehenik eta behin, zer da demokrazia?

Demokrazia baino, nahiago dut demokratizazioaz aritu. Demokrazia, printzipioz, herriaren gobernua da. Demos herria da, eta beraz, demo-cracia, herriaren gobernua. Baina guk kontzeptua dinamikoki erabiltzen dugu, bestela, demokrazia badela esaten badugu badirudielako ideal bat lortu dela: hemen demokrazia lortu da, eta kito. Hori ez da horrela. Herriaren gobernua ez da inoiz lortu orain arte. Horregatik erabiltzen dugu demokratizazioa, zeren horrek esaten digu badagoela prozesu bat non joera batzuk dauden herriaren gobernurantz.

Zeintzuk dira demokratizaziorako baldintzak? Sortzeko ez ezik, irauteko beharraz ari zara ikerketan.

Bai. Birsortzeari ematen diot nik inportantzia; denboran eta espazioan mantentzeari. Demokratizazio prozesu bat izateko bi baldintza daude oso oinarrizkoak: baldintza bat da edukitzea erakunde publikoak bere populazioak sortzen dituen aberastasunak eta egiten dituen erlazioak kontrolatzeko ahalmen politikoarekin. Aldi berean, ahalmena behar du erakunde publiko horrek, eta estatua da indar handiena duena. Bestetik, erakunde horrek gai izan behar du, baita ere, populazio horren eskariak egikaritzeko. Baldintza horiek betetzen badira mamitzen da demokratizazioa, orduan lortzen delako berdinketa eta integrazioa gizartean.

Zein da gure egoera?

Hemen daukagun arazoa da ez daukagula estaturik. Horrek esan nahi du dauzkagun erakunde publikoen ahalmen politikoa oso mugatua dela. Gainera, ez da guk mugatutakoa, beste erakunde publiko batzuek mugatutakoa baizik; konkretuki, Espainiako Estatu zentralak, Hego Euskal Herriaren kasuan. Iparraldean ez dute euskal erakunde publikorik; are okerrago daude euskal demokratizazioaren ikuspegitik.

Euskal demokratizazio maila bera dago Hego Euskal Herri osoan?

Interesgarria da diferentzia. EAEn, euskal politikariek, urte askotan EAJk, bultzatu du dinamika bat Espainiako euskal erakunde publikoak erabiltzeko euskal demokratizazio baterako. Nafarroan zer lortu dute 30 urtean? Euskal demokratizazio gutxi. Demokratizazio maila bat lortu dute, noski, Espainian orokorrean bezala, zenbait eremutan, baina espainiar demokratizaziorako bidean, euskal herritarren eskakizunak ez direlako hezurmamitu. Nafar espainiarren eskakizun batzuk egikaritu dira agian, baina ez Nafarroako euskal herritarrenak.

Batzuek esan dezakete Espainiako edo Frantziako demokratizazioa nahikoa zaiela.

Bai, hori da hemen daukagun arazoetariko bat. Gure gatazka politikoa da nik nahi dudala euskal demokratizazio bat eta beste batek nahi duela espainiar demokratizazioa. Horregatik galdetu behar da. Ni ziur nago behintzat EAEn gehiengo handi batek, agian %80ak, esango liokeela baietz euskal demokratizazio bati, ez bada sartzen euskal independentziaren kontzeptua. Euskal estatua nahi duen galderari, berriz, %36 batek esango lioke baietz. Baina gertatzen dena da euskal demokrazia edukitzeko eduki behar dituzula erakunde publikoak ahalmen politikoarekin. Eta, gaur egun, nork du ahalmen politiko gehien? Estatuek. Ez dago munduan erakunde publikorik estatua bezain indartsua denik. Indartsua esaten dudanean, birsorketarako ahalmena edukitzea esan nahi dut.

Zer da birsortzea?

Gizarte zientzietan birsortzea deitzen zaio egoera bati non sozialki eta objektiboki dauden botere harremanak gure mundua ikusteko eran islatzen diren. Hau da, hor kanpoan ikusten duguna gure pertzepzioetan normaltzat hartzen denean, gure sinesmenekin bat egiten duenean. Zergatik da askoz agerikoagoa jendearentzat espainiar nazioa edo frantziar nazioa euskal nazioa baino? Haiek badauzkatelako estatuak. Estatuak egiten duena da objektibatu, erakundetu botere erlazio batzuk. Materializatu egiten du. Nazioak, estatuak, sozialki eraikitako zerbait dira. Ez dira mendiak. Eraikitze hori posible izateko baliabideak behar dituzu, eta estatuak dira indartsuenak. Edozein kasutan, bitxia dirudien arren, gu gara komunitate politiko bat birsortu dena denboran, estaturik gabe.

Nolatan?

Euskal herriko zenbait lurraldetan estatu erakundeak izan ditugulako. Iparraldeak ez du euskal estatu erakunderik; dauka bakarrik frantziar estatu erakundea. Eta zer gertatzen ari da? Euskaldunak desagertzen ari direla. EAEn %70-75ak agerikotzat du euskal nazioa existitzen dela. Bai EAEn bai Nafarroan estatu erakundeak egon dira. Eta EAEn erabili dira, askotan, euskal herritarren eskakizunak aurrera eramateko. EAJk, horren haritik, egin du euskal demokratizazioa: atentzioa ipini eta hezurmamitu ditu eskaera batzuk. Estatu erakundeak izan ditugu, eta erabili ahal izan dira erreproduzitzeko euskal gizartea, ez espainiarra.

Esan duzu %80 egon daitekeela euskal demokratizazio baten alde, baina ez euskal estatu baten alde. Ez da kontraesana?

Hori manipulazio mediatiko eta politikoaren ondorioa da; gauzak argi ez esatearen emaitza. Adibidez, PSEko batzuek, duela gutxira arte gobernuan egon direnek, esan izan dute euskal demokrazia nahi dutela baina ez euskal estatua. Ez dauka zentzurik esateak nahi duzula euskal demokrazia bat Espainiako Estatuarekin. Historiak erakutsi du azken 30 urteetan Espainiako Estatuak ez dituela euskal herritarren eskaerak hezurmamitu. Gertatzen dena da estatuek ikaragarrizko manipulazio mediatikoa egiten dutela eta saiatzen direla bereizten demokrazia eta estatua.

Protesta sozialik gabe ez dagoela gizarte demokratikorik ere badiozu.

Noski! Estatuek ez dizute boterea oparituko. Horrek esan nahi du joera bat lortzeko, berdinketa bat lortzeko, integrazio bat gizartean, gizarteak hori eskatu behar duela. Gizarteak eska dezan berdintzea eta barneratzea, eska dezan gobernua, demokrazia bat, mobilizazioa behar da, protesta, eta eragile sozialak. Bestela, gizarteak ezin ditu artikulatu bere eskakizunak. Lobby-ak ere badira gizarte zibil artikulatua, baina aberatsa. Dirua eta baliabideak dituzte, indarra dute, eta, beraz, erraz daukate eskariak gobernuan sartzen. Baliabiderik ez dutenak, ez. Horregatik diot: gizarteak ez badu protesta egiten, estatua gidatuko da lobby-en bidez. Hori gertatzen ari da Europa osoan: estatua finantza elite eta ekonomikoen esku dago, ez dagoelako gizarte antolaketarik.

Hau guztia esanda, orain zer?

Nik uste dut ezinbestekoa dela euskal estatugintza indartsu bat.

Estatugintzak ordezkatu behar du naziogintza, beraz?

Bai; bestela, galduta gaude. Nazio honek iraun dezan denboran eta demos bat izan dezan, estatugintza egin behar da. Ezin da jarraitu naziogintzaren diskurtsoarekin XVIII. mendean egongo bagina bezala. 'Nazio bat izan nahi dugu Europan', esaten ari da EAJ. Baina Europan ez daude nazioak, estatuak daude! EH Bildu ere diskurtso zaharkituekin ari da. EAEn eta Nafarroan estatu erakundeak dauzkagu; gure ogasuna ere badugu. Erabil dezagun estatugintzaren diskurtsoa eta jar dezagun mahai gainean, erlazionatuz demokraziarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.