Zigor Etxeburua. Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendaria

«Murrizketek laguntzei gutxi eragin diezaieten saiatuko gara»

Euskara lehentasunezko izatea eta euskaldunen hizkuntz eskubideak bermatzea dira Gipuzkoako Aldundiaren euskara zuzendariaren xedeetako batzuk.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
Donostia
2011ko irailaren 15a
00:00
Entzun
«Hizkuntz normalizazioa lortzen ez den arte, ez da normalizazio politikoa lortuko». Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendari berriaren hitzak dira, Zigor Etxeburuarenak (Donostia, 1970). Kontseiluan eta AEKn lan egin du, eta euskalgintzarekiko harremana «iraunkorra eta lankidetzan oinarritua» izatea nahi du.

Zeintzuk dira datozen lau urteetarako dituzuen asmo eta xedeak?

Lau dira ditugun asmo eta xede nagusiak: foru aldundian euskara lehentasunezko hizkuntza izatea, udalerri euskaldunen garapen iraunkorra bermatzea, lan munduaren euskalduntzean eragiten jarraitzea eta helduen euskalduntzea doan izan dadin pausoak ematea. Azken batean, bat egin nahi dugu herrialdearen errealitate soziolinguistikoarekin. Gipuzkoa lurralde euskalduna da. Hori ez dugu sasi elebitasun batetik egin nahi, euskarari lehentasuna emanez baizik.

Udalerri euskaldunen garapena aipatu duzu xedeen artean. Zein urrats egin nahi dituzue alor horretan?

Udalerri bakoitzaren errealitatea ikusi nahi dugu, eta hortik abiatuta lan egin. Uemarekin batzartu gara dagoeneko, eta elkar ulertzea handia izan da. Uste dugu Uema oso tresna egokia izan daitekeela garapen horretarako. Nahitaezko aliatua izango da. Gero, badaude Uemaren irizpide eta kopuruetan sartzen ez diren herri kozkorrak: Hernani, Zarautz, Arrasate... Horiekin lan espezializatua egin nahi dugu. Badira baita ere horren euskaldunak ez diren tamaina handiko herriak: Irun, Errenteria eta Eibar. Horiei ere erreparatu nahi diegu, behintzat okerrera egin ez dezaten. Bilduk udaletan duen indarra baliatu nahi dugu urratsak egiteko.

Lan munduaren euskalduntzean nola eragin nahi duzue?

Enpresekin edozein kontratu egiterakoan, aldundiak bere praktikak ezarriz hizkuntzaren alorrean. Gainera, bultzatuko ditugu enpresak beren hizkuntz normalizaziorako planak egitera.

Beste asmoetako bat helduen alfabetatzearen doakotasunean pausoak ematea dela azaldu duzu. Nola lortuko duzu hori?

Hori zailagoa da, ez dugulako eskumenik. Baina sektoreko eragileekin batzartuko gara bide horri nola heldu aztertzeko. Egungo krisi garaian are beharrezkoagoa da hori. Onartezina da Argentinan euskara doan ikasi ahal izatea eta hemen ez.

Blanca Urgell Kultura sailburuak iragarria du aurrekontuetan murrizketak izango direla eta ahaleginduko direla euskaltegiek eta euskararen sustapenak izatea jaitsiera txikiena. Aldundiaren kasuan, krisiak nola eragingo dio euskarari bideratutako diruan?

Egia esan, egoerarekin oso kezkatuta gaude. Izan ere, Gipuzkoan krisiaz gain aurreko gobernuek opari pozoitu bat utzi digute: zorra. Horrek kalte handia egingo die gobernu honen lehen urteei. Beraz, murrizketak ziurrenik egongo dira. Hori bai, saiatuko gara murrizketek diru laguntzetan gutxi eragiten. Tokiko hedabideak ere bereziki zaintzen saiatuko gara. Programan jasotzen dugu euskarazko tokiko hedabideei emandako laguntzak lehentasunezkoak direla.

Orain hilabete batzuk euskarazko hedabideek editorial bateratu bat kaleratu zuten, egoeraren larritasuna azalduz eta sektorea estrategikoa dela gogoraraziz. Esan duzunagatik, bat zatozte horrekin.

Bai. Aurreko taldeak abiatu zuen lan bat sektorea elkarlanean jartzera begira, hori bultzatzeari begira. Ildo horri jarraipena eman nahi diogu sektoreko eragileekin.

Zer gertatuko da hedabideetan jartzen duzuen publizitatearekin? Azken urteetan jaitsiera izan da.

Hor ziurrenik ere murrizketak izango dira, batez gure buruaren kanpaina egiteko publizitatea. Hori bai, publizitate instituzionala, ohikoa, demokratizatu nahi dugu. Hau da, ezin dira orain arte lehentasunezko bezeroak izan direnak bere horretan utzi. Gipuzkoako errealitate linguistikoak isla izan behar du nahitaezko publizitate hori jartzerako orduan. Erabiltzen den irizpidea gehien irakurritako egunkariarena bada, bai euskarazkoan bai erdarazkoan maila berean jarri behar da.

Murrizketak aipatu dituzu. Baina aurreko gobernuak dirutza eman zion Realari elastikoetan Gipuzkoa euskararekin bat leloa eramateko. Nola ikusten dituzu halako ekimenak?

Euskara zuzendaritzan lanean ari direnekin hitz egin dut horri buruz, eta eskatu didate garbi uzteko hori ez zela zuzendaritzaren ekimen bat izan. Foru Gobernuak diru bat eman zion Realari, eta baliatu zuen hori leloa jartzeko.

Hortik harago, nola ikusi duzu aurreko gobernuak hizkuntz politikaren alorrean egin duen lana?

Euskara zuzendaritzan dagoen lan taldea bikaina da, eta egin duten lana oso txukuna izan da. Ezarrita dauden marko legalak nahikoak izan daitezke euskalduntze maila jaso bat lortzeko. Baina guk gehiago sakondu nahi dugu horretan, eta euskara lehentasunezkoa izatea bermatu, arauz.Horrela lortuko genuke aldundia gidari, traktore izatea euskaldunen hizkuntz eskubideen bermean, besteak beste.

Izan al duzue harremanik Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako sailburuorde Lurdes Auzmendirekin? Nola ikusten duzue Jaurlaritzaren hizkuntz politika?

Kritikoak gara. Kezkaz ikusten ditugu, adibidez, hiru eleko hizkuntz eredua ezartzea eta kontsumitzaileen hizkuntz eskubideak babesteko araurekin gertatutakoa. Hiru eleko hizkuntz eredu hori ezartzeko erabili duten moldea salagarria da, baita eredua bera ere. Euskarari lehentasuna kentzen dio, jakin arren egun ikasleek ikasketak amaitzen dituztela euskararen halamoduzko ezagutzarekin. Horrez gain, kontsumitzaileen hizkuntz eskubideak bermatzeko lehengo foru araua ez zen bikaina, eta egin dutena da arau horrek bermatzen zuen apurra ezabatzea. Hustu egin dute. Horren aurrean, gure eskumenen barruan dagoen guztia egingo dugu euskarari lehentasuna emateko eta Gipuzkoako euskaldunen hizkuntz eskubideak berma daitezen. Auzmendirekin, berriz, ez dugu hitz egin oraindik.

Euskarabidearekin eta Euskararen Erakunde Publikoarekin ba al duzue harremanik?

Euskararen Erakunde Publikoaren harremana txikia izan da orain arte. Baina badugu interesa harreman hori sustatzeko, batez ere Bidasoaldea Lapurdi alboan dagoelako eta harremana eta elkar eragina handia delako. Beste hainbeste Euskarabidearekin. Baina hor ez dugu itsutu behar. Badakigu UPNren politika zein den.

Euskalgintzarekin nolakoa da harremana? Nolakoa izatea nahi duzu?

Lankidetza nahiko nuke, ni euskalgintzan lanean izan naizen denboran horren falta sumatu izan dudalako. Aliatu gisa baino, aurkari moduan hartu izan dute euskalgintza. Lankidetza hori etengabea izatea nahi dut.

Hemendik lau urtera zer gustatukolitzaizuke ikustea?

Aldundia erabat euskaldunduta egotea. Eta, batez ere, hizkuntz normalizazioaren eta eskubideen gaia agenda politikoan nabarmenago egotea. Hizkuntz normalizazioa lortzen ez bada, ez da normalizazio politikoa lortuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.