Esti Mujika. Independentistak sareko kidea

«Euskal Herrian ere independentzia posible dela ikusten ari gara»

Bihar Martxa Berdea egingo du Independentistak sareak Durangon; ANCko ordezkariak ere etorriko dira Kataluniatik. Horrez gain, argudioen inguruko eztabaida ere sustatu nahi dute.

JAUN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena.
Andoain
2012ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Independentistak sareko kide da Esti Mujika. Buru-belarri dabil bihar Durangon egingo duten Martxa Berdearekin, baina beste egitasmo batzuk ere baditu sareak. Besteak beste, Bagoaz, hamaika arrazoi dauzkagulako liburua ere aurkeztuko dute bihar, Durangon bertan.

Ia hiru urte egin ditu Independentistak sareak. Nola joan da orain arteko bilakaera?

2010ean, sortu ginenean, lehen erronka gisa jarri genuen aberri egun bateratu eta zabal bat antolatzea. Hasieratik, argi genuen sare bat izan nahi genuela, egiturarik gabekoa, eta jendearen parte hartzerik gabe ezin genuela ezer egin. Guk dakigula, sare bat ez da inoiz egon Euskal Herrian, eta jabetzen ginen bidean zailtasun batzuekin topo egingo genuela. Pentsatzen genuen epe batetik aurrera egingo zela ezagun, baina lehen Aberri Egunetik izugarrizko erreferentzia hartu zuen. Hori nabaritu da ondoren. Parte hartze handia eta dinamikoa izaten ari da. Jendeak ekarpenak egiten ditu etxetik, saretik, bileretan parte hartuz... Azkenean, elkartzen gaituenaren inguruan biltzen dugu jendea.

Eztabaidaren erdigunean jarri da independentziaren gaia. Momentu garrantzitsua?

Argi dago gertatzen ari diren mugimenduek laguntzen dutela gaia erdigunean egoten, eta horrek aldeko eta kontrako jarrerak eragiten dituela. Hori da gure funtzioa orain: momentua aprobetxatzea, adostasuna bilatzeko. Gero, eztabaidetatik euskal estatuaren nolakotasunean sartzea, plano estrategiko bat zehazten joatea... Erronkak oso handiak dira, baina egoerak laguntzen du. Epe laburreko helburuetako bat zen independentzia eztabaida politikoan egotea. Nahiko eremu utopiko edo abstraktuan geratzen zen, beti geroko. Orain zentralizatu egin da eztabaida politikoan. Katalunian ari dira, Eskozian..., eta Europak ere pausoak eman beharko ditu horren inguruan.

Nola ikusten duzue Euskal Herria olatu horretan? Aukera badu baldintza horiek aprobetxatzeko?

Gero eta argiago dago independentzia bideragarria dela eta komeni zaigula. Mugimendu horiek eragiten dute, eta krisi ekonomikoak ere izugarrizko eragina du. Sentimenduez aparte, bakoitzak baditu bere arrazoiak, eta, nahiz eta arrazoi ezberdinak egon, bat egiten dute independentziaren inguruan. Zentralitatea hartzeaz gain, hori da Euskal Herrian ikusten dugun beste aurrerapauso bat. Posible dela ikusten ari gara.

Atzean erabakitzeko eskubidea dago. Pausoak eman beharko dira, eta noizbait Europak ere esan beharko du zerbait. Eskoziarena guretzat oso garrantzitsua da, Erresuma Batuak naturaltasunez onartu duelako eskoziarren erabakitzeko eskubidea. Europan izugarrizko desoreka sortzen du, ariketa demokratiko moduan, batzuei uzten zaiena besteei ukatzeak. Katalunian ere pultsu hori dago, eta ildo horretatik dator EPI Europako Independentziaren Aldeko Elkartearen egitasmoa. Sinadura bilketa hori egiteko oso momentu ona dela iruditzen zaigu. 2014rako dago jarria Eskoziako galdeketa, eta bitartean gero eta presentzia handiagoa hartuko du gaiak. Oso garai egokia da, eta guretzat baliagarria izan liteke.

Espainia ez da Erresuma Batua...

Espainian demokraziaren kultura politikoa oso eskasa da. Kostako zaio pausoak ematea, baina Europan egin daitezkeen pausoak oso baliagarriak izan litezke. Espainiak beti saldu nahi izan du garai honetan estatu bat sortzea erokeria dela. Baina argi dago gaur egun estatu bat ez baduzu ez daukazula herri gisa aurrera egiterik.

Harremanak badituzue gainontzeko herriekin?

Batez ere Kataluniarekin. Guk sarearen berri eman genienean, haiek ari ziren urrats batzuk egiten, baina ANC Kataluniako Batzorde Nazionala sortu gabe zuten artean. Nolabait haiek ere parekatzen dute ANC gure sarearekin. Durangon ere izango dira haien ekimenez. Ezinbestekoa da beste herrialde batzuekin harreman estuak izan eta elkarrengandik ikastea.

Bestetik, diasporan ere izan gara. Harrera oso ona izaten ari da sarea, batez ere Hego Amerikan. Ikusten dute sare moduan funtzionatzean beren tokitik parte hartu behar dutela. Azken bidaiaren emaitzak oso positiboak izan dira. Ez gara bakarrik Euskal Herrian gauden herritarrak, Euskal Herria hori baino gehiago da: komunitate bat, mundu guztian dagoena. Hori dinamizatzea ere sarearen helburu bat da, sarea globala baita. Euskal komunitatea munduan kontzeptu hori gero eta gehiago landu behar da. Euskal komunitateak badauzka harremanak munduan, eta hori oso beharrezkoa izango da pauso eraginkorrak ematen hasten garenerako.

Hamaika arrazoi daudela diozue. Bi hitzetan, zergatik independentzia?

Arrazoiak asko dira, eta bakoitzak bereak ditu. Badago sentimendu bat herriarekiko, eta hori oso nabarmena da. Argudioen sakontasunera ez dugu jo; gehiago jo dugu argitasunera. Hizkuntzarena, adibidez, oso nabarmena da. Edozein naziori, munduan izan eta izate hori garatzerako, estatu karneta eskatzen zaio. Gero, esaten dute batzuek gaur egun estatuen kontzeptua gainditua dagoela. Gezurra da, eta gezur hori agertzen da egunero. Selekzioa izateko estatua behar duzu. Euskararen ofizialtasunarekin ere gauza bera. Ez soilik kanpora begira, Euskal Herrian bertan ere ikusten da: estatu bat dago gainetik, eta estatuak inposatzen du bere hizkutza. Horrela joan gaitezke mila arlotara. Ekonomian ere, barne kudeaketa atal batzuk izan ahal dituzu, baina politika ekonomikoak eta estrategia nagusiak kanpotik datoz, estatu batek jartzen ditu. Zoritxarrez, estatu horiek ere gero eta gutxiago; Merkelek inposatzen ditu... baina hori jakinda ere, badaude tarte batzuk. Hori hala bada, izan gaitezen estatu. Bestela...

Eztabaida sustatzeko liburu bat egin duzue. Alde horretatik ari dira egiten beste lan batzuk ere, Estatuari bidea zabaltzen adibidez. Badago hor lan bat egin beharrekoa?

Guk batez ere ikusten genuen lan ideologikorako oso oinarrizko material baten beharra bazegoela, jendea aktibatzeko, eztabaidan sakontzeko. Eta horretarako azaleko arrazoiak agertu behar zirela. Guk gureak ditugun bezala, oso garrantzitsua da ezagutzea jendeak inguruan dituenak. Parte sentitzeko, hasieratik izan behar du jendeak bere arrazoiak emateko aukera. Horregatik aurkeztu genuen egitasmoa ekainean eta aprobetxatu ditugu aukera guztiak: Interneten, bileretan, herrietan... Poltsikoko material bat izan behar du: argia, poteatzen ari zarela eztabaidatzeko balio dizuna, zure argudioak janzteko tresna. Atal batean, aurkako argudioen desmuntatze bat ere egin dugu. Zortzi ilustrazio ere badaude. Dena auzolanean egina izan da, baita itzulpena ere. Gaztelerara itzuli da, eta orain frantsesez ere aterako dugu.

Gero zein asmo duzue horrekin?

Durangon aurkeztu ondoren, aukera eman nahi dugu herrietatik eztabaidak eskatzeko, info@independentistak.net helbidera idatzita. Aprobetxatu nahi dugu sarea elikatzeko, harremanak estutzeko. Eztabaida horiek herrietako jendearekin egin nahi ditugu: eragile edo norbanakoekin, gai batzuekiko interes berezia duen jendearekin... Azken batean material bat da. Landu ahala sortuko da beste batzuetan lantzeko jende berria. Horrela, gure ideia da herrietara, unibertsitateetara, gazte guneetara, lantokietara eta abarrera heltzea. Liburuaren edizio berezi bat ere aterako dugu diasporakoentzat, eta plangintza bat egingo dugu harako ere.

Gehiengo abertzalez osatu da Eusko Legebiltzarra. Lagun dezake horrek?

Laguntzen du. Abertzaletasunaren berpizte horren sentsazioa, edo errealitatea emaitzetan ikusten da. Gu independentziak batzen gaitu; berdin du bakoitzaren ideologia. Ilusio horrek indartzen du gure lan egiteko modua; independentzian sinesten duenari bideak irekitzen zaizkio, eta ematen du babestuagoa dagoela. Baina politikaren beste esparru bat da; ez dugu alderdien joko zelai horretako azterketarikegiten. Beste gauza bat da esatea gehiengo batek independentziaren aldekotasuna erakutsi duela; hori oso positibotzat ikusten dugu.

Auzolan erraldoirako urrats bat egin nahi duzue Martxa Berdearekin...

Jendeak badu kalera ateratzeko beharra. Durango euskal kulturaren zentroa izanik, konstituzioaren eguna eta kalera ateratzeko behar hori egonik, garaia da elkartzeko. Datozen lau urteotako tren hori Euskal Herriak ezin du galdu. 2012 urtea ere oso berezia da guretzat, eta independentista guztioi urtea erakustaldi eder batekin agurtzea tokatzen zaigu. Ikusteko hemen herri bat bizirik dagoela, eta prest gaudela pausoak emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.