Berdintasunaren garaipena

Ehunka pertsona elkarretaratu dira Baionako Herriko Etxearen aitzinean sexu bereko pertsonen arteko ezkontza eskubidea sostengatzeko, ortzadar koloreko banderolaren babesean.

Ortzadar koloreko banderolak agertu zituzten Baionako herriko etxearen aurrean. GAIZKA IROZ.
Aitor Renteria.
Baiona
2013ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Poza, harrotasuna, irmotasuna eta engaiamendua pil-pilean zeuden atzo iluntzean Baionako Herriko Etxearen aitzinean. Sexu bereko pertsonen arteko ezkontza legea ospatzeko bildu ziren, Berdintasunaren Aldeko Kolektiboak deiturik. Dantzak, irriak, besarkadak. Eskubideen aldeko borrokak askotariko taldeak bildu ditu, eta horren lekuko zen Askatasunaren plaza. Aspaldiko militante feministak, CGT edo LABeko militanteak, EHBai-ko hautagai edo militanteak, PSko diputatu eta militanteak, Berdeak, PCFeko militanteak, troskistak. Lesbiana, gay, transexual eta bisexualak biltzen dituen Les Bascos elkarteko kide eta LGTB taldeko presidente ohi Helene Poliartek argiki adierazi zuen ekitaldiko hitzartzean: «Hau ez da garaipen soil bat; sexuen arteko bereizketa saihestuz, denon artean eraiki dugun garaipen kolektiboa izan da, eskubideen aldekoa, egiazko laikotasunaren aldekoa».

Hitza hartu aitzin pozak gainezka zebilen Poliart; lagunak besarkatuz, garaipena ospatuz. Metro gutxira, Mixel Oronoz Euskal Konfederazioko kidea eta apaiza. «Behar dira eskubideak errespetarazi». Suprefetura parean legearen aurkako talde bat bildu zen tenore berean. Azken egunotan egin duten bezala, otoitz egin dute legearen kontra.

Garaipen politikoak ez ditu ezabatu azken aste eta hilabeteetako tentsio eta liskarrak. «Legearen kontrako jarrerek Pandoraren kutxa ireki dute, eta homofobia zabaldu karrikara», erran zuen Poliartek. Zuhurtzia horren jabe zen militante zahar batek hitzak jarri zizkion sentimendu horri. «Erran diegu elkarteko kideei kontuz ibil daitezela, probokazio giroa eraso gisa hel daitekeela edozein mementotan». Beñat Gachen irakaslea da, eta ikasbidaian zegoen ikasleekin. Haren telefono deiak etengabeak izan ziren, mobilizazioaren berri ukaiteko. Mobilizazioa antolatzen aritu izan da borroka hasi zutenetik, eta distantziak ez dio ebatsi plazako poza partekatzea.

Colette Capdevielle Baionako diputatu sozialistak ere pairatu ditu presioak lege proposamena legebiltzarrean zegoen bitartean. «Gutunak, deiak, presioak ukan ditut, baina nire boza ez da aldatu, atxiki behar da». Bokalen egindako mintzaldi batean, legearen kontrakoak joan zitzaizkion, oihuka, Monsieur Capdevielle (Jauna) deituz. Legeak eskubideen berdintasuna bermatzen du, eta, ondorioz, ezkontzan ez du garrantzirik gizona ala emaztea izatea. Berdintasunaren aldeko urrats hori eginez, «generoa» galdu zuela leporatu zioten. Indar kontserbadoreek mobilizaziorako gaitasun handia erakutsi dute.

Homofobiaren aurka

Berdintasunaren aldeko kolektiboan 26 taldek hartu dute parte. Ezkontza eskubidea garaipen bat izan bada ere, oraindik eskubideen aldeko borrokan anitz egiteko dagoela gogorarazi zuten antolatzaileek. Maiatzaren 17an Homofobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna ospatuko dute, eta karia horretara eskatu diete Baionako auzapezari eta kontseiluko kideei herritarrei mintzatu eta homofobiaren aurkako mezu argia zabaltzeko. Bertze alde batetik, Baionako L'Autre Cinema aretoan homofobiaren aurkako mintzaldia antolatu dute, film baten ondotik. Garaipena ez da osoa izan, ernalkuntza lagundua, adibidez, legetik at gelditu delako.

Baina besta giroa zen Baionan, eta elkarrekin ospatzera gomitatu zituzten herritarrak. «Topa egin dezagun, laikotasunaren eta berdintasunaren ildoan urrats garrantzitsua egin dugulako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.