Zirku zaharrari, baldintza berriak

Gran Circo Mundialen urteroko bira abian da Euskal Herrian. Animalia exotikoen ikuskizunak egitarautik kanpo utzi dituzte Gasteizen aurten. Ordea, kilometro gutxira, Bilbon, orain arte bezala jarraituko dute.

Gran Circo Mundialen karpa, Bilboko Etxebarria parkean, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Gasteiz
2013ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Sua darion uztaitik salto egiten duen lehoia, mugimendu trebeak egiten dituen emakumea gainean daraman elefantea eta instrumentuak jotzen dituen tximinoa: desagertzeko bidean dira Euskal Herrian eta Europan dabiltzan zirkuen ikuskizunetan. Ikuskizun horietan animalia exotikoak erabiltzea debekatzen duen ordenantza bat onartu duen azken hiria Gasteiz izan da. Guztira, zazpi udalerrik debekatu dituzte gisa horretako ikuskizunak Euskal Herrian, Europako zenbait hiri erreferentziatzat hartuta. Bilboko jaietan, berriz, animaliak oholtza gainean ikusteko aukera izango dute ikusleek, urtero bezala.

Urte asko daramatza Circo Mundialek Euskal Herrira etortzen, 27 urte inguru bai. Euskal herritarrak zirkuaren «maitale handiak» direla azaldu du Gotik, zirkuko zuzendari artistikoak. Gasteiztarrentzat bukatu dira animalia exotikoen ikuskizunak, baina 60 kilometro eginez gero, haiek ikusteko aukera bada Bilbon. «Animalien ikuskizunak ikusi nahi dituena etor dadila Bilbora», dio Gotik. Herri batetik bestera araudietan dagoen aniztasunaren isla da hori. Bizkaiko hiriburuan, animaliak protagonista dituzten ikuskizun guztiak arauzko dira; bai zezenketak, baita zirkuko ikuskizunak ere. Hala gertatzen da Iruñean ere. Donostian, berriz, zezenketak debekatu zituzten orain urtebete. Hala ere, animalia exotikoekin eginiko ikuskizunak baimenduak daude oraindik. Gasteizen, ordea, zezenketei eustea erabaki dute. Hiri bakoitzak, bere arauak.

Animalien Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren arabera, zirkuek zenbait arau urratzen dituzte. Espezie basatietako animaliek beren ingurune naturalean aske bizitzeko eskubidea dute. Eta haiekin eginiko ikuskizunek animalien duintasuna urratzen dute. «Ausartak izateko garaia da; arazoari aurre egin behar zaio. Ezin dira animalia exotikoen ikuskizunak debekatu eta zezenketak onartu», adierazi du Gasteizko EH Bilduk.

Hala ere, zirkuak enpresa pribatuak diren aldetik, ez dago zirkuak eta haietan antolatzen diren ikuskizunak arautzeko lege zehatzik. Gotiren arabera, zirkuak prestatuta zituen ikuskizunik garrantzitsuenak bertan behera uztea ekarri du Gasteizko araudi berriak. «Hala eta guztiz ere, sarrerak beti bezala saldu ditugu». Harrera ona izan duela eta, Gasteizko jaietan abuztuaren 9 arte luzatu zuen egonaldia zirkuak. Handik Bilbora egin du Gotik bere ikuskizuneko lantaldearekin. Gasteizen ez bezala, animalia exotikoak erabiltzeko aukera izango dute han.

ATEA elkartea, ordea, ez dago eroso egoera horrekin. Elkarte animalistak salaketa igorri berri dio Bilboko Udalari. «Euskal Autonomia Erkidegoan, animalien eskubideak arautzen dituen lege bat dago, baina Bilboko Udalak ez du betetzen», azaldu du ATEA animalien babeserako elkarteak. 1993an sartu zen indarrean lege hori, eta animalien «jokabide naturalak» ez direnak inposatzea debekatzen du, besteak beste. ATEA elkarteari arau hori urratzen duten adibide ugari datozkio burura: «Ez da naturala elefante bat aulki txiki baten gainean dantzatzen aritzea edo gizaki bat hanka batez jasotzea». Bilboko Udalari igorri dion salaketaren bidez, udalak zirkuko ikuskizun bat ikuskatzeko eta baloratzeko eskatu du animalien aldeko elkarteak.

Gasteizen erreferentzia

Gasteizen harturiko erabakia pozez hartu dute animalien eskubideen alde borrokan ari diren elkarteek. Ordenantza berria «aurrerapenaren» adierazle dela uste du elkarteak. Gainera, uste dute Gasteizen sortuko den Animalien Babeserako Kontseiluak gaia «gori-gori» mantentzen lagunduko duela. «Pozik gaude erabakiarekin, baina oraindik kontu asko daude lortzeke», ATEAren arabera. Gasteizko udalbatzak onarturiko ordenantzak ez ditu elkarteak guztiz asebete, zezenketek bere horretan jarraituko dutelako. Kontraesana iruditzen zaie ATEAko kideei.

Eta kontraesana iruditzen zaio Gotiri ere, Gran Circo Mundialeko zuzendariari. Aurtengo Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaietan, ikuskizunek beste bide bat jarraitu dute: supergizona, «laserra eskuekin menderatzen duen gizona» eta Txitxarrin pailazoa eta bere txakurrak izan dira ikuskizunen agendan. Bien bitartean, Ameriketako Estatu Batuetatik ekarritako tigre zuriak, Siberiatik ekarritako gameluak, elefanteak eta beste agertokiaren atzealdean utzi dituzte. «Jendeak animaliengatik galdetu digu, baina hori udalak erantzun beharko lieke, ez guk».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.