Pantxoa Bimboire. MIGeko presidenteordea

«Lurralde gisa agertu behar dugu ekonomia bultzatzeko»

Ipar Euskal Herriko Merkataritza eta Industria Ganbera ere lurralde elkargoaren alde kokatu da. Egitura horretako kideen %86,3 dira instituzioa sortzearen alde.
BOB EDME

Jenofa Berhokoirigoin -

2012ko urriak 10
Pantxoa Bimboirek (Paris, 1950) dio ekonomia arloan hainbat erabaki Pauetik edota Bordeletik hartzeak ez diola erantzuten Ipar Euskal Herriko errealitateari. Besteak beste, horregatik du beharrezkotzat jotzen euskal lurralde elkargo bat sortzea.

Euskal lurralde elkargoaren alde agertu da Merkataritza eta Industria Ganbera (MIG). Nola lortu duzue adostasun hori?

Martxoan edo apirilean gure lehendakari Garreta jaunak hartu zuen hitza Garapen Kontseiluan, errateko lurralde elkargoaren alde zela. Baina jarrera mamitzeko nahia genuen, eta erraten genuen bulegoak, baita kideek ere biltzar nagusiaren bidez, parte hartu behar zutela delibero horretan. Peio Olhagarai zuzendariari txosten bat idaztea galdetu zion Garretak. Bertsio anitz izan dira, eta mamitu dugu testua. Joan den astean bulegoa ados jarri zen testuari begira, eta ostiralean aurkeztu eta sekretu pean bozkatu zen. Hemeretzi alde eta hiru aurka agertu ziren, horrek erran nahi du %86 alde agertu zirela.

Zer dio adosturiko testuak?

Ikusi behar da auzi hori pasionatua dela; beraz, desdramatizatu behar genuela. Nahi genuen xehe-xeheki erran nola trenkatzen ziren eskumenak eta zein harreman mota muntatu behar genuen. Testu horretan agertzen dira bizpahiru printzipio. Batetik, Euskal Herria ez dela uharte bat, eta, beraz, harremanak behar ditugula landestarrekin, Biarnokoekin, eskualdearekin, Frantziarekin, Gipuzkoarekin eta Nafarroarekin. Ipar Euskal Herria ttipia da, eta harreman horiek behar ditugu mamitu, bakarrik ez dezakegulako deus egin. Bigarrenik, ez denez gehiago indarkeriarik, izan eskuin ala ezker, hautetsiek diote euskal lurralde elkargo bat behar dela, Ipar Euskal Herriak geroa bere eskuetan hartzeko. Ez da gehiago abertzaleen eskaera bat, baizik eta arazo orokor eta logiko bat. Testuan azpimarratzen dugu ere departamenduak dituen eskumenak eskuratu nahi ditugula. Gure iduriko, ez da eskumen noblerik eta txarrik. Biarnokoek diote eskumen nobleak nahi ditugula, baina ez: guk eskolak edota bideak kudeatu nahi ditugu ere.

Ekonomia kudeatzeko eskumenak ere galdatzen dituzue.

Bai, hori ere azaltzen dugu testuan. Ekonomia bultzatzeko lurralde gisa agertu behar da. Turismoa edo lurralde marka, adibidez, ezin dira Pauetik kudeatu departamendu guztiarentzat: Ipar Euskal Herrian behar da mamitu. Estrategiei begira ere, normalean eskualdeak du eskumen orokorra, baina guk gure iritzia eman eta negoziatu nahi dugu; Akitaniaren estrategiaren barnean sartzeko, guk nahi genukeen maneran. Hor preseski MIGek badu eginkizun bat betetzeko, aditu gisa ager daitekeelako.

Elkargoak ukan behar lituzkeen eskumenak zehaztu dituzue.

Departamenduaren eskumenez gain, beste batzuk ere izan behar lituzke. Hizkuntza edota mugaz gaindiko eskumen naturalei pentsatzen dugu denok, baina etxebizitza edota lurrari buruzko eskumenak ere behar ditugula diogu. Berez departamendua zatitzen baldin bada, nahi dugu ere naturalki laborantza edota turismoaren arloan ere zatitua izatea.

Onarpen instituzionalik ez ukaiteak zer dakar egunerokoan?

Adibidez, lehen, turismoaren arloan Ipar Euskal Herriarentzat batzorde bat bagenuen, baina orain dena Pauen zentralizatua da. Goazen klusterrarekin hemengo turismoko enpresen dinamizatzen ari gara, eta dirua galdetzen dugularik Pauen, zati bat bakarrik ematen digute, haien lana egiten dugula diote... Gauza bera gertatzen da laborantzan; badakigu biziki ongi zergatik sortu zen EHLG: Pauetik erabaki politika ez da hemengo egokia.

Hego Euskal Herriarekin diren harremanak errazkiago sortuko lirateke lurralde elkargoarekin?

Bistan da, nahi genuke naturalki Ipar Euskal Herriak eskura dezan mugaz gaindiko eskumen hori, eta horrela Akitaniako eragile bat izan dadin. Gauza bera da eskualdeko MIGekin; borroka bat eramaten dugu Ipar Euskal Herriko MIGek eskumen hori lortzeko.

Euskal lurralde elkargoa finantzatzeko moldea ere aipatzen duzue.

Zerga batzuk gehitzea ez du nahi MIGek. Departamenduaren aurrekontua bi zatitan partekatu nahi dugu, beti ahal bezainbat ekonomia eginez. MIGeko batzuk lurralde elkargoaren aurka ziren, pentsatuz zerga gehiago izanen direla, baina ez, horrelakorik ez dugu nahi.

Euskal lurralde elkargoa lortuko ote da? Baikor zara?

Ez dizut erraiten ahal baikor naizela, bakarrik diot ez garela sekula hain hurbil izan. Eskaera hori ez da gehiago abertzaleen arazo soil bat, Euskal Herriko jendeen arazo bat da, eta geroz eta jende gehiago dira inplikatzen. Agertzen da Euskal Herriak bere etorkizuna definitu nahi duela, eta eskaera hori erabat legitimoa da. Gero ez dakit zer gertatuko den, Frantzia jakobinoa delako. Hala ere, ona litzateke urrats hori egitea... Frantziak ere baluke abantaila bat Euskal Herri azkar bat izanez.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna