Maite Asensio Lozano.
Izaskun Landaida. Emakundeko zuzendaria

«Emakumeek eman ahal dutena ez aprobetxatzea gure kalterako izango da»

2013ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Ugaoko alkatetzatik Emakundeko zuzendaritzarako jauzia «ilusio handiz» egiten ari da Izaskun Landaida (Ugao, Bizkaia, 1969). Gizarte Lanean diplomatua da EHU Euskal Herriko Unibertsitatean, Berdintasun Agente masterra du, eta Eudelen ibilia da gizonen eta andreen parekidetasuna jorratzen. Politikan ari diren andrazkoek emakumeen eskubideak bultzatzeko aukera «ezin hobea» dutela uste du, eta prest da talde feministengana hurbiltzeko: «Haien aldarriak entzun, eta erabakiak hartzen dituzten tokietan entzunarazi behar ditugu».

Nola ikusten duzu emakumeen egoera egungo krisiaren abagunean?

Zereginen bereizketa dago, horizontala eta bertikala: emakumeak lan batzuetara bultzatzen ditugu, baina, era berean, ez dira goiko postuetara heltzen. Etxeko ardurak eta lana bateratzeko, malgutasun handiagoa duten lanak aukeratzen dituzte: behin-behineko kontratuetan eta lanaldi partzialetan andreak dira nagusi. EAEn, emakumeen eta gizonen soldaten artean 7.000 euro inguruko aldea dago, eta enpresetako administrazio kontseiluetan andreen presentzia ez da %10era heltzen. Zenbakiek adierazten dute diskriminazioa dagoela, eta krisian, egoera txarrak okerrera egiteko arriskua dago. Baina ezin dugu alde batera utzi gure herriko biztanleriaren erdia: krisi honetan emakumeek eman ahal duten guztia aprobetxatzen ez badugu, gure kalterako izango da.

Uneotako lehentasuna da emakumeen egoera ekonomiko hori zaintzea, gehiago pobretu ez daitezen?

Nik uste dut baietz. Autonomia ekonomikoa edukitzeak urratsak dakartza berdintasunerantz.

Krisiarekin batera kontziliazioa, erantzukidetasuna eta halako kontzeptuak agendatik desagertu ziren. Berreskuratu behar ditugu?

Bai. V. Berdintasun planeko ardatzetako bat erantzukidetasuna izan zen, eta VI. planean mantenduko dugu, beharrezkoa delako: zereginen banaketa egokia egon behar da, eta horretarako heziketan lan egin behar da, etxetik hasita. Egia da hori aldatzen ari dela: gizon batzuek mundu guztiz aberasgarria aurkitu dute seme-alaben zaintzan. Enpresetan ere neurri egokiak egon behar dira erantzukidetasuna bultzatzeko.

Krisiaren lehen sakrifikatuak berdintasun politikak izan dira. Emakunde desagertuko delako zurrumurrua ere zabaldu izan da...

Ez da desagertuko. Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzan kokatuta dago Emakunde; nire ustez, gobernuarentzat berdintasuna gai garrantzitsua dela adierazten du kokapenak. 25 urteotan Emakundek lan handia egin du, baina askotan isilpean geratu da. Gainera, berdintasun faltsuaren irudia dugu: badirudi berdintasuna lortu dela, eta zalantzan jartzen da berdintasun egiturak behar diren, edo Emakunde bera. Oraindik benetako berdintasuna ez dugulako lortu, beharrezkoa da halako erakundeak eta legeak egotea. Egia da legeek bakarrik ez dutela aldaketarik ekarriko, gizartearen inplikazioa behar delako, baina legerik ez badago segur aski aldaketarik ez da bultzatuko. Eta hori da gure erronka handienetakoa: gizarteari adierazi behar diogu berdintasuna lortzeko denon elkarlana behar dela.

25. urteurrena Emakunderen eskumenak berraztertzeko unea da? Adibidez, Berdintasun Sail bat sortzeko aukera hausnartuko duzue?

Ministerio edo sail bat izango balitz, gobernuen uneko erabakien menpe egongo litzateke: haiek ipini edo ken lezakete. Erakunde bat edo institutu bat eraikita dagoenean, kentzea zailagoa da. Emakunde Lehendakaritzan dago, baina hainbat sailetan berdintasun teknikariak daude, Emakunderekin koordinatuta; sail guztietan berdintasunaren alde egiteko aukera ematen du horrek. Orain 25 urte ere eztabaida hori eduki zuten, eta institutua egitea erabaki zuten. Formula egokia izan zen.

Zenbat jaitsiko da Emakunderen aurrekontua? Nondik moztuko duzue?

Buruz ezin dizut esan zenbateko jaitsiera den, baina ez da handia izan. Genero Indarkeriaren Biktimen Arretarako Zuzendaritza Emakundera etorriko da, bere aurrekontuarekin. Gure asmoa da programak eta laguntzak mantentzea, nahiz eta batzuetan banatzeko daukagun dirua egokitu.

Biktimen Zuzendaritzaren eta Emakunderen arteko elkarlanak zeresan handia eman zuen iaz. Uste duzu Emakundek erreferentzia izaera galdu zuela berdintasun politiketan?

Nik uste dut indarkeriaren aurka berdintasunetik lan egin behar dela. Arazoa ezin da bakarrik biktimen segurtasun esparrutik jorratu; hortik ere bai, eta andreei ahalik eta arreta onena eman behar zaie, baina izozmendiaren goiko aldea da. Indarkeriaren aurka, pentsamoldeak eta rolak aldatu behar dira; berdintasunetik lan egin behar dugu, indarkeria delako berdintasun ezaren adierazle latzena.

Non jarri behar dute indarra erakundeek indarkeriaren aurka egiteko?

Arazo konplexua izaki, soluzioa ez da erraza. Nire ustez, behar-beharrezkoa da koordinazioa, arazoari ahalik eta erantzun onena emateko, erantzuna ez dagoelako arlo bakarrean. Segurtasunetik ahalik eta arreta onena eman behar zaie, baina beste esparruek ere koordinatuta egon behar dute: justizia, osasuna, enplegua...

Indarkeria matxistaren aurkako lege aurreproiektuari berriro ekiteko asmorik ba al duzue?

Lege aurreproiektua planteatu zenean, gu ez ginen ados agertu. Orain arazoari aurre egiteko era onena aztertu nahi dugu, baina Berdintasun Legearen barruan jardungo dugu: emakumeen aurkako indarkeriari buruzko ardatza esparru egokia da.

Irungo eta Hondarribiko alardeetan instituzioek sustatzen dute diskriminazioa: andreak onartzen ez dituzten alardeei babes politikoa ematen diete alkateek, Jaurlaritzako alderdikoak izan arren. Noiz arte?

Nik pentsatzen dut tradizioak ezin direla giza eskubideen gainetik egon; beraz, emakumeak berdintasunean alardeetan parte hartzeko aukerarik ez izatea bada tradizio batek giza eskubideak zapaltzea. Kasu honetan, legeekin bakarrik ez da nahikoa. Inplikazio handia beharko da gai hori zuzentzeko. Emakundetik bitartekari lana egiten eta elkarrizketa sustatzen saiatuko gara.

Berdintasun legeek harresi handia dute esparru pribatuan. Legeok zorrozteko, erradikalago bihurtzeko aukera ikusten duzu?

Egokiena litzateke akordio batera heltzea, eta helburu batzuk lortzeko denok elkarlanean jardutea, baina ez dakit enpresak pauso batzuk emateko prest egongo liratekeen. Puntu horretara ez bagara iristen, berdintasuna lortzeko neurriak jarri beharko dira; agian, ez da beste erremediorik geratuko, eta legez derrigortzera heldu beharko gara. Hala ere, kontuan izan behar da legeak egon arren gizartea atzetik ez badoa eraso moduan hartuko dela, eta ez gizartearen onerako neurri moduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.