«Zubia igarotzeko» helburua

Urritik aurrera 'herriko tabernen auzian' eta Segiren aurkakoan epaituko dituztenek aro berrira jauzi egiteko baliatu nahi dute epaiketa. Horretarako herritarren laguntza behar dela eta, hilaren 29an Lekeitiora deitu dituzte.
Espainiako Auzitegi Nazionalak urritik aurrera epaituko dituen Carlos Renedo eta Karmelo Landa.
Espainiako Auzitegi Nazionalak urritik aurrera epaituko dituen Carlos Renedo eta Karmelo Landa. JON HERNAEZ / ARP

Aitziber Laskibar Lizarribar -

2013ko irailak 22
Bi belaunaldi. Bi epaiketa. Leku berean, aste berean hasita, oinarri bertsuen gainean eraikitako auzietan. 76 euskal herritar epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean, lan politikoa egiteagatik ETAko kide izatea egotzita. Segi gazte erakundean jardunda «talde terroristako» kide izatea leporatuta eseriko dituzte akusatuen aulkian 40 gazte urriaren 14tik aurrera. Herriko tabernen auzia gisa ezagutzen den 35/02 sumarioan beste 36, urriaren 17an hasita.

Beraiek nahi ez duten «partida» jokatzera «etsaiaren joko eremura» doazela badakitela dio beste 39 gazterekin batera epaituko duten Carlos Renedok. Sei urteko kartzela zigorra eskatu du fiskalak harentzat, Segiko kide izatea egotzita, eta, orain artean aurretik gertatutakoak ikusita, badaki mehatxua gauza daitekeela. Hala ere, ez du horretan askorik pentsatu nahi. Datozen hileetan bizitza goitik behera aldatu ahal zaiola badaki, erabakiak erabat baldintzatuko duela, eta horrek familiari dakarkionak arduratzen du. Baina «beldurrik» ez duela dio. «Garaian garaikoa bizi behar dugu orain, eta borrokatu».

Lana eta «joko eremua»

Datorrenari begira, «borrokatzearen» garrantzia nabarmendu du Renedok, baina ez epaiketak epaituei ekarriko diena oinarri nagusitzat hartuta. Etorkizunerako igarobidea baldintzatzeko lan egin behar dela dio. Zubia eraiki behar dela, eta bestelako eremu batera igaro. «Baldintza demokratikoak eraiki behar dira». Hortaz, epaiketa bera «ezin» da, haren hitzetan, «lehentasuna» izan, egoera aldatzeko baliabidea baizik.

Euskal Herrian du bere «joko eremua» auzipetuak. Eta helburua argi du: beren aurkako epaiketa «azken epaiketa politikoa» izan dadila. Lana horretarako egin behar dela dio; epaiketa politiko gehiagorik egitea ahalbidetuko ez duen egoera sortzeko, eta Euskal Herrian hasita dagoen «ziklo berria» bururaino eramateko. «Horretara bideratu behar ditugu indarrak». Seguru dago, halere, Espainia bide hori saihesten tematuta dagoela, eta urrian abiatuko diren bi epaiketak horren adibidetzat ditu; prozesua «oztopatzeko» neurritzat.

Baina horren gainetik, euskal gizartearengan esperantza du 30 urteko bilbotarrak. Espainiaren jarrera aldatzeko gai dela uste du, eta horretarako deia egin dio. «Konpromisoa» eskatu du horretarako. Euskal Herrian «elkartasuna historikoa» izan dela, baina badela konpromisora jauzi egiteko garaia. Horixe lortu nahi dute Libre dinamikaren bidez. «Konpromisoa, modu zabalean; bakoitzak hausnartu dezala egoeraren inguruan, eta has dadila txikitik, auzotik edo herritik».

«Lehia» gisa kokatzen ditu epaiketak 35/02 auzian epaituko duten Karmelo Landak. «Arrazoi demokratikoa euskal jendartearen alde dagoela erakusteko lehia» gisa, eta oinarri demokratiko horiek ezartzeko bide gisa. Eta, norgehiagoka hori «irabaziko» dela pentsatzen du. Horretarako ari da lanean azken hilabeteetan. Euskal Herriko alderdi, sindikatu eta gizarte eragile «guztiekin» aurrez aurreko bilerak egiten ari da gainerako auzipetuekin, eta konpromisoak lortzen ari direla azaldu du. Nazioarteari begirako lanketa ere hasia du, eta, aurrera begira, indartu egingo dela iragarri du.

«Disparatea»

Lan nekeza den arren, egoera ikusaraztea ez du horren zailtzat Landak, «disparatea» agerikoa dela uste baitu. Bere kasua du erakusgarri. «Hautetsia nintzelako akusatu ninduten; eta hori ez diot nik; akusaziorako autoak dio. Europarlamentaria nintzen herritarrek horrela hautatuta, eta horregatik epaituko naute». Akusazio horregatik espetxean hirutan egon dela ohartarazi du. «Politika modu publikoan egiteagatik espetxeratzen nauten laugarren aldia litzateke hau».

Duela 11 urte abiatu zuen 35/02 auzia Baltasar Garzon epaileak. Ordukoa ez zen kasualitatea izan, EHUko irakaslearen esanetan, eta oraingoa ere ez. 2002. urtea zen, legez kanporatzeen bidea hasi zenekoa. Eta, Landaren hitzetan, «legez kanporatzeko lehia» zegoen. Espainiako Gobernua ezker abertzalearen alderdiak legez kanpo uzteko bidea egiten ari zen, baina Garzonek lehenago egin zuen bide hori. Ezker abertzaleko 40 lagunen aurka jo zuen. «Zenbaki borobila hartu zuen; inputaziorik gabe ezingo zuela auzibiderik abiatu eta, 40 pertsona aukeratu zituen edonola, irizpiderik gabe, inputatzeko».

40 horietatik 18 hautetsiak ziren. «Nire kasuan, europarlamentaria nintzelako aukeratu ninduten». Landaren hitzetan, «disparatea» egin zuen orduan ere, eta Nazio Batuen Erakundeak Espainia hargatik salatu zuela gogoratu du. «Ez bat, ez bi; Espainiak ni atxilotuta zazpi artikulu urratu zituela ohartarazi zuen».

Garzon «astakeriak» egiten sarri ikusi dugula dio 61 urteko Eako semeak. «Baina horri gaur egun segida ematea, hori da disparate handiena», dio. Eta auzia 11 urtez gordeta izan ondoren epaiketa orain egitea ez du uste kasualitatea denik: «Euskal Herriak fase berri honetan aurrera egiten duen heinean, prozesuak indar hartzen duen neurrian, Espainiako estatuak aurka egingo du».

Horren atzean Espainiaren izaera atzerakoia ikusten du Landak. «Ez du barneratu alderdi guztiek legeztatuta egon behar dutela, eta berriz legez kanporatzeen garaira itzultzeko tentaldia du; ez du bestelako egoera demokratikora jauzi egin nahi». Hortaz, epaituak zigortzen saiatuko dela iruditzen zaio. «Ez da pertsonak zigortzeari begirako neurria izango nagusiki; Euskal Herriaren etorkizuna ukatu nahi dute; hasitako bidea itxi».

Horrek ez du esan nahi akusatuek pertsonalki kalterik izango ez dutenik. Landarentzako, esaterako, hamar urteko espetxe zigorra eskatzen du fiskalak. Dagoeneko, bi urtez izan dute preso auzi horregatik, badaezpadako neurri gisa. Hain zuzen, zigorra 2002tik «indarrean» dagoela nabarmendu du. «Zigorra ez da kartzela soilik;nik eta nire senideek 62.000 euro jarri behar izan genituen epaiketaren zain baldintzapeko askatasun honetan egoteko; urteak daramatzat epaitegian astero sinatzen eta estatutik ezin naiz atera. Zigorra inputatzen zaituzten unetik jasotzen duzu. Eta guztiaren oinarrian dago europarlamentaria nintzela. Hori guztia jasanezina da».

Hargatik uste du bai euskal gizartera bai nazioartera jo beharra dagoela. Hala egiten ari da. «Estatua bakartu behar da eta agerian utzi». Horretarako, Europan zehar bira zabal bat egiteko asmoa iragarri du. «Ondorio argia ateratzeko garaia da: Espainiako estatua ez da demokratikoa».

29an Lekeitiora joateko deia

Euskal Herriari dagokionez, gizarte eragileak astintzeko «serio» ari da auzipetuek osatutako Libre dinamika. Hortik emaitzak espero ditu Landak. Baita herritarrengandik ere. «Konpromisorako jauzia» eskatu die, eta horretarako, hilaren 29an Lekeition antolaturiko Libre Egunera joateko eskatu du. «Konponbiderako zubia igarotzea dago jokoan».

Egun osorako egitarau oparoa prestatu dute gaur zortzi festa giroan egingo duten aldarrikapen egunerako. Haur, gazte zein nagusientzat, askotariko ekitaldiak egongo dira 10:30etik aurrera. «Konpromisoa erakusteko» aukera ere bai. 12:30ean portuan «konpromisoa adierazteko ekitaldi berritzailean» parte hartzeko eskatu dute bereziki, eta epaiketak sortuko dituen gastu izugarriei aurre egiten laguntzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna