Albistea entzun

Ikonoa itzali da, makinak ez

Fagor ixteak ez du etxetresnen hotsa guztiz isildu Euskal Herrian. Bertan sortu eta atzerriko kapitalaren menpe geratu diren beste hainbat enpresa ari dira etxetresnen sektorean.

Joxerra Senar -

2013ko azaroak 22

Fagorrekin euskal industriako ikono bat itzali da, baina makinak ez dira isildu. Arrasateko kooperatiba handia sektorean espezializatuta zegoen erabat, eta Euskal Herriko kapitala zuen, baina horrek ez du esan nahi etxetresnen ekoizle bakarra dela. Hain ezaguna ez bada ere, bere garaian Euskal Herrian hainbat enpresa esanguratsu izan dira sektore horretan. 80ko hamarkadako krisiaren eraginez gehienek atzerriko kapitala duten talde handiagoen eskuetan amaitu bazuten ere, oraindik ere jatorriko fabrikek zutik diraute, eta Otseinen kasuan bezala, jatorriko marka indarrean dago. Izenak ez du izana egiten, baina gutxienez ateak ez ixtea lortu dute. Historikoki garai zailak pasatu izan dituen sektorean, egungo krisia ere erronka itzela da enpresa handi zein txikientzat.

1. BSH Bosch-Siemens

Eredu paradigmatikoa da Bosch Siemens taldea. Mundu osoan 46.000 langile dituen multinazional alemaniarrak Euskal Herrian hiru fabrika ditu, eta operazio zentro bat Uharten (Nafarroa). Lantokiak oso egoera txarrean zeuden erosita beretu zituenean.

Bata Super Ser enpresa zen. 1958an, Orbaizeta sendiak Cordovillan berogailu elektrikoak eta hozkailuak ekoizteko enpresa sortu zuen. Garai onak izan zituen lehen urteetan, eta handitu ahala, beste enpresa batzuk erosi zituen: tartean, Ruiz de Alda sendiak sortutako Agni. Hogei urtean modu iraunkorrean hazi ostean, ordea, 80ko hamarkadako krisiak gogor jo zuen. Kiebra jo zuen, eta Nafarroako Gobernuak etorri behar izan zuen enpresa enblematiko hura erreskatatzera. 1989an, egoera onbideratu ostean, gobernuak saltzeko asmoa azaldu, eta enpresa ezagunek jo zuten enkantera. Azkenik, BSHk garai hartako 5.000 milioi pezetaren truke erosi zuen.

Bestea Union de Fabricantes Electrodomesticos izan zen. 1962an Hego Euskal Herriko hainbat fabrikante bildu, eta urtebete geroago Ufesa sortu zuten. 1987an Portugalera zabaldu zen, eta handik Europako beste hainbat herrialdetara. Haatik, 1998an, arrain handiago batek irentsi zuen: BSHk. Sei urtera itxi zuen Etxarri Aranazko lantokia eta ekoizpenaren zati bat Gasteizko BSH Krainel SA fabrikara bideratu zuen.

Gaur egun BSHk plantxak ekoizten ditu Gasteizen; Ezkirotzen, hozkailuak; eta Lizarran, ontzi garbigailuak eta lehorgailuak. Multinazionala merkatuko liderra da Hego Euskal Herrian eta Espainian, eta Bosch zein Siemens markez gain, Ufesa (etxetresna txikiak), Gaggenau (ostalaritzarako profesionalentzat tresnak), Neff (labe eta sukaldeak), Junker eta Balay markak ekoizten ditu —Super Serren modura Zaragozako enpresa hori erosi zuen 80ko hamarkada amaieran—.

Espainiako merkatua erori ahala etorri dira BSHren arazoak. Ezkirozko plantan, 88 langile kaleratu zituzten 2011. urtean, eta 132 lanegunez produkzioa eteteko behin-behineko erregulazioko espediente a aurkeztu zuen. Haatik, arazoek bere horretan jarraitu zuten, eta produkzioa berriz apalduko zutela iragarri zuen salmentak murriztu ahala. Enpresak arrazoitzen du etxetresnen salmentak %45 murriztu direla krisi hasieratik, eta 1996. urteko neurrira iritsi direla. Hozkailuei dagokienez, 2010etik 2012 amaierara salmentak %18 murriztu ziren, eta ontzi garbigailuei dagokienez, %20.

Iazko udan, Ezkirotzen 178 langile kaleratzeko eta gainerakoei 44 egunez kontratua eteteko beste erregulazio espediente bat aurkeztu zuten. Lizarran, berriz, lanpostuak erdira, 265etik 130era, murriztu ditu enpresak. Merkatuak behera egin arren, oraindik ere liderra zen iragan urtean, eta aurten egoerak hobera egin du. Lan erritmoak handitu egin dira Ezkirotzen azken sei hilabeteetan, eta eskariak handitu ahala, BSHk berriki 32 langile behin-behineko kontratatu ditu. Era berean, iragarri du ez duela oraingoz lan erregulazioko espedienterik aurkeztuko 2014an.

2. Alfa

Unean uneko baldintzetara egokitzen eta bere jarduera dibertsifikatzen jakin duen euskal enpresa horietarikoa da Alfa. 1920an Eibarren sortu zenean, armak ekoizten zituen, baina berehala josteko makinak fabrikatzen hasi zen, Toribio Etxebarriaren gidaritzapean. 80ko hamarkadako krisiak ia-ia hondoratu bazuen ere, industria moldaketak beste sektore batzuetara bideratu zuen. Gaur egun Alfa holding bat da, eta hainbat negozio atal biltzen ditu: hotzeko estanpazioa, mekanizatua, monumentuak egiteko brontze fundizioa...

Negozio atal horietako bat da Alfa Hogar. Webgunean adierazten duenez, fakturazioaren %15eko ekarpena egiten dio taldeari. Etxean erabiltzeko makina bat produktu mota ekoizten dituzte: historikoki Alfa ezagun egin duten josteko makinak eta haurtxoentzako produktu osagarriak, besteak beste. Era berean, hutsean ontziratzeko gailuak, plantxak, xurgagailuak, lurrun ontziak, zukugailuak eta kafeontziak egiten dituzte. Alor horretan, ez da euskal enpresa bakarra. Oñatin sortutako San Ignacio enpresak ere sukalderako kafeontzi eta gailu ugari ekoizten ditu.

3. Solac-Cegasa

Solac ere Eibarren sortu zen, Alfa baino lau urte lehenago, 1916an. Kafe makina industrialak egiten zituzten hasieran, baina 1935etik aurrera, etxetresnetara bideratu zuen bere jarduera. Ezagutzen zuten kafe makinen esparrutik eman zuten jauzia, baina gero plantxak eta txigorgailuak ere egiten zituzten. 2000. urtean, Cegasarekin akordioa lortu zuen bere produktuak merkaturatzeko, eta bost urte geroago beretu zuen talde arabarrak. Gaur egun etxerako makina bat tresna egin arren (ile lehorgailuak, zukugailuak, plantxak, xurgailuak), ia ekoizpen dena Euskal Herritik at egiten du, Asian eta Afrikan.

4. Candy-Hoover

1941ean sortu zen Mayc enpresa Bergaran. Hasieran laneko gailuak fabrikatzen zituzten, baina handik gutxira hasi ziren etxeko tresnak egiten: kafe ehogailuak, irabiagailu elektrikoak eta bizar makinak. Arrakasta izan zuen, eta Fagor sortu aurretik, etxeetarako garbigailu automatikoa egin zuen lehen euskal enpresa izan zen. Otsein marka jarri zion produktu hari. Sektoreko beste enpresa askok bezala 80ko hamarkadan krisi gogorra jasan zuen, eta 1992an, Candy talde italiarrak erosi zuen fabrika.

BSHrekin batera, etxetresnen sektoreko multinazional handia da Candy. Hamar marka biltzen ditu. Ezagunena Hoover da, baina euskal jatorriko Otseinek ere irauten du. Dena den, Euskal Herrian fabrika bakarra du: Bergarakoa. Garbigailuak egin ditu, eta taldea presente dagoen merkatu guztietan saltzen du. Dena den, gogor nozitu du merkatuaren gainbehera. 2007an 400.000 ikuzgailu ekoizten zituen, eta gaur egun, berriz, urtean 135.000 egiten ditu. Fagorren desagerpenak mesede egin diezaioke orain.

5. Jata

Jacinto Alkorta enpresaburuaren izen eta abizenaren hasiera eta amaierari zor dio izena 1943an Eibarren sortutako enpresak. Sorrera bezala, batik bat etxeko tresna txikiak ekoizten ditu. 80ko hamarkadako krisian, familiak negozioa utzi zuen, eta langileek urte batzuek lema hartu arren, hamarkada amaieran Kataluniako sektoreko enpresaburuek erosi zuten eta Jata SA sortu zen. Gaur egun Abadiñon du egoitza nagusia, Zaldibarren beste lantoki bat du eta Tuteran biltegi bat. 2006an, estreinakoz Portugalen bulego bat ireki zuen.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Citiz auto-partekatu kooeratiben sareko auto batzuk. ©Citiz

Auto-partekatu kooperatiba sortuko dute Ipar Euskal Herrian

Iñaki Etxeleku - Iparraldeko Hitza

Nork bere autoa utzi kooperatibako autoak partekatzeko egitasmoa bidean jarri dute lau lapurtarrek. Elkartea udaberrian sortu eta lehen autoak 2023ko martxan nahi dituzte.

Abeltzainen protesta, Bilboko Arriagan. ©Monika del Valle / Foku

Elikagai katearen legea «berehala» aplika dadila eskatu dute nekazariek

Imanol Magro Eizmendi

Prezioen behatokia eta antzeko kontrol tresnak garatzeko galdegin diete euskal administrazioei, Bilbon. Gastuek goraka jarraitzen dutela salatu dute

Turistak Donostiako Parte Zaharrean, udan. ©JUAN HERRERO / EFE

Turismoak oso urruti ditu oraindik pandemia aurreko datuak

Xabier Martin

2021. urteak datu hobeak utzi ditu pandemiaren gordina pilatu zuen urteak baino, 2020ak baino, baina, turista kopuruei dagokienez, heren bat baino gehiago galdu dute Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak 2019arekin alderatuta.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.