Iñaki Martinez Aldanondo. Psikologoa

«Kalamuaren debekuak arduragabekeria sortzen du»

Orain elkarteak gidaliburu bat argitaratu du kalamu kontsumitzaileentzat. Erabilpen orekatuak proposatzen ditu.
JON URBE / ARGAZKI PRESS

Urtzi Urkizu -

2014ko otsailak 12
Cannabis y consumo responsable (Kalamua eta kontsumo arduratsua) liburua idatzi du Iñaki Martinez Aldanondo Orain elkarteko psikologoak (Donostia, 1969). Jendaurreko aurkezpena bihar egingo du, Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean, 19:00etan. Siddi Hiddi erretzaileen santuaren esaldi bati egin dio erreferentzia: «Kalamua sua bezalakoa da: pixka batek bihotza berotzen du, baina gehiegik arima erre egiten du».

Nola egiten da kalamuaren kontsumo arduratsua?

Kontsumo arduratsuak segurua izan behar du. Hau da, erabiltzailearentzat arriskuak eta ondorio txarrak izateko aukerak murriztu egiten ditu segurtasunak. Erabilpen arduratsuan kontsumitzaileak kontrol bat du bere buruarekin eta egiten duen kontsumo motarekin. Kontsumo arduratsuak ez du eragin txarrik osasunean, osasuna hiru mailatan ulertuz: fisikoa, psikologikoa eta soziala. Eta kontsumo arduratsuak ez du eraginik eguneroko eginbeharretan. Beraz, kontsumo horrek ez du eragin kaltegarririk pertsonarengan, ezta ingurukoengan ere.

Orain elkartearekin argitaratu duzun liburuan lan pertsonal bat proposatzen duzu erabiltzailearentzat. Nolakoa da lan hori?

Irizpide orokorrak laburbilduz, erabiltzaileak kontzientzia hartu behar du egiten duen kontsumoaz. Kontsumo horren ezaugarrien arabera, arrisku adierazle batzuk jasotzen ditugu. Arrisku nagusiak zein diren ikusi behar dira. Horiek aintzat hartuz, norbanakoak lan egiten du eragin kaltegarriak gutxiagotzeko edo desagerrarazteko. Hala eta guztiz ere, beti egongo da jendea kontsumo arduratsua egiten ez duena. Pertsona batzuentzat gomendio onena ez kontsumitzea da.

Urteak dira Orainen kontsumo tailerrak egiten dituzuela. Tailer horietako lanak bere isla du liburuan.

Bai, hamalau urte dira kontsumo tailerrak egiten ditugula. Tailer bakoitza ezberdina da, eta ondorio ezberdinak ateratzen dira. Liburuan saiatu gara tailerretatik sortutako hausnarketa batzuk jasotzen. Dena den, erabiltzaile bakoitzaren egoera zein den kontuan izan behar da: batzuk mendekotasunetik gertu daude, beste batzuk hasiberriak dira, eta besteek kontsumo oso arduratsua egiten dute. Denetarik dago tailerretan. Saiatzen gara oso zurrunak ez izaten. Erabiltzaileen kezkei eta eskaerei erantzuten saiatzen gara. Horrela, kontsumoak erabiltzailearen zer behar betetzen dituen ikusten dugu. Kontsumoaren maiztasuna, kontsumo arduratsua edo beste ikuspegi batzuk landu ditzakegu pertsona bakoitzarekin. Funtsean, tailer irekiak egiten ahalegintzen gara.

Kalamuaren erabiltzaileekin lan egiten duten profesionalentzat zer proposatzen du liburuak?

Hasteko, liburuak gomendatzen du egun kontsumitzaileak direnekin lan egitea. Moralak substantzien kontsumoa txartzat jo izan du. Historikoki gure gizartean substantziak erabiltzen dituztenak kondenatu ditugu. Profesionalok iraganean ez dugu lan egin kontsumitzaile aktiboak direnekin, eta haiekin lan egin behar dela planteatzen dugu. Arrisku gutxiko erabilpenak finkatu behar dira, baina ez bakarrik kalamuarekin. Gauza bera proposatu behar da alkoholarentzat, tabakoarentzat edo kafearentzat.

Zer motako diskurtsoak behar dira kalamuaren inguruan?

Orain arteko diskurtsoak apokaliptikoak izan dira. Ez dugu halakorik behar. Diskurtsoak ezin dira hain alarmistak izan, ez direlako jendearengana iristen. Are gutxiago erabiltzaileengana. Jack Herer-en El emperador está desnudo (Enperadorea larrutsik dago) iburuak jasotzen duenez, erabiltzaileak ez dira batere harberak erakunde publikoetako mezuekin. Mezu horietako gehienak kutsatuta daude, moralak kutsatuta.

Zer ondorio ekarri ditu botere politikoak drogen aurka egindako jazarpenak?

Hauts haiek ekarritako lohiak dira oraingo hauek. AEBetatik iritsi diren politikak dira. Gaizkia substantzian jarri dute. Haien arabera, substantzia suntsitu egin behar da, hau paradisu bat izan dadin. 1998an Nazio Batuen Erakundeko zuzendariak esan zuen hamar urtetan droga planetatik desagertuko zela. Ikusten da errealitatetik kanpo zegoela. Boterearen gerra hori ez da batere eraginkorra izan.

Kalamua debekatzeko politikek ez dute eragin mesedegarririk, ezta?

Debeku politikek erabateko porrota ekarri dute. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, adibidez, Europako kontsumo tasa handienetakoa dugu. Erabilera arduratsuaren inguruko kulturarik eza dago, politika horien eraginez. Debekuak arduragabekeria sorrarazten du. Kalamuaren erabilera arautu egin beharko litzateke. Arautze horrek babeslea izan behar du erabiltzaile ahulenentzat: gazteak eta gaixo psikiatrikoak. Kontsumitzaile guztientzat ere babeslea izan behar du legeak. Eta hirugarrenik, gizartearentzat babes- lea behar du izan.

Zer garrantzi ematen diozue kalamu klubei?

Garrantzitsua da haien lana. Substantziaren kalitatearekin arduratzen dira batik bat. Hortaz, kalamua faltsututa dagoen ala ez aztertzen dute. Kontuan izan behar da kalamua legeztatuta ez egoteak faltsutzea dakarrela maiz, baita kriminalizazioa ere. Klubek garrantzia ematen diote jakiteari zer ari den erabiltzailea kontsumitzen. Landare bakoitzak zer onura ekartzen dituen eta zer kontraindikazio dituen begiratzen dute.

Klubak legeztatu beharko lirateke?

Bai. Egokia litzateke, kalamuaren inguruan dagoen nahasmen orokorra galarazteko. Paradoxikoki alkohola eta tabakoaren gisako drogak legezkoak dira, eta hain kaltegarria ez den kalamua gisako droga bat legez kanpokoa. Nahasmenak geldiaraztea eta blokeoa dakar. Inork ez daki gaiari nola heldu. Ordena eta koherentzia jarri behar dira.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna