Armadari laudorio

Espainiako poliziez eta militarrez bete egin da Iruñeko Ziudadela, America 66 erregimentuari buruzko erakusketaren inaugurazio egunean; eztabaida iturri izan da.
Jendea hurbildu zen America 66 erregimentuaren historia azaltzeko paratutako arma eta osagaiak ikustera.
Jendea hurbildu zen America 66 erregimentuaren historia azaltzeko paratutako arma eta osagaiak ikustera. RAUL BOGAJO / ARP

Edurne Elizondo -

2014ko maiatzak 24
Espainiako armada Iruñera etorri da. Intsumisioaren guda galdu zuen hiriburura, alegia. 1990eko hamarkadan, milaka gaztek eman zioten ezezko biribila armadari eta militarismoari. Nafarroan, ia aho batekoa izan zen derrigorrezko zerbitzu militarraren aurkako oihua. Armak hartzeari eta uniformea janzteari uko egin zioten gazte haiek, eta behin baino gehiagotan erakutsi zuten militarren aurkako haien aldarria, Aitzoaingo kuartelean bertan. Intsumisio hitza margotu zuten hango teilatuan. Eta kartzelak ere ez zuen hutsean utzi desobedientzia zibilaren aldeko haien apustua.

Horri buruz, hitzik ez da agertzen Espainiako Defentsa Ministerioak atzo zabaldu America 66 erregimentuari buruzko erakusketan. Ziudadelako Bolborategian, Labean eta Armen Aretoan jarri dute, ekainaren 1a bitarte. Zalaparta handia sortu du erakusketak azken asteotan, batez ere Valdediosko (Villaviciosa kontzejua, Asturias, Espainia) hilketengatik. 1937ko urrian, hamazazpi pertsona hil zituen erregimentu horrek. Medikuak eta erizainak ziren gehienak. Emakumeak bortxatu egin zituzten, hil baino lehen.

Hori dela eta, memoria historikoaren esparruan lanean ari diren hainbat taldek eta frankismoaren biktimen senitartekoen zenbait elkartek gogor salatu dute erakusketa. Bertan behera uzteko eskatu dute, «iraintzat» hartu baitute Valdediosko hilketen erantzuleak omentzea.

Bolborategian dago 1936ko gerrari eskainitako tartea. Valdediosen gertatu zenari buruz aipamenik ez dago. «Politikoki zuzenak izaten saiatu dira, 1936ko gerrari buruzko testuetan». Fernando Mendiolarenak dira hitzak. Historialaria da, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea. Memoria historikoa landu du hamaika lanetan. Gainera, intsumiso izan zen, eta antimilitarista da. Erakusketari buruzkoak, esaldi batean laburbildu zituen atzo, bisita amaitu eta gero: «Espainiako armadari laudorio egitea da helburua».

Espainiako armadako hamaika kidek hartu zuten atzo Ziudadela. Bai eta Espainiako Poliziak ere. Karrikako arropaz jantzitako hamaika ibili ziren erakusketako bisitarien artean. Militarrak ziren atzoko gehienak. Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkari Carmen Alba ere America 66 erregimentuari buruzko erakusketa ikusten izan zen, bai eta UPNko eta PPNko hainbat kide ere. Albak, hain zuzen, Valdediosko hilketei buruz galdetuta, 250 urteko historian «hainbat etapa» daudela erran zuen, eta «haietako zenbait bertzeak baino hobeak» direla. Ezkerrako Iruñeko zinegotzi Edurne Egino, eta Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteko kide Joseba Ezeolaza ere Ziudadelan izan ziren. Eginok, «tristetzat» jo zuen atzoko eguna.

Gurutze ereinozdunak

Ziudadelako Labean America 66 erregimentuaren ikurrak jaso ditu erakusketak. Eta han jarri dituzten bost banderatan ageri da gurutze ereinozdunaren ikur frankista. Haietako bi paratu dituzte Francisco Casanovaren argazkiaren albo banatan. Casanova Espainiako armadako tenienteordea zen, eta Berriozarren hil zuen ETAk, atentatu batean, 2000. urtean. Espainiako errege Juan Carlos Borboikoaren argazki bat ere bada Labean.

1936ko gerran eta ondorengo urteetan gertatu zenaz harago, Ziudadelako erakusketak nabarmentzen dituen balioak salatu zituen, batez ere, Fernando Mendiola historialariak, atzo. «Armada aberriarekin lotzen du, batetik; abertzaletasunaren zentzu antidemokratikoa agertzen du, ikuspegi militar batetik; armada kolonialista eta inperialista uzten du agerian, bestetik; eta hirugarrenik, ezkutatzen du erregimentu horretan aritu ziren pertsona asko derrigortuta aritu zirela. Pobreak ziren asko, langileak».

250 urteko historia jasotzen du Ziudadelako erakusketak. Testu eta irudi guztietan, militarrak dira protagonista. «Zibilak ez daude». Nahiz eta haiek izan armadaren ekintzen ondorioak pairatu zituztenak, neurri handi batean. Hainbat adibide jarri zituen Mendiolak, atzo, erakusketako argazkiei eta kartelei begira.

Bat, Marokoko gerrarena. «Historian lehendabiziko aldiz erabili zituzten guda hartan arma kimikoak, eta, oraindik ere, herritarrek sumatzen dituzte arma horien ondorioak. Marokoko Rif inguruan gertatu zena, mugarri bat izan zen munduko historia militarrean». Horri buruz hitzik ez du aipatzen America 66 erregimentuari buruzko erakusketak.

Lehenagokoa da bertze adibidea, Konbentzio gerrakoa. Gerra horren baitan Berako San Miguel zubian egin zuten gudaren 200. urteurrena ospatu zuten iaz Beran. «Bortzirietan, hain zuzen ere, asko sufritu zuten herritarrek». Goseteak eta eritasunek jo zituzten hango bizilagunak.

Armen Aretoan jaso du erakusketak America 66 erregimentuaren azken urteotako historia. Kosovon, Albanian edo Afganistanen egindako lanaren argazkiak agertzen dira, bertzeak bertze. Horietan bakarrik agertzen dira zibilen irudiak. «Armada humanitarioaren irudia bilatzen dute; zibilak agertzen dira armadaren lanaren onuradun gisa», nabarmendu zuen Mendiolak atzo. Militarrak haurrak besarkatzen agertzen dira, adibidez. «Ekintza militarren ondorioen arrastorik, berriz, ez dago».

1764. urtetik gaur arteko bidea egiten du Ziudadelako erakusketak. Areto guztietan jasotako mezua, hala ere, bera da. Behin eta berriz ageri da. «Armada goraipatu baino ez du egiten erakusketa honek; armaz josita dago, eta gatazkak haien bidez konpontzeko ideia zabaltzen du», nabarmendu zuen Mendiolak. Erakusketa ekainaren 1ean amaituko da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna