Gatazka Txile eta Bolivia artean. Auzia, Hagako Auzitegian

Pazifikora, Hagatik barrena

Boliviak Hagako Nazioarteko Justizia Auzitegira joko du Txileren aurka hil honetan, itsasorako irteeraren bat berreskuratzeko asmoz. Txilek agindu du bere lurra, itsasoa eta burujabetza defendituko dituela.

Pazifikora, Hagatik barrena.
inaki petxarroman
2013ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Iraganaren mamu tristeen gisa daude Titicaca lakuaren Tiquinako itsasarteko kaian ainguratuta Boliviako itsas armadaren XIX. mendeko itsasontziak. Itsasontzi zaharrak dira, herdoilak handik eta hemendik janak. Ez ahazteko daude han jarrita. Pazifikoko portuetara itzuliko gara, dio afixa batek horma batean.

Boliviako herrialdearen zauririk garratzenetakoa da itsas irteeraren falta. 400 kilometroko kosta zuen Boliviako Errepublikak Simon Boliviaren armadakide Antonio Jose Sucrek sortu zuenean. Atacamako basamortua hartzen zuen errepublika berriko Itsasaldeko Departamenduak. Basamortua izanik ere, aberastasun handiak zituen lurraldeak: zilarra, kobrea, guanoa, kresala... Laster hasi ziren Txileko enpresa handiak Boliviaren lurraldearen baliabide horiek ustiatzen, eta, horren ondorioz lehertu zen Pazifikoko gerra, aitzaki gisa Boliviak Txileko enpresa bati jarri zion zerga batengatik. «Gehiegizkotzat» jo zuen Txilek Compañia Anonima de Salitres y Ferrocarril de Antofagasta enpresari Boliviak jarri zion zerga, eta kentzeko eskatu zion. Ez zuen halakorik egin, eta 1879an gerra lehertu zen.

Boliviak Peru erakarri zuen gerrara, bi herrialdeek laguntzeko hitzarmena sinatuta baitzuten. Hala, lau urteko gatazka gogorraren ostean, lurralde zabal bat galdu zuen Boliviak. Urte batzuen ostean, 1904an, Adiskidetasun Hitzarmena sinatu zuten La Pazek eta Santiagok. 120.000 kilometro koadroko lurraldearen eta 400 kilometroko kostaren kontrola eman zion itun horrek Txileri. Boliviari, berriz, Txileko portuetan aske eta zergarik ordaindu behar izan gabe aritzeko aukera.

Hagara, beste irteerarik ezean

Itsasorik ez duenez, 134 urteko zauria dauka Boliviak, urtero-urtero milioi askotako galera ekonomikoa eragiten diona, barne produktu gordinaren %1 inguru (190 milioi dolar, NBEren arabera). 1904ko hitzarmenaren balio eza azpimarratu izan dute Boliviako agintariek —Evo Moralesek berak ere—, Boliviak ez zuelako askatasunez jokatu, baizik eta Txilek bere lurralde osoari eraso egiteko mehatxuaren aurrean amore emanda. Gainera,Boliviak salatu du Txilek behin baino gehiagotan eman diola bizkar 1904ko itunaren hainbat eduki betetzeari.Esate baterako, azken hamarkadan Txilek Arica eta Antofagastako portuak pribatizatu zituenetik —bi portu horiek erabili izan ditu La Pazek—, Bolivia ere zergak ordaintzera behartu dutela salatu dute.

Askotan saiatu dira bi herrialdeak irteera bat aurkitzen. 1920an, 1950ean eta 1975ean egin dituzte saiorik ganorazkoenak. Hiruretan ere saiatutako irtenbidea beti antzekoa izan da. Arica hiritik iparraldera arteko korridore bat sortzea itsasotik goi ordokiraino, eta eremu horren kontrola La Pazen esku uztea. 1975ean, esate baterako, Charañako akordioa sinatu zuten Augusto Pinochet eta Hugo Banzer diktadoreek. Limak aurre egin zion, eta hiru lurraldeen burujabetza partekatua eskatu. Izan ere, Txilek Boliviari eskaini zion lur hori Pazifikoko gerran galdu zuen Peruk Txileren esku.

Inoiz irtenbideren bat iritsiz gero, baina, hortik etorriko da, alde guztien arabera. Izan ere, hegoalderago antzeko formula bat bilatuz gero Txileren lurraldea moztuko litzateke, eta Santiago ez dago inondik inora prest aukera horri bide emateko.

Evo Moralasek gidatutako ordezkaritza bat Hagako auzitegian egon zen martxo hasieran, eta, handik etorrita, Bolivian martxoaren 23an ospatu Itsasoaren Egunean Moralesek agindu zuen nazioarteko justizia auzitegira joko dutela Txileren aurka. Hain zuzen ere, salaketaren nondik norakoak prest dituztela agindu du Moralesek, etagorte horretan Boliviaren ahalmen osoko ordezkaria ere izendatu dute, Eduardo Rodriguez Veltze Boliviako presidente ohia hain zuzen ere. Boliviako lehendakariak atzo jakinarazi zuen hil honetan joango dela bere herrialdearen ordezkaritza Hagara.

Sebastian Piñerak erantzun dio Boliviari «indar guztiz» babestuko dituela «batasun nazionala, historia eta egia». Aldi berean, bere burujabetza, lurra, zerua eta itsasoa ere zainduko dituela ohartarazi du. Gogoratu dio Boliviari ez duela inolako aukerarik Hagako Auzitegian, eta gogoratu dio Bogotako Hitzarmenak (1949) aukera kentzen diola urte horretatik atzerako auziak mahai gainean jartzeko. Bogotako Hitzarmena 1948an sinatu zuten Amerikako herrialde gehienek, eta haien arteko gatazkak modu baketsu eta adostuaren bidez konpontzera behartzen ditu. Besteak beste, Nazioarteko Justizia Auzitegiari ematen diote gatazkak konpontzeko ahalmena.

Rodriguez Veltzek Boliviako La Razon egunkariari esan dio «kontu handiz» aztertu behar dela Bogotako Ituna. Bestalde, burujabetzaren auziaren garrantzia azpimarratu du: «Berreskuratuko diren lurraldeen burujabetzaren definizioa oinarrizko gaia da. Horrek arazoak sortzen ditu Txilererekin, baina baita Perurekin ere, ematen diren lurraldeak Perurenak izan baziren iraganean. Gure eskualdeko harremanetan burujabetzaren kontzeptu konplexu eta pragmatikoagoa bat landu behar dugu».

Boliviako Gobernuaren Itsas Aldarrikapenaren Zuzendaritza Estrategikoko buru Juan Lanchipak BERRIAri esan dio Txileren jarrera itxiarengatik erabaki duela Boliviak Hagara jotzea. «Honek ez du zalantzan jartzen gure borondatea elkarrizketak izateko». Ez du argitu zertan oinarrituko den Boliviaren salaketa, baina ziurtatu du «erantzukizun eta zorroztasun akademiko osoz» prestatu dutela. «Oinarri eta argudio juridiko sendoak ditu», esan du.

1904ko hitzarmena ez duela bete argudiatuko du Boliviak salaketan. Horrekin batera, 1950ean eta 1975ean bi gobernuak gaiari buruz izandako elkarrizketa prozesuak ere aipatuko ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.