Ingurumena. Alternatiba Eguna

Bada beste biderik

Klima aldaketari eta energia krisiari alternatibak emateko eta beste bizimodu batzuk garatzeko, tokiko garapenean oinarritutako proiektuak sortzen ari dira. Haietako askoren berri emango du Alternatiba Egunak igande honetan Baionan.

mikel p ansa
2013ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Kontsumo kooperatibak, Euskoa, denbora bankuak, bioeraikuntza, energia kooperatibak, banka etikoa, zero zabor, kontsumo kooperatibak, laborantza ekologikoa, trantsizioan dauden herriak, tokiko garapena, elikadura subiranotasuna eta kooperatiba integralak. Itxuraz loturarik ez duten jarduera eta ekinbide horiek adibide batzuk baino ez dira. Orain arteko garapen ereduari eta krisi ugariei —energiaren krisia, ekonomiarena, ingurumenarena, finantzena...— alternatibak emateko elkartzen ari diren pertsonek sortutako bide berriak dira. Larunbatean eta igandean topaleku bat izango dute Baionan, Alternatiba Egunean.

Aldaketa klimatikoari aurre egiteko «egiazko alternatibak» ezagutarazi eta zabaldu nahi ditu Bizi mugimenduak. Horretarako antolatu du Alternatiba Eguna. 90 elkartek babestu dute asteburuko topaketa, mezu argi batekin: «Alternatibak badira; indartu, garatu eta biderkatu baizik ez dira egin behar». 2015ean klima aldaketari buruzko nazioarteko goi bilera egingo dute Parisen, eta ordurako herritarren «presioa» antolatu nahi du Bizi-k. Lobby handiek eta multinazionalek gobernuei presio egiten dietela eta, beraz, herritarrek ere presio egitea nahi dute Biziko kideek. Alternatibak, azken buruan, herritarren esku direla uste baitute. Eta horren adibide sorta bat ezagutzeko aukera emango dute asteburuan. Igandean, 09:00etan hasiko dira erakusketa eta hitzaldiak; baina larunbatean ere egingo dituzte hitzaldi batzuk, 10:00etatik aurrera, giroa berotzeko. Animazioak eta kontzertuak ere egingo dituzte arratsaldean, eta Stephane Hessel suminduen aitapontekoa omenduko dute 17:30ean. Hil aitzin, Alternatiba Egunari sostengua adierazi zion Hesselek.

Baionan izango dira, beste askoren artean, Energie Partagee elkarteko kideak. Pertsonak eta taldeak ditu bazkide elkarte horrek, baina herritarren mugimendua du oinarrian. Bazkideen ekarpenekin, energia berriztagarrien proiektuei aholkularitza ematen diete eta finantzatzen laguntzen diete. Energiaren kudeaketa eta jabetza herritarren esku jartzea du asmoa, berriztagarriak sustatzearekin batera. Antzeko bidetik sortu zuten Som Energia Herrialde Katalanetan, eta GoiEner Euskal Herrian, Gipuzkoako Goierrin. Kontsumituko duten energia eurek ekoiztea bilatzen dute kooperatiba horiek. Eta energia berriztagarriak zabaltzea. GoiEnerreko kideak ere Baionan izango dira igandean.

Kooperatiba berriak

Lanerako eta etxeak egiteko kooperatibek tradizioa izan badute Euskal Herrian, baina bestelako kooperatiba eredu batzuk sortzen ari dira azkenaldian, erronka eta behar berriei erantzuteko. Energian ez ezik, baita jatekoarekin ere. Baserritarrekin lan egiten duten kontsumo kooperatibak dira horren adibide. Frantzian 300.000 pertsonak parte hartzen dute gertuko laborantza sustatzeko halako jardueretan. 1.600 talde badira. Tokiko laborari batekin hitz egiten dute herritarrek, eta hark astero saski bat ematen die baratzeko produktuekin, usu nekazaritza ekologikoaren bidez landuak. Sostengua ziurtatzen du laborariak, eta nekazaritza eredu iraunkorrago bat bultzatzen dute herritarrek, jakien kalitatea ziurtatzeaz batera. Euskal Herrian ere asko ugaritu dira era horretako taldeak azken urteetan. Gipuzkoan bakarrik dozena bat talde sortu dira 2010etik.

Kooperatiben ideia urrunago eraman dute Katalunian. Pertsona bakoitzaren behar guztiak aseko dituen bitarteko bat sortu nahi dute. Kooperatiba Integrala deitu diote, eta lau oinarrizko arlotan ari dira lanean, kooperatibako kideei begira: janaria, etxebizitza, hezkuntza eta osasuna. Beste eremu batzuetan edo beren kasa landutako esperientziak ere barne hartzen dituzte: heziketa librea, kontsumo kooperatibak, autogestioa, okupazioa, etxeen berreraikuntza...

Ikuspegi integralarekin ari dira lanean trantsizio herrietan ere. Klima aldaketak eta petrolioaren krisiak energia arazo larriak ekarriko dituztela pentsatuz, herriek eta eskualdeek bizirauteko ahalmena landu nahi dute, tokian bertan. 2005ean agertu zen kontzeptua, Kinsalen (Irlanda), eta laster zabaldu zen Ingalaterrara, Totnestik. Permakulturaren eta erresilientziaren kontzeptuetan oinarrituta, burujabeak izango diren eta bizimodu neurritsuagoa izango duten herri eta eskualdeak sortu nahi dituzte. Desazkundearen printzipioekin ere bat egiten dute, alde horretatik, trantsizio herrietan lantzen ari diren ideia batzuek. Gaur egun, Ingalaterrako ia herri gehienetan sortu dira era horretako jardunak, eta Europara eta mundura zabaltzen ari dira. Hondakinak gutxitu eta berrerabiltzea, herritarrentzako jakiak bertan ekoiztea eta ez milaka kilometrotatik inportatzea, energia dependentzia murriztea, oinez eta bizikletaz mugitzeko erraztasunak ematea, ekonomia lokala sustatzeko bertako txanponak sortzea... Han-hemenka, era askotako dozenaka proiektu ari dira sortzen.

Euskal Herrira ere iritsi dira haietako batzuk. Debagoienean, iturri horretatik edan du Bagara proiektuak, neurri batean. Euskoa txanpona, berriz, aurten jarri dute abian Ipar Euskal Herrian. Tokiko ekonomia bultzatu nahi du txanpon horrek, aldi berean balio batzuk zaintzen dituzten ekoizleen lana sustatuz, euskararen eta ingurumenaren alde egiten dutenak, adibidez.

Otxandio eta Zerain, eredu

Baina proiektu orokorragoak ere ari dira sortzen. Otxandion(Bizkaia) Herri-Ola sortu dute, esaterako, eta igandean Baionan izango dira hango udal ordezkariak. «Herritarren bizi-kalitatea hobetzea», hori da Herri-Olaren helburua. Hiru printzipio jarri dituzte oinarrian: «Iraunkortasuna, euskalduntasuna eta herritarren parte hartzea». Hondakinak, ura, basoak, adinekoak, lana, etxebizitza... Eremu askotan ari dira lanean, trantsizio herrietan lantzen ari diren bideen ildotik.

Mugimendu horiek baino lehenago, duela hiru bat hamarkada, Zerainen (Gipuzkoa) ere hasiak ziren antzeko kezkekin lanean—hango esperientziaren berri ere emango dute Baionan, igandean—. 236 biztanle ditu Zerainek, eta herria husteko arriskuari buru egiteko bideak bilatzen hasi ziren. Tokiko garapenari heldu diote, laborantzaren eta turismoaren bidez. Eta, beste jarduera askoren artean, basoak etorkizuneko energia iturri gisa erabiltzeko lanean ere ari dira orain, bertako espezieekin pinuak ordezkatuz.

Bizilekuei ere alternatibak bilatzen hasiak dira. Bioeraikuntza tailerrak eta proiektuak hedatzen ari dira Euskal Herrian, lastozko etxeak eraikiz, adibidez. Astigarragan (Gipuzkoa), teknika horiek erabiltzen ikasi dute azken asteetan, errumaniarren komunitate batean. Alternatiba guztiak ez doaz bide berean, bistan dena. Baionan, adibidez, ekoauzo bat ireki dute aurten —esperientzia hori eta Frantziako Sequestre herriko ekoauzoarena aztertuko dituzte Baionan—. Hiritik bost bat kilometrora, Sequen eraiki dute ekoauzoa. 500 bat bizileku dira, haietatik erdia alokairu sozialekoak edo lagunduak. Adineko pertsonek bere autonomia mantenduz baina laguntzak dituztela bizitzeko aukera ere ematen du ekoauzoak. Energia gastu gutxiago duten etxebizitzak dira, uraren eta hondakinen tratamendua zaindua dutenak... Ingurumenean ahalik eta eragin urriena dutenak. Zerbitzu komunak ere badituzte biztanleek.

Energiaren eta etxebizitzaren gaiarekin soilik ez; korapilatu egiten direnez arazoak, korapilatu egiten dira konponbideak ere. Horren adibide izan liteke zero zabor mugimendua. Hondakin gutxiago sortzea eta sortutakoa bereizi eta berrerabiltzea sustatzen ari da mugimendu hori, eta bere buruaren berri emango du Baionan. Baina jardun horrek baditu beste eragin batzuk, zeharka: CO2 isuriak gutxitzea, enplegua lekuan berean sortzea, erosketen eta kontsumoaren gaineko kontzientzia hedatzea... Arazoak eta irtenbideak elkar lotuta dauden adierazle da Alternatiba Egunean aztertuko dituzten gaien zerrenda: bizikletak konpontzeko tailerra, tokiko garagardoa, erretako olioa berrerabiltzea, energian burujabeak diren etxeak, hazi libreak, elikadurabegetariano, jostailuak egitea, bioeraikuntza tailerra, trantsizio herriak...

Mugimendu horien arazoetako bat da, Alternatiba Egunaren antolatzaileek diotenez, tokiko jarduna dutela gehienek, eta nekez ezagutzen direla muga jakin batzuetatik urrunago. Asteburuan bozgorailu bat izango dute Baionan. 500 boluntario eta 200 artista elkartuko dira, eta 50 solasaldi baino gehiago egingo dituzte. 200 elkartetako ordezkariak elkartuko dira. Bestelako garapen eta bizimodu aukeren zabaltzeko elkartuko dira Baionan, «norbanakoen, kolektiboen, lurraldeen eta sistemen alternatibak» eztabaidatuz, aldaketa klimatikoari eta energia krisiari buru egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.