Kirol azpiegitura ospetsuenak

Elizara? Ez, Katedralera

Herritar askoren ustez, XXI. mendeko erlijioa da kirola, gizartearen anestesikoa, eta, horren erakusgarri, kirol diziplina gehienetan daude 'katedralak': futbolean, Bilboko San Mames da 'katedrala'; tenisean, Londresko Wimbledon; pilotan, Eibarko Astelena...
Bilboko San Mames futbol zelaiaren ikuspegia, arku eta guzti; bi astetik behin giro berezia sortzen da harmailetan.
Bilboko San Mames futbol zelaiaren ikuspegia, arku eta guzti; bi astetik behin giro berezia sortzen da harmailetan. BERRIA

Unai Zubeldia -

2011ko urtarrilak 28
Katedrala: elizbarruti bateko apezpiku eliza (elizbarruti horretako eliza nagusia). Harluxet hiztegiak dio hori. Definizio zehatza da. Erlijio kontuekin eta edertasunarekin lotura estua daukate katedralek. Ederra da Bilboko Done Jakue katedrala, ederra Donostiako Artzai Onaren katedrala, ederra Baionako Andra Mariaren katedrala, eta ederra Iruñeko Andre Maria katedrala ere. Errespetua sentitzen da begira jarritakoan. Sinestunak eta azalari soilik begiratzen diotenak, den-denak aho zabalik geratzen dira normalean katedralei begira jarritakoan.

Baina badago beste espezie bat ere: aitagurea zer den galdetu eta «Julian Retegi» edo «Jose Angel Iribar» erantzuten duena; fedea Tiger Woodsen kolpe zehatzetan daukana; Angel Arrospidek kolpeka zatitzen duen enborretik ihesi doazen ezpal zatiei intzentsu usaina hartzen diena... Espezie hori ere joaten da katedralera. Eta ez igandeetan bakarrik. Askoren ustez, XXI. mendeko erlijioa da kirola. Gizartearen anestesikoa. Zaleek katedral bihurtu dituzte eraikuntza asko. Zer da San Mames, futboleko katedrala ez bada? Zer Eibarko Astelena, pilotaren katedrala ez bada? Londresko Wimbledon da teniseko katedrala, eta Twickenham errugbikoa; Assen (Herbehereak) edo Jerez (Espainia) motoziklismokoak; Monakon dago 1 Formulako katedrala, New Yorken beisbolekoa (Yankee Stadium), eta Eskozian golfekoa (Saint Andrews)... Katedralez josita dago kirol mundua.

Batzuek tradizioa jartzen dute oinarritzat San Mamesi Katedrala zergatik esaten dioten azaltzeko. Lehenagokoa da zelaiak santu izena daukala diotenen azalpena. «Nora zoaz?», galdetu, eta «San Mamesera», erantzuten omen zuten. Azalpena behar, ordea. «Elizara?». «Ez, Katedralera». Jose Angel Iribar izan daiteke katedral horretako jainkoa. «Ez, ez, jainkoa ez, gehienez ere santua!», gehitu du barrez. Beste bide bat ireki du Athleticeko atezain ohiak. «Entzunda daukat oker batengatik deitzen zaiola San Mamesi Katedrala. Orain urte asko, kazetari batek, katedrak oniritzia eman du idatzi beharrean, Katedralak oniritzia eman du idatzi omen zuen».

Iribarren hitzetan, San Mamesera joaten den zaleak badaki zer nahi duen. «Futbola oso ondo ulertzen du San Mameseko zaleak; jakituna da. Eta niretzat hori da Katedralaren esanahia». Barru-barrutik eta harmailetatik bizi izan du atezain ohiak Katedraleko giroa. «Eta bihotzez uste dut San Mames benetako katedrala dela. Zaleek oso une egokietan animatzen dute taldea».

San Mamesen partida asko jokatutakoa da Iribar, eta gogoan dauka han jokatu zuen lehen partidan gertatutakoa. «Real Madrilen aurka jokatu genuen, eta area nagusitik bizpahiru metro kanpora Jose Mari Oruek Manolin Buenori egindako falta batean penalti adierazi zuen epaileak». Zaleak sutan jarri omen ziren. «Puskas zen penaltia jaurtitzekoa, eta zaleek, kuxinak bota eta bota, ez zioten uzten jaurtitzen». Iribar bera ere, beteranoen pare, Puskas zirikatzera joan zen. «Hiruzpalau minutu generamatzan liskarrean, eta penaltia kanpora bota beharko zuela esan nion, bestela zegoen giroarekin partida ezingo genuelako bukatu». Erantzuna argia izan zen. «Bai, bai, noski, putasemea». Ez zuen huts egin Puskasek.

Ladis Galarza pilotari ohiak hitz gutxitan argitu du Eibarko Astelenari zergatik deitzen zaion pilotaren katedrala. «Pilotaleku serioa da, ederra, oso ondo egindakoa. Zoruan, ezker paretan eta frontisean pilotak ez du keinu arrarorik egiten, eta betidanik esan izan da jakitun handienak han biltzen direla». Galarzak Astelenan bertan egin zuen debuta, 18 urterekin, 1979ko urtarrilaren 28an. Berasaluze IV.a zuen bikotekide, eta kontrario, Panpi Ladutxe eta Andueza III.a. «22-21 irabazi genuen. Lepo beteta zegoen pilotalekua, eta errespetua ematen zuen. Astelenara ez zegoen eskuetatik justu joaterik. Bete-betean jokatu beharra zegoen, beste inon baino amorru bereziagoarekin».

Bera bakarrik biren aurka, buruz buru, binaka, aurrelari gisa... denetik bizi izan du Galarzak Astelenan. «Eta orain ere joaten naiz, semea ikustera». Ikuspegia aldatu egin zaio, ordea. Lehen, kantxatik harmailetara begira egoten zen, eta, orain, harmailetatik kantxara begira. Baina orokorrean maite du Galarzak Astelena. «Pilotaleku polita da, sarrera bera ere ederra da. Pilota munduan erreferentzia da».

Herri Torrontegik, motor gidari izandakoak, penatan hitz egin du Assengo zirkuituari buruz. «Duela lauzpabost urte Jerezek hartu zion lekukoa. Garai batean, ni pilotu nintzenean, Assen zen motoen katedrala, baina desitxuratu egin dute. Bai, Herbehereetan jarraitzen du, baina oraingoa ez da garai bateko katedrala». Torrontegik gogoan du lehen «zirkuitu teknikoa» zela Assengoa, «inguru zoragarrian» zegoena, «laua eta luzea». Eta garrantzitsuena: «Motoentzat soilik zen. Zirkuituaren erdia errepide gisa erabiltzen zen. Baina orain jada ez da hala gertatzen».

1986an inauguratu zuten Jerezko zirkuitua. «Eta ordutik ia ez da aldatu. Oso teknikoa da, eta pilotu guztientzat oso berezia da Jerez». Torrontegik zirkuitu bakoitzari erraz gehitu dio piloturen baten izena. «Assen Pablo Nieto maisuarekin lotuko nuke, beti irabazten zuelako. Eta Jerez, Alex Crivillerekin. Berak utzi du arrastorik luzeena. Lasterketa bikainak egin zituen, baina beti geratzen zen zapore gazi-gozo horrekin».

Wimbledongo «'glamour'-a»

Alberto Berasategik 2000. urtean ezagutu zuen bertatik bertara Londresko Wimbledon torneoa, tenisaren katedrala. Haren hitzak entzunda, erraz ulertzen da Londresko txoko hori toki berezia dela. «Ingalaterran sortu zen tenisa, eta torneorik zaharrenetakoa da. Glamour eta historia handia dauka, eta lau Grand Slam-en artean, sonarik handiena Wimbledonek dauka». Berasategik gogoan dauka asko kostatzen zitzaiela bertara egokitzea. «Tako txiki batzuk behar ziren jokatzeko, eta partida hartan lurrean bueltaka ibili nintzen lehen bi jokoetan, irristatuta». Lur gainean zen artista bizkaitarra. «Baina erretiratu aurretik Londresko torneoa ezagutu beharra neukala erabaki nuen. Banekien fisikoki eta joko aldetik ez nengoela ondo, baina esperientzia polita izan zen». Andrei Pavel errumaniarrak kanporatu zuen, lehen partidan.

Hori bai, argi utzi du Wimbledon tenisa baino zerbait gehiago dela. «Auzoak berak Wimbledon izena du, eta bi aste horietan tenis usaina egoten da. Errespetu handia daukate zaleek, zuriz jantzita jokatu beharra dago, segurtasun neurri zorrotzak daude... Horrek guztiak bihurtzen du berezi, eta tarteka desatsegin, Wimbledon. Ito sentsazioa ematen du».

Futbola, pilota, motoziklismoa, tenisa... Herri kirolek ere, noski, badaukate beren katedrala. Tolosako zezen plazan. Han apustu asko jokatutakoa da Anjel Arrospide aizkolaria. «Joko kontuan garrantzi handia izan du Tolosako zezen plazak, eta herri kirolentzat toki garrantzitsua da». Kontatzen hasi eta sei-zazpi apusturekin gogoratu da gipuzkoarra. «Nik Tolosan jokatu ditut apustu guztiak. Mindegiaren aurka bi irabazi eta beste bi galdu nituen, Larretxeari irabazi egin nion, Olasagastiri ere bai...». Apustuaren eguna bera bezain garrantzitsua da Tolosan Kantabriko tabernako juntadizoa. «Kantabrikoko saltsak indar ematen die zezen plazako ondorengo apustuei».

Argi dago sinestunak eta azalari soilik begiratzen diotenak, den-denak aho zabalik geratzen direla normalean katedralei begira jarritakoan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna