Berrogei ordu Misrataraino

Libiako matxinoen gotorlekura joan da BERRIA, 'Intisar' arrantzontzian; botikaz, elikagaiz eta armaz lepo joan da itsasontzia, Muammar Gaddafiren kontrako indarrak armatzera.

Intisar itsasontziko eskifaia, Libiako matxinoak, Misratara bidean. ALBERTO PRADILLA.
Alberto Pradilla.
Misrata
2011ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
NATO ari zaizue hizketan. Zer zama dakarzue?». Galdera behin eta berriro entzuten da irrati bidez. «Noiznahi joan gaitezke ikuskatzera. Aldatu 62. katera», dio behin eta berriro ahots metaliko batek. Baina inork ez dio erantzuten. Kontua da itsasontziko hemezortzi bidaiarietatik batek bakarrik hitz egin dezakeela ingelesez eta arabieraz: Hamdi doktoreak. Psikiatra da Hamdi, eta Misratarantz doa, hiri setiatu horretan dauden biztanleei buru osasuna aztertzera. Baina apenas gauza den hitz egiteko. Olatuen erasanez, goragaleak jota dago, eta itsasontziko gelan geratu beharra dauka, goraka hasiko ez bada. Intisar arrantzontzian goaz Misratara, osasun gaiez, janariz eta, batez ere, armaz zamatuta; egunero, halako beste hainbat ontzi ahalegintzen dira Libian bakartua duten hiri matxinoaren setioa urratzen. Horiexen joan-etorria eragoztea du helburu nagusi, hain zuzen, Muammar Gaddafiren tropa leialek hiri matxino horretako portuaren kontra egindako erasoaldiak.

«Zer zama dakarzue?», galdetzen dute behin eta berriro aliatuen irratietatik. Doktoreak, zutitzea lortu baitu, zalantza apur bat egin, eta hauxe erantzun die: «Osasun gaiak eta janaria». Hobe izango dute NATOko soldaduek ikuskatzerik ez egitea. 22:30 dira. Hiru eguneko itxaronaldiaren ostean, abiatzeko baimena eman diote Intisar itsasontziari. Airean, tiro hotsak entzuten dira, eta, ezinbestean, «Allahuakbar», oihu ozenak (handia da Jainkoa). Itsasontzian, hemezortzi pertsona; denak, gizonezkoak, eta horietako gehienak, sortzez Misratako libiarrak, borrokan parte hartzera itzuli direnak.

Duela 72 ordutatik, ez da arrantzontzi bat bera ere irten Bengaziko kaitik, Bengaziren eta hiri setiatuaren arteko koordinazio arazoengatik. Azkena, gerraontzi bihurtutako itsasontzi txiki bat izan zen; Dernako mutilak zeramatzan, Abdel Hakim Al Hassidi kapitain duten borroka indar islamikoetakoak; Afganistango gerran ibilitakoa da kapitain hori, eta orain tropa matxinoen buruzagi da. Giza laguntzaren mozorropean ibiliagatik, batik bat armaz eta munizioz zamatuta dabiltza halako itsasontzi txikiak. Intisar, esate baterako, hegazkinen kontrako jaurtigaiz lepo dator. Garraio agirian jasota dagoenez, Gaddafiri lapurtutako gerraontzi saldoaren parte da. Armak 1982an atera zituzten SESBetik.

Minak, tipulen artean

Libiako gerran darabilten armamentu modernoaren adibide garbia da. Tipula fardel batzuen ondoan pilatuta dauzkate pertsonen kontrako minak, eta horiek, behintzat, ez dirudi Misratako kaleetan lurperatzeko direnik. «Motrailua egiteko erabiltzen ditugu», azaldu du Mohammedek; gizonkote sendo eta bizardun horrek petrolio prospekzioan jarduten zuen lehen, baina lanbidea aldatu, eta lehergaietan aditua da orain. «Dinamita atera eta kontserba poto metalikoetan sartzen dugu». Etorkizunean hiriko arma fabrikara bisita egiteko hitza eman du, nahiz eta inoiz ez duen beteko.

22:45. Lehen minutuetako bozkarioaren ostean, ezagun dute ez direla itsas lehoiak; ondorio nabarmenak ageri dituzte. Denak, bidaiari den-denak —eskifaiakoak izan ezik—, zorabiatuta dabiltza. Itsasontzia, luzean 20 metro den arrantzontzi hori, kulunkan dabil, batera eta bestera. Eta eskerrak itsasoa bare dagoen. «Hartu pilula hau, eta saiatu ezer ez jaten», hori gomendatzen die Mahmud Jibrill doktoreak; ontzian itsasoratu behar zuten medikuetako bat da, baina lehorrean geratu behar izan du, beste itsasontzi bateko motorrak abiatu nahi eta ezinean utzi zituelako —osasun gaiez zamatutakoa hura—.

Biharamuna. 10:00ak. NATOren lehen mezuak entzungai dira itsasontzian. Tarek kapitainak ahotsa apaldu dio irratiari, aditu beharrik ez izateko. Zertarako entzun ingelesez ari den ahots metaliko bat, ez bada ulertzen. Tipo xelebrea da Tarek. Ur nahasietan arrantzan ibiltzen ohitua. «Kartzelan egon nintzen Italian». Elkarrizketa silababakarrekoa da; aditzera eman duenez, kartzelan denboraldi bat egin zuen, Saharaz hegoaldeko immigrante batzuk Lampedusaraino garraiatzeagatik. Horren adierazgarri, kartzela-zuloan egindako tatuajeak erakutsi ditu. Eskuko larruazalean, bala baten sartu-irtenaren orbaina. Gaddafiri leial zitzaizkionek egindakoak omen, matxinadaren lehenbiziko egunetan.

Bigarren eguna. 08:35. «Itsasontzi bat detektatu dugu, baina ez dakigu zein den». Zurrumurruetandabiltza eskifaiakideak. Bi aukera daude: edo NATOren itsasontziak dira, edo Gaddafiren ontziak. Oso litekeena da NATOrenak izatea; hizkuntzaren mugak, baina, aliatuen aginte gunearekiko lotura eten du.

Mendebaldeak ez ikusia

Minutu batzuk zalantza-malantza igaro eta gero, hegazkinontzi bat begiztatu dute. Mendebaldeko militarrek ez dute ikuskatu ere egin itsasontzia. Badakite zer zama dakarren, eta nahiago dute ez ikusiarena egin. Libre dute bidea, Misrataraino segitzeko. Halako arrantzontzi txikietan garraiatzen dituzten arma horiek izan ezean, hiriak ezingo zion eutsi Gaddafiren indarren setioari, hiru tokitatik ekiten baitiote erasoan hiriaren erdiguneari.

Berrogei orduko itsas ibilaldiaren ostean, hiri setiatuko portura heldu da Intisar. Bonbardaketen zarata gorra entzuten da hainbat miliatatik. Itsasontzi ezezaguna begiztatzean bezala, ezinbestekoa da galdera: NATOrena ala Gaddafirena? Auskalo. Badaezpada, hemezortzi eskifaiakideetatik bost brankan jarri dira, atezuan, kalaxnikovak doi-doi dituztela. Eta, beti bezala, Alak gorde ditzala!
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.