Saskibaloia. Baskoniak 250 garaipen Europan

Sentimendua, bat eta bakarra

1985ean hasi zen Baskonia Europan jokatzen; geroztik, 250 partida irabazi ditu. Errekopako titulua, Euroligako final bat, eta errenkadan jokatutako Lauko lau final dira lorpenik garrantzitsuenak. Euroliga falta zaio bakarrik.
Errekopako lehen finala. Perasovic, Laso, Bannister, Rivas, Talaveron eta Santi Abad, besteak beste, Olimpijaren aurkako finalean, 1994an.
Errekopako lehen finala. Perasovic, Laso, Bannister, Rivas, Talaveron eta Santi Abad, besteak beste, Olimpijaren aurkako finalean, 1994an. BERRIA

Andoni Urbistondo -

2013ko urtarrilak 24
Asko dira: 250 garaipen Europan. Hain zuzen, 27 urte eta hilabete batzuk pasatu dira Baskonia Europan bidea egiten hasi zenetik —Caja de Alava izena zeukan orduan—. Herbehereetako SuperCracks taldearen aurka jokatu zuen Korac kopan, hilabete batzuk lehenago Villanueva de la Serenan (Espainia) ACB kopa irabazi ondoren. Baskoniak 130 puntu sartu zizkion orduko hartan SuperCracksi, eta oraindik indarrean dago marka hori. Ia 400 partida jokatuta, 250 irabazi ditu, 139 galdu eta bi berdindu! Berdinketak desagertu zirela urteak dira dagoeneko...

1985ean, Korac kopako bi kanporaketa jokatu zituen, eta Frantziako Villeurbannek kanporatu zuen. Bospasei urteko tartea etorri zen gero, eta 1994, 1995 eta 1996an, urrezko lehen aroa iritsi. Europako Errekopako hiru final jokatu zituen Tau Baskoniak. Lehenengo biak galdu, Lausanan, 1994an (Suitza), eta Istanbulen, 1995ean (Turkia), biak Olimpija Ljubljanaren aurka (Eslovenia). 1996koa irabazi egin zuen, etxean, Greziako PAOK Tesalonikaren aurka. Baskoniak Europan lortutako titulu bakarra da, oraingoz.

Erronka, ordea, Euroliga zen. XXI. mendeko lehen urtean, iskanbila sortu zen FIBA Europako saskibaloi federazioan, eta bi txapelketa paralelo jokatu ziren denboraldi berean. Josean Kerejeta azti ibili zen garai hartan, eta taldea Euroligako kide egitea lortu zuen. A zer hasiera, Euroligan jokatzen hasi eta final handia jokatu baitzuen Bolognako Kinderren aurka. Mapatik kanpo zegoen talde ikaragarria: Rigaudeau, Jaric, Ginobili, Rashard Griffith, Smodis, David Andersen... 3-2 galdu zuen, baina zerbait sortu zen han.

2004-2005ko sasoian, Lauko Finala jokatu zuen lehenengoz Baskoniak, Moskun. Finala ere bai, baina galdu, Maccabiren aurka. Lauko beste hiru final etorri ziren jarraian: Praga, 2006an; Atenas, 2007an, eta Madril, 2008an. Ondoren, lehortetxoa. Gaur, bi hilabete atzera utopia bat zena benetako aukera bat da: Londresko Lauko Finala.

Rafa Muntion Gasteiz Irratiko esataria da (Orozko, Bizkaia, 54 urte). 1989an hasi zen taldearen arrastoari segika, gaur arte. Milaka pasarte ditu oroimenean, baina garrantzitsuenak, fresko-fresko. «Erokeria zen iritsi den tokira iritsiko zela pentsatzea». Baina... «Josean Kerejeta iritsi zen, eta hark norabidea eraldatu zuen, erabat». Iñaki Garaialdek hartu du hitza (Gasteiz, 55 urte). Baskoniako jokalari ohia da Garaialde, eta Muntionen lankide Gasteiz irratian. «Kerejetak Gasteizen Europako saskibaloi onena ikusteko erronka zeukan 90eko hamarkadan, eta lortu zuen. Hura da Baskoniaren bilakaeraren arduraduna».

Ados dago Muntion: «Ramon Rivas fitxatu zuen, Boston Celticsen jokatzen zuen morrosko bat. Gero Chicho Sibilio etorri zen, eta Herb Brown, Manel Comas, Marcelo Nicola eta beste. Erabaki batek bestea ekarri zuen, eta taldea hazi egin zen, etengabe». Lausanan bat egiten dute bi esatariek berriro, Baskoniaren oinarri sendoena ahotan hartzeko: zaleak.

«Hura ikaragarria izan zen, ez sinestekoa», Garaialderen hitzetan. Galduta ere, 3.000 zaleak pabiloian geratu ziren, eta Suitzako Poliziak txaloka agurtu zituen! Mendizorrotzako pabiloi zaharrak Zurbaokoari eman zion lekukoa. Lehen, 3.500 lagunetzako lekua zegoen; gero, 8.800 eserleku, eta, joan den udan, Buesa Arena erraldoia: 15.504 eserleku! «1998an, ligako finala galdu zuen Baskoniak, Manresaren aurka, baina klubak lanean segitu zuen: A lizentzia lortu zuen Euroligan, eta Scola, Calderon, Bennett, Macijauskas, Oberto, Tomasevic, Foirest, Timinskas, Hansen, Rakocevic, Splitter... jokalari bikainak pasatu dira Gasteiztik. Taldea handi egin zen, eta taldearekin, zaleak eta hiria». Muntion entrenatzaileekin ere gogoratu da, Manel Comasekin batez ere.

Milaka istorio bitxi

Muntioni 27 urteko pasarte batzuk kontatzeko eskatu, eta bateria bukatu zaio sakelakoari: «Batzuk ezin dira kontatu», dio barrez. Taldeak Madrilen lurreratu du sarri, eta Ivanovicekin, txiza autobusera igo baino lehen egin behar zen: «Jokalariek geratzeko eskatu, eta hark ezetz, etxeraino ezetz, eta botilan egin behar. Lau ordu dira!». Gasteizera taxian bueltatu, elurretan, eta jokalariak autoa bultzatzen ibilitakoak ere ba omen dira! Muntion Art Long pibot estatubatuarrarekin gogoratu da: «Denbora gutxi egin zuen. Entrenamendu baten erdian, bi hanburger eskatu zituen, gosez zegoelako. Ekarri egin zizkioten! Egun gutxira, taldea Kaunasera joan zen, eta berak business klasean bidaiatu nahi zuela, klubak hegazkin txiki deseroso bat erabili zuenean [hamalau eserleku baino ez]».

Gogoratzekoak Serbia eta Kroaziako pasadizoak. Belgraden jokatu zuen Baskoniak, Balkanetako gerra bukatu berritan, Velimir Perasovic Kroaziako selekzioko kapitaina zela. «Tiro bat egiten duzulako keinuak egiten zizkioten, baina partida irabazi zuen! Poltsak-eta beste pabiloi batean utzi, eta korrika irten ginen». Spliten (Kroazia), berriz, erregeak bezala zaindu zituzten, Perasovicen aginduz.

Garaialde ere ez da atzean geratzen. Jokalari gisa 1985ean Villeurbannen (Frantzia) kantxara irten, eta Espainiako pasodoble batekin eman omen zieten ongietorria. «Kapitaina nintzen, eta aldageletara bueltatu ginen, haserre! Euskaldunak ginela esan genien, ez espainiarrak». Jokalari ohiak Moskuko pasarte bat du ondo gogoan: «Ertzaintzak iskanbila bat argitu behar izan zuenekoa. CSKAri irabazi genion Lauko Finalean, eta zaleak, noski, pozarren, txarangarekin eta beste, ordubete. Errusiarrak haserretu egin ziren, eta finalean, ez zutela utziko txaranga sartzen! Gozoak jarri ziren. Ez zirela pabiloira sartuko txarangarik gabe. Ertzaintzak egoera argituta, sartu ziren».

Garaialde jokalari anonimoekin gogoratu da, batez ere: «Ezagunak aipatzea erraza da, baina ni Martin Buesak jokatutako 57 segundoekin, Jorge Fernandez aurkezlearen minutuarekin eta Ander Txintxurreta arrasatearrak saskiratutako hirukoarekin gogoratzen naiz. Hura da %100 asmatu duen bakarra!». Haiek ere beren ur tanta jarri baitzuten egungo Baskonian. Etorkizunean ere elitean egongo da taldea, Garaialderen ahotan, «krisi ekonomiko latzen bat ez badago».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna