Pobrezia energetikoa

Mantapera behartuta

Arazo ekonomikoen ondorioz, neguan etxea epel mantentzeko zailtasunak handitzen ari zaizkie herritarrei. Krisia, energiaren prezioa eta etxeen eraginkortasuna dira giltzarri.

Maite Asensio Lozano.
2014ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Badago pobre energetikoa dela ez dakienik». Ingurumen Zientzien Espainiako Elkarteak (ACA) pobrezia energetikoari buruz 2012an egindako ikerketaren egileetako bat da Jose Luis Lopez, baina oraindik zaila egiten zaio auzia zertan den azaltzea, «pobrezia energetikoa duen etxeak ez duelako zertan tradizionalki pobreziatzat ezagutu dugun hori pairatu». Adibideetara jo du: «Demagun bikote gazte batek hilean mila euroko soldata eta 400 euroko laguntza bana dauzkala, 800 euroko hipoteka, jana, lanera doanaren gasolina eta berokuntza sistema pagatzeko. Etxean energia kontsumoa murrizteko estrategiak jarri beharko dituzte martxan, gastu guztiei aurre egin ahal izateko. Ez genuke esango txiroak direnik, baina pobre energetikoak dira: etxean hotza pasatzen ari dira, ezin dituztelako 200-300 euroko fakturak pagatu».

Krisi ekonomikoaren ondorioz erosahalmena gutxitu izanak eta azken hilabeteetan argindarraren prezioa nabarmen garestitu izanak jarri dute mahai gainean pobrezia energetikoaren arazoa. «Oinarrizko ondasunen artean dago energia, beharrezkoa da, baina erosahalmena gutxitu eta ekonomikoki ahulago bihurtu ahala galtzen den elementuetako bat da», azaldu du Bea Martikorena Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen teknikariak. Euskal Herrian, diputazioak egin zuen auziari buruzko ikerketa bakarra, 2012an, Eguia Careaga Fundazioarekin batera.

Funtsean, hilabete hotzenetan etxea bero mantendu ezin izateari esaten zaio pobrezia energetikoa. Osasunaren Mundu Erakundearen irizpideen arabera neurtzen da erosotasun termikoa deiturikoa: 21 gradu egongela nagusian, eta 18 gradu logeletan. Hortik abiatuta, pobrezia energetikoa kalkulatzeko bi modu daude. Lehena, kuantitatiboa: diru sarreren %10 baino gehiago energia gastuetara bideratzea; Gipuzkoako etxeen %9,5 daude egoera horretan. Bigarrena, kualitatiboa: neguan etxea berotzeko gaitasunik eza edo zailtasunak, energiaren faktura ordaintzean izandako atzerapenak, eta hezetasunekin edo itoginekin lotutako okerrak kontuan hartuta kalkulatzen da pobreziaren adierazle sintetikoa; Gipuzkoan, %13 da. «Europako beste herrialdeekin alderatuta, ez gaude gaizki, baina biztanle batzuen egoera gogorraren sintomak agertzen ari dira».

Eta ondorioak, patriketan ez ezik, osasunean ere agertzen dira. Batik bat gaixotasun kronikoak edo osasun egoera ahula dutenentzat izan daiteke arriskutsua etxean hotza pasatzea. Adinekoengan jarri du arreta Gurutze Gorriak, Manuel Calvo Bizkaiko koordinatzailearen hitzetan: «Arnas arazoek, asmak edo bronkitisak adibidez, luzeago irautea ekar dezake, hotzarekin edo hezetasunarekin sendatzea zailagoa delako». Eritasun kardiobaskularrak eta hezurretako zein artikulazioetako gaitzak zerrendara gehitu ditu Martikorenak, baita buru osasuna ere: «Esparru psikologikoan, frogatuta dago erosotasun termikorik ez edukitzeak estresa dakarkiola gorputzari, sumintzea eta antsietatea pairatzea eragiten duelako; azken batean, buruko sentsazioak okertzea dakar».

Osasun arazo horiek, baina, heriotza ekar dezaketela nabarmendu du Lopezek. Hain justu, hilabete hotzetako heriotza gehigarriaren tasa jorratu du ACAk bere ikerketan. 2012an, seihileko hotzean 4.049 lagun gehiago hil ziren Hego Euskal Herrian, seihileko beroan baino %14,8 gehiago. «Kausa asko daude, baina ikerketa batzuen arabera, heriotza horien %10-40 artean pobrezia energetikoaren ondorio dira, hau da, etxe hotz batean bizitzearen ondorio», dio Lopezek. «Hortaz, etxeko tenperatura desegokiak larriagotutako gaixotasunek hildakoak auto istripuetan zendutakoak baino gehiago dira». Aldundiaren arabera, Gipuzkoan 40 heriotza goiztiar saihestuko lirateke muturreko hotz egoera horiek kenduz gero.

Energia, garestiegi

Baina zerk eragiten du pobrezia energetikoa? Azken urteetan, krisia izan da bultzatzaileetako bat. Hori dela eta, baliabide ekonomiko gutxi dutenek jasaten dute pobrezia energetikoa. «Ahultasunaren eskaileraz» mintzatu da Calvo: «Zein dago kolpatuen? Lehen ere kili-kolo zebiltzan familiak. Diru sarrerak galtzean, energia da mozten lehen gastuetako bat: berokuntza sistema ez dute pizten, eta argia, ahalik eta gutxien». Gurutze Gorriak artatutako familien %38k txirotasun energetikoa jasaten duela erantsi du. «Uste dugu joera adinekoengan nabarmentzen ari dela, baliabide gutxi dituztelako, eta krisiaren ondorioz, baliabide horiek senideak laguntzera bideratzen ari direlako. Familiakoei emateko berotze sistemari kendu diote».

Baina oinarrizko beharrizanetarako baliabideak dituztenen artean ere gero eta pobre energetiko gehiago dagoela ohartarazi du Martikorenak: «Herritarrek ez ezik, enpresek, dendek, erakunde publikoek, kontsumitzaile guztiok dugu babes gutxiago energia garestitzen denean. Gorakada horrek jarraitzen badu, pobre energetikoen kopurua igo egingo da azterketaren datuak eguneratzean. Pobrezia mota honek bi gauza adierazten dizkigu: oro har nola dagoen gizartea eta nolako energia eredua dugun».

Alde horretatik, energia ekoizten duten enpresen jokabidea deitoratu du Iñaki Barcena Ekologistak Martxan taldeko kideak: «Arazoa da energia ez dela zerbitzu publiko bat edo beharrezko ondasun bat, baizik eta merkatuaren dinamikan sartzen den beste salgai bat. Horregatik ditugu arazo horiek: merkatuaren arauen arabera ezartzen delako energiaren eskuragarritasuna, dirua ateratzeko, eta ez oinarrizko beharrizanak asetzeko». Martikorenak adierazi du, gainera, energia iturriak ezin eskuratzeak «agonia» dakarkiela herritarrei: «Elektrizitatea enpresa gutxi batzuen esku dago: negozioa sortu dute, gobernuek kontrolatzeari utzi diote, eta, gainera, tapoia jarri diete energia berriztagarriei. Egoera horretan harrapatuta daude herritarrak, faktura pagatu besterik ez zaie geratzen».

Bada alternatibarik, Aitor Urrestiren ustez. Goiener kooperatibako kide gisa, eredu aldaketa helburu dutela azaldu du: «Argindarraren salmentan sartu gara, baina energia berriztagarrietatik datorren elektrizitatea bakarrik saltzen dugu; beraz, gero eta kooperatibista gehiago izan, are energia berriztagarri gehiago beharko dugu, eta orduan instalazio berriak eraiki beharko dira». Dena den, onartu du prezioak ezartzeko aukera «oso estua» dela. «Ahalik eta tarifarik merkeena ematen saiatzen gara, eta helburua da prezio bidezkoena jartzea. Arazoa da ez dakigula zenbat kostatzen den elektrizitatea. Horren inguruan ikuskaritza bat behar dugu: orduan ikusiko dugu benetako gastuak ordaintzen ari garen, edo agian konturatuko gara elektrizitatea egun ordaintzen duguna baino garestiagoa dela».

Eraginkortasuna giltzarri

Baina baliabide ekonomikoez gain, badago pobrezia energetikoa eragiten duen beste faktore bat: etxebizitzaren eraginkortasun energetikoa eta isolatze termikoa. Horregatik dio Martikorenak txirotasun mota hori ingurumen arazoa ere badela: «Etxe bateko berokuntza sistema txarra bada, edo leihoetatik bero handia ateratzen bada, etxea berotzeko energia gehiago kontsumitu beharko dute familiek, adibidez, beste berogailu batzuk piztuz. Eta etxeetatik ateratzen den bero hori aprobetxatu gabeko energia da».

Irtenbidea argi du Jose Luis Lopezek: «Luzera begira, pobrezia energetikoaren benetako konponbidea etxeen eraginkortasuna hobetzea da». Funtsean, eraikinak behar duen energia gutxitzean datza, batez ere, azpiegituraren horma, estalki eta leihoak hobetzean. «Eraikina ondo isolatuta badut, hotz gutxi sartzen bada eta berokuntza gutxiago behar badut, energiaren prezioak igotzeak edo hotz handiagoa egiteak gutxiago eragingo dit».

Lopezek badaki arazo ekonomikoak dauden lekuetan zaila dela etxeak birgaitzea, inbertsioa eskatzen duelako: «Laguntza publikoak bideratu beharko lirateke». Baina aldaketak, azpiegituretan ez ezik, jokabideetan ere egin daitezkeela adierazi du Martikorenak: «Norbere etxebizitzan energia ondo kudeatuta dagoen jakiteak informazioa eta ardura eskatzen du: fakturak aztertzea, kontratatutakoa arretaz aztertzea, kontsumo txikiko bonbillak erabiltzea, etxean argiztapen asko edo gutxi dagoen aztertzea, zein berokuntza sistema dagoen hausnartzea… Horrelakoen jakitun izateak posizio hobea ematen digu kontsumitzaile gisa. Baina mundu guztiak ez badu astirik edo modurik, erakundeetatik erraztu beharko litzateke».

Aholkularitza, aurrezteko

Horretan ari dira Goienerren. Aholkularitza zerbitzu bat abiatu du kooperatibak: etxeetan kontagailuak banatu dituzte, zenbat eta nola kontsumitzen duten aztertzeko, eta nondik aurreztu neurtzeko. Urresti: «Besteak beste, benetan behar duen ekopotentzia kontratatuta ote daukan jakin behar du jendeak; askotan gertatzen da behar baino potentzia handiagoa edukitzea, eta, azken hilabeteetan potentziaren oinarri finkoa igoz joan denez, faktura asko garestitu da».

Ikuspegi ekologistatik ere, Barcenak ezinbesteko jo du gutxiago kontsumitzea, batez ere beharrezkoa ez denean: «Batzuetan energia gehiegi gastatzen dugu; ez da ulergarria etxe batean 25 gradu egotea neguan, eta han bizi direnak mahuka motzetan ibiltzea. Gure gizartean, energia exosomatikora gero eta ohituago gaude, ez beharrezko dugun horretara, baizik eta hortik aurrerakora: gero eta energia gehiago erabiltzen dugu gure bizi-kalitatea hobetzeko. Zenbat telebista behar dira etxe batean? Zenbat garbigailu, zenbat hozkailu?».

Gogora ekarri du, halaber, argindarraren prezioaren auzia mendekotasun energetikoarekin lotuta dagoela: «Euskal Herrian ez gara gai gure baliabide energetikoekin gizarteak kontsumitzen duena asetzeko; beraz, energia kanpotik ekarri behar dugu, baldintza sozial, politiko eta ekologiko oso kritikagarrietan. Baina, bestalde, garatu gabeko baliabide energetiko asko ditugu: eguzkia, itsasoa, haizea... Askoz energia gutxiagorekin guztion beharrizan energetikoak ase daitezke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.