Literatura. Lehiaketen gainbehera

Ekonomiatik haragoko krisia

Azken urteotan desagertu egin dira tradizio handiko hainbat literatur lehiaketa; edo antolatzaileek haien jarduna eten dute bederen, tarte baterako, lehiaketa horien izaera eta zereginak birplanteatzeko asmotan.

Juan Luis Zabala
2014ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Garai batean, duela 20 edo 25 urte arte, erreferentzia garrantzitsu izan ziren euskarazko literatur lehiaketak, eta are neurri bateko glamour bat izatera ere heldu zirela ere esan daiteke, baina gaur egun, behiala izandako indarra galduta, bazterrekoak dira, gehientsuenak bederen, euskarazko literaturaren sistema deitzen denaren barruan. Erreferentzialtasuna eta oihartzun mediatikoa galtzearekin batera, haietako asko desagertu ere egin dira azken urteotan, lehendik ere agerikoa zen nortasun krisiari beste krisi batek, ekonomikoak, azken bultzada eman dienean.

Tene Mujika historia hurbilari buruzko ikerketa beka —Tene Mujika ipuin lehiaketaren oinordekoa edo jarraipena— eta Jokin Zaitegi itzulpen beka —Nobel saria irabazitako idazlearen lan baten euskaratze lana laguntzera bideratua azken urteotan— dira desagertu diren azken sari garrantzitsuak. Tene Mujika bekaren kasuan, Debako Udalaren erabakia ez da izan beka deialdia edo lehiaketa behin betiko uztea, eten bat egitea baizik, lehiaketaren izaera aztertzeko eta akaso beste definizio eta izaera batekin berriro abian jartzeko datorren urtean edo bi urte barru. Jokin Zaitegi bekaren kasuan, Kutxa Fundazioak ematen zuen laguntzarik gabe geratzeak aurtengo deialdia bertan behera uztera bultzatu du Arrasateko AED elkartea. Horien aurretik, Irun Hiria eta Donostia Hiria utzi zituen bertan behera Kutxa Fundazioak, baina ez behin betiko horiek ere, diotenez, urte batzuetarako baizik, aurrerago plazara «indarberrituta» itzultzeko asmotan. Urte batzuk lehenago BBK-Euskaltzaindiarenak desagertu ziren betiko, besteak beste. Zerrenda luzea da.

Gainbehera horren eta desagerpen horien ondorio kaltegarriak igartzen ari den idazleetako bat da Aitor Arana. Hogei inguru sari literario irabazi ditu, mota eta munta askotakoak, eta duela 20 urtetik gora idazle profesional izateko hautua egin zuenetik lehiaketak oinarri garrantzitsu izan ditu erabaki horri eusteko. «Benetan idaztetik eta itzultzetik soilik bizi den idazleak lau hankako mahaia dauka horretarako», Aranak bere egoera azaltzeko erabiltzen duen irudiaren arabera. «Hanka horiek sorkuntza, itzulpengintza, promozio lana eta lehiaketak dira. Lau hanka horiek laguntzen didate niri behintzat, profesional iraunkorra izaten. Lehiaketak nabarmen murriztu direnez, horiek sortzen zuten laguntza eta segurtasun ekonomikoa ere murriztu egin zait, eta itzulpenak ere nabarmen gutxitu dituzte argitaletxeek azken urteotan. Hiru hanka sendo eta tartekako bat zeuden lekuan, orain bi hanka sendo, ahul bat eta tartekako ahul bat ikusten ditut nik».

Aspaldidaniko arrangurak

Lehiaketen antolatzaileen interes falta eta inertzia sarritan izan dira kritikatuak, eta ez soilik azken urteetan. Aspaldidanik salatu da —XX. mendeko 90eko hamarkadako aurreneko urteetatik— antolatzaileen biltegietan hautsa pilatzen dauden liburu sarituz betetako kaxen egoera.

«Lehiaketak oso pertsona gutxiren iritziaren arabera bideratzen dira, eta saritutako lanak edo liburuak askotan galdu egiten dira, argitaletxeak ez dituelako bultzatzen», Aranaren ustez. «Horrez gain, badakit gure idazleen idazlan onak jaso dituzten hainbat lehiaketak saria eman gabe utzi izan dutela, eskuetan merezimendu handiko idazlanak eduki arren. Laburtuz: sariek ospea edo berme tinkoa ematen dutela uste dutenak oker daude».

Krisi ekonomikoak ez luke literatur lehiaketak desagerrarazteko aitzakia izan behar, Aranaren ustez. «Neure buruari askotan galdetu diot lehiaketen antolatzaileek horien oinarrien lehen puntuan esaten dutena benetan sinesten ote duten edo sinesten ote zuten: 'Halako taldeak halako lehiaketa sortu du literatur sorkuntza (edo irakurzaletasuna) bultzatzeko'». Berak bai, Aitor Aranak beti sinetsi izan du hori egia dela: «Neure kasuan, lehiaketarik egon ez balitz, ez nituzkeen egingo profesionalizaziorako lehen urratsak, eta bidean geratuko nintzen, ziurrenik. Eta ez hori bakarrik: hainbat profesionalek horiei eskerrak iraun ahal izan dugu gerora ere, euskal idazle profesionala izateko bide zailean». Baina ez du uste antolatzaileek baieztapen horretan benetan sinesten dutenik. «Sinetsiko balute, edo sinetsi balute, ez zuketen onartuko krisiak hainbeste lehiaketa hondatzea» .

Sariak vs lehiaketak

Argitaratu gabeko liburuei emandako sarien aldean, erreferentzialtasun eta oihartzun mediatiko handiagoa dute gaur egun aurrez argitaratutako lanei ematen zaizkienek: Euskadi Literatura sariek, 111 Akademiaren sariak eta Espainian erabakitzen direnek: Espainiako sari nazionalek eta Espainiako kritikaren sariek. Hots, idazlan ezezagunen arteko lehiaketak baino ospe handiagokoak dira liburu ezagunei emandako sariak.

Euskadi Literatura sariak dira euskal literaturaren sistemaren barruan gaur egun dauden sarien artean oihartzun mediatiko handienekoak. Argitaratu gabeko idazlanak lehiatzen ziren behiala Euskadi Literatura sariak eskuratzeko, baina 1997az geroztik aurreko urteko lanen artean hautatzen ditu epaimahaiak sarituak. 111 Akademia lehiaketaren kasuan ere aurreko urtean argitaratutako lanen artean egiten du hautaketa 111 Akademiako irakurleek osatutako epaimahaiak. Euskadi Literatura sariek adinako oihartzun mediatikorik ez izan arren, idazleek bereziki gustuko duten saria da, irakurleek emana delako, saria irabazi dutenen adierazpenek erakusten dutenez.

Espainiako kritikaren sariak eta Espainiako sari nazionalak ere multzo berean sartzeko modukoak dira, horietan ere aurrez argitaratutako liburuak saritzen direnez. Euskarazko liburu batek Espainiako sari nazional bat eskuratu duen bakoitzean oihartzun mediatiko handia izan du albisteak orain arte. Bereziki aipagarria da Bernardo Atxagak Obabakoak eleberriarekin 1989an lortu zuen narratiba arloko Espainiako sari nazionala.

Nolanahi ere, «engainagarria» da, Mikel Hernandez Abaitua idazlearen ustez, argitaratutako liburuei emandako sarien eta argitaratuta gabeko lanak saritzen dituzten lehiaketen arteko bereizketa. «Saria edo lehiaketa nork antolatzen duen eta zenbat diru banatzen duen da garrantzitsua, ez saria edo lehiaketa izatea. Hau da, oihartzun handia edo diru asko —edo biak batera— ematen duten sariek eta lehiaketek izaten dute beti protagonismo handia».

Lehiaketen urrezko urteak

Hainbat literatur lehiaketak oihartzun eta ospe handia izan zuten 80ko hamarkadako urte batzuetan. Donostia Hiria eta Irun Hiria sarien banaketa hainbat gonbidatu biltzen zuen ekitaldi ofizial batean egiten zen, eta ekitaldiaren berri zuzenean eman zuen hainbatetan Joxerra Garzia eta Pello Zabaletaren Euskadi Irratiko Sorgin afaria kultur saio erreferentziazkoak.

Susa aldizkari artean sortu berriko idazleek lehiaketa horietan parte hartzeko ohitura zuten. Sari banaketa ekitaldietan ere behin baino gehiagotan izan ziren, eta baita sariak jaso ere. Horrez gain, Donostia Hiria edo Irun Hiria lehiaketan saria —edo akzesit bat— jasotako hainbat ipuin argitaratu zituzten Susa aldizkarian: Mikel Hernandez Abaituaren Gurutzegramak egiten zituen gizona eta Trapezioko bi artistak Josu Landaren Tiro bat besterik ez , Mikel Antzaren Suzko gezi bat bezala eta Berunezko soldadutxoak kolekzionatzen zituen ministroa, Laura Mintegiren Satorzuloa, Iñaki Uriaren Bitan banatuko bagina bezala… Saritutako beste ipuin batzuk ere argitaratu ziren beste aldizkari batzuetan: Bernardo Atxagaren Gauero aterako nintzateke paseatzera,Egan aldizkarian; Joxerra Garziaren Demetrio edo mendekuaren gozoa,Ttu-ttuá aldizkarian; Felipe Juaristiren Fata morgana,Plazara aldizkarian… Balio erantsi bat izaten zen ipuinarentzat jasotako saria edo akzesita, eta haren aipamena egin ohi zen aldizkarian argitaratzean.

Lehiaketen aurkako iritziak

Ordurako zabaltzen hasia zen hala ere literatur lehiaketen aurkako joera bat, batik bat Oh! Euzkadi aldizkarian islatua. Susa aldizkarikoen taldea utzi ondoren, Oh! Euzkadi aldizkarikoekin bildu zen Hernandez Abaitua, eta ondo oroitzen da horretaz: «Oh! Euzkadi aldizkarian sarien aurkako giroa oso nabarmena zen».

Oh! Euzkadi-ren lehen zenbakian —1979ko maiatzean— argitaratutako Sariak eta txapelak artikulu anonimoak erakusten du Hernandez Abaituak aipatutako giro hori hasieratik zegoela aldizkari hartan. «Guztien eta ororen gainetik, txapelketek, direnak direla, konpetibitatearen har nardagarria sor eta sar eratzen digutela», dio, besteak beste, artikulu horrek. «Txapelketa harri-jasotzeetarako. Literatura neurtzeko lehiaketa, dotoreago eta despistanteago apustularien aurrean. Baina biei ere nor-gehiagoka ere esan izan zaie noizbait. Epai-mahaikoek badukete horrenbesterainoko jakinduriarik noski».

Lehiaketen aldekoen eta aurkakoen eztabaidak indar eta oihartzun handia izan zuen 80ko hamarkadaren amaiera aldera arte. Ondorengo urteetan eztabaida hura isildu egin zen, baina lehiaketek gero eta oihartzun gutxiago izaten eta indar sinboliko eta errepresentatiboa galtzen hasi ziren. Ondorengo urteetako inertzien ondorioz, sariak ekonomiatik haragokoa den krisi batean daude gaur egun, eta horren ondorio da haietako batzuk desagertzea edo beren izaera birplanteatzeko etenaldiak egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.