Boxeoaren egoera Euskal Herrian

Ospe txarrarekin kolpeka

Inoiz baino lagun gehiago gimnasioetan boxeoan, eta inoiz baino oihartzun txikiagoa. Horra boxeoaren Euskal Herriko egoera.

Boxeolari bat, entrenatzen, Errenteriako Paco Bueno gimnasioan. IMANOL OTEGI / ARGAZKI PRESS.
Julen Etxeberria.
Donostia
2012ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Apenas entzuten den zaratarik Errenteriako (Gipuzkoa) Paco Bueno gimnasioaren atarian. Baina atea ireki, eta berehala entzuten dira lehen hotsak: eskularru batzuen kolpe zehatz eta lehorrak, ederki zigortutako zaku baten ibili geldoa eta punchingball baten etengabeko joan-etorria. Atmosfera ere berezia da, ziurrenik bertan elkar nahasten diren usain ezberdinengatik. Boxeoak hain berezkoak dituen izerdi, linimentu eta larru usainak dira.

Zaila da asmatzen zenbait paretaren kolorea. Dozenaka kartelek zailtzen dute lana. Boxeo jaialdietako kartelak dira. Denetarik dago, historikoak zein duela egun gutxikoak. Alfonso Gonzalez Zamorita entrenatzaileari (Astigarraga, Gipuzkoa, 1949) dir-dir egiten diote begiek kartel historikoei begira geldi-geldi geratzen denean. Haiek irakurtzen hasi eta Zamoritak gaztaroko pasarteak gogoratzea, biak bat dira. «Gauez altxatzen nintzen Muhammad Aliren borrokak telebistaz ikusteko. Ez nintzen bakarra, hala ere. Lehen, zaletasun handia zegoen, eta boxeoak oihartzun handia zuen komunikabideetan. Orain, zaletasuna egon badago, baina oihartzuna...». Hor bukatu du kontakizuna. Ondorengoa etsipen keinu txiki bat izan da.

Ez da iritzi bakartu bat. Boxeoan oso hedatuta dagoen iritzia da komunikabideek ez dutela boxeoa aintzat hartzen. Batzuk haratago doaz. Komunikabideek «baztertu» egiten dutela diote. «Ez digute kasu zipitzik egiten, eta egiten digutenean ez da ezer onik esateko. Bazter batean gaituzte». Carlos San Jose (Bilbo, 1938) Bizkaiko Boxeo Federazioko presidentearenak dira hitzak. Halere, badira salbuespenak. «ETBk eta Tele7 telebista kateek boxeoa ematen dute, eta eskertzen da.ETBren kasuan, halere, eskertuko genuke AEBetako boxeoari kasu apur bat gutxiago egitea eta hemengoan arreta gehiago jartzea».

Boxeoak klixe bati baino gehiagori aurre egin behar dio. Bat, adibidez, kirol bortitza dela, indarkeriaz betetakoa, eta haren funtsa parean dagoenari muturra apurtzea dela. «Hori dioenak ez du tutik ulertzen boxeoaz. Noski, boxeolariek elkar jotzen dute, ahal duten gogorren gainera, baina arau batzuk daude, oso arau zehatzak, eta beti errespetatzen dira. Errespetatzen ez dituena azkar doa kalera. Ring gaineko borroka bat ez da kaleko borroka bat», azaldu du Jose Luis Zelaia boxeo managerrak (Areatza, Bizkaia, 1958). San Josek gonbita egin dio hori hala dela sinesten ez duen orori harekin harremanetan jartzeko. «Nik eramango ditut borroka batera, eta ziur harrituta geratuko direla zer-nolako errespetua eta laguntasuna dagoen boxeolarien artean, bai borroka hasi baino lehen, bai ringean, baita behin borroka amaituta ere. Kirol zintzoa da boxeoa».

Ia 30 jaialdi urtean

Boxeoaren ospe txarraren atzean «kondaira asko» daudela dio Juan Luis Torralba Euskadiko Federazioko lehendakariak (Villar del Rio, Kordoba, Espainia, 1936). «Boxeoa elezahar beltz askoren protagonista da. Filmetan, adibidez, ia beti azaldu da gangster-ei lotuta. Eta horrek ez du batere laguntzen. Boxeoa kirol garbia da, bestela ez litzateke izango Olinpiar Jokoetan 1904tik».

Baina ringaren inguruan dabiltzan lagunei «amorru» gehien ematen diena da komunikabideen «utzikeria» horrek «ikusezin» bilakatu duela egun boxeoak duen gorakada. «Inoiz baino gimnasio gehiago daude, eta inoiz baino boxeolari gehiago. Aspaldi ez genuen horrelako loraldirik boxeoan. Horrek argi erakusten du boxeoa osasuntsu dagoela», azpimarratu du San Josek.

Torralbak dauzka datuak. Euskadiko Federazioko burua izanik, buruan ditu zenbakiak. «600dik gora lagun dabiltza boxeoan Euskal Herrian, eta horietatik 400 inguru lizentziadunak dira. Horietatik bizpahiru soilik dira emakumezkoak. Boxeo jaialdien kopuruak ere gora egin du. Egun, ia 30 jaialdi egiten dira urtean, gehienak Bizkaian, baina Gipuzkoan eta Araban ere sarri egiten dira. Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian, aldiz, gutxiago antolatzen dira. Horietan indar gehiago du kick boxing-ak».

Eta boxeoak harrera ona du zaleen artean? San Josek oso argi du baietz. «Beti egon ohi da ikusle kopuru polita. Tokiaren arabera, gehiago edo gutxiago joaten dira. Erandion, adibidez, 500 bat, eta Bilbon, Miribillan, 2.000 bat». Errentagarriak ote diren? «Bai, bestela uste duzu inork antolatuko zituela?», dio Zelaiak. Zamoritak, halere, izan du esperientzia txarrik. «Bitan gertatu zait aurreikuspenetan huts egin eta zulo polita bete behar izatea gero nire patrikatik. Horrelakoak gertatzen dira noiz edo noiz, eta are gehiago azkenaldian, krisiaren eraginez diru laguntzak jaitsi direnean».

Kantitatea eta kalitatea. Biak betetzen dira egun boxeolariei dagokienez. «Boxeolari asko daude, eta oso ondo prestatuta», nabarmendu du San Josek. «Lehen baino hobeto daude prestatuta. Eta oker dabil kontrakoa dioena», zehaztu du Zelaiak. Hala ere, boxeoan dabiltzan 600 lagunen artean %10ek baino gutxiagok egiten dute pausoa ringera igo eta borroka ofizial batean lehiatzeko. 50 inguruk, gehiagok ez. « Egungo boxeolari gazteak ez dira gure garaikoak bezalakoak. Ikasketak dituzte buruan, eta boxeoa zaletasuna da haientzat, besterik ez. Gainera, gauza bat da gimnasioan boxeoan aritzea eta beste gauza bat ring batera igotzea», esan du San Josek. Horretan ere zehaztapen garrantzitsua egin du Zelaiak. «Edonork ez du balio ring batera igo eta parean duenarekin muturka hasteko. Eta balio duenak ere ez du bide samurra».

Boxeoaz bizitzearen zailtasunaz asko daki Nacho Mendozak (San Antero, Kolonbia, 1983). Euskal Herrian dauden dozena inguru boxeolari profesionaletako bat da. Kolonbian jaio zen, baina hamar urte daramatza Gasteizen bizitzen. Han, Zelaiaren aginduetara lortu ditu garaipen sonatuenak, tartean super-arinetako nazioarteko gerrikoa. Hasieratik utzi du garbi boxeolari profesionalen egoera. «Ez dakit profesionalak garela esan daitekeen. Ni ogibidez soldatzailea naiz. Zortzi orduz soldatzen aritu ondoren joaten naiz gimnasiora». Mendozak bi urte egin zituen boxeoan buru-belarri, eta horri esker lortu zituen bere kirol ibilbideko emaitza onenak. Halere, uko egin behar izan zion «pribilegiozko» egoera horri. «Bi seme-alaba ditut, hipoteka bat... Eta hori ezin da ordaindu boxeoan lortzen dudanarekin bakarrik. Ni soldatzaile lanaz bizi naiz, ez boxeoaz. Nahiko nuke boxeoaz bizitzea, baina, gaur-gaurkoz, hori ezinezkoa da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.