Saskibaloia. Eurokopako finala: Uxue Bilbo Basket-Lokomotiv Kuban. Jimmy Baron. Lokomotiv Kuban taldeko jokalaria

«Bilbo Basketen aurkako derbiak gustuko nituen, partida beroak ziren»

Euskal zaleen lagun zaharra da Jimmy Baron, Lagun Aro GBCn aritu baitzen bi urtez. Horregatik ere ondo ezagutzen du Uxue Bilbo Basket. Finalean faboritorik ez dagoela eta titulua defentsak erabakiko duela dio.

Imanol Magro Eizmendi.
2013ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Lagun Aroko zaleen kutuna zen, baina iazko udan Lokomotiv Kubanen eskaintza ona onartu zuen, Donostiako taldearen oniritziarekin. Denboraldi hasieran baino minutu gutxiagoan aritzen da jokoan orain Jimmy Baron (Rhode Island, AEB, 1986), baina, hala ere, gustura dago, taldea bikain jokatzen ari delako Eurokopan eta Errusiako Ligan. Telefonoz hitz egin du BERRIArekin, jator eta atsegin.

Finalak ikusmin handia sortu al du Krasnodarren?

Bai, ikusmin handia sortu du. Jendea erotuta dago, afizio handia dago hemen. Lorpen handia da taldearentzat. Jende asko joango den ez dakit, kontuan izan behar delako bidaia oso luzea dela, eta garestia... Baina hara doazenak nabarituko dira, zaude ziur.

Lokomotiven helburua da Eurokopa irabaztea eta Euroligarako sailkatzea. Presio berezirik nabari al duzue?

Tira, talde indartsua dugu, eta hasieratik genekien Eurokopa irabazteko hautagai ginela. Lehian egongo ginela bagenekien, eta finalera iristea handia izan da. Orain irabaztea falta da.Presioa? Azken finean, finala partida bat da, eta hor ezin da jarri arrakastaren eta porrotaren arteko langarik. Baina, tira, negozio hau horrelakoa da.

Lokomotiv Euroligan aritzeko moduko taldea da. Eurokopako indartsuena da?

Asko esatea da hori. Eurokopan maila handiko talde asko daude, Euroligan ere lehiatzeko modukoak: Bilbo Basket, Valentzia, Unics Kazan, Galatasaray... eta, gu, noski. Guk ere talde indartsua dugu. Ahal fisiko handikoa. Gauza asko egin ditzaketen jokalariak ditugu: defendatzaile onak, pibot onak, hiruko jaurtitzaile onak...

Ondo ezagutzen duzu Bilbo Basket. Taldean zerbait galdetu al dizute?

Zerbait galdetu didate; baina, tira, gaur egun scouting (ikusketa) lan handia egiten da. Guk euren bideo asko ikusi ditugu, eta eurek gureak. Baina, bai, abantaila da aurkaria ezagutzea.

Ezustekoa izan al da Bilbo Basket finalen ikustea?

Ezta inondik ere. Hasieratik uste nuen hautagaien artean zegoela. Bigarren ligaxka bukaera bikaina egin zuen, eta kanporaketetan maila bikaina eman du. Finala partida gogorra izango da.

Zure iritziz, zein da Bilbo Basketen dohainik handiena?

Elkarrekin jokatzen duen talde bat dela. Entrenatzaileak lan handia egin du. Mumbruren edo Lopezen antzeko jokalari oso onak ditu, baina haien dohain nagusia da elkarrekin jokatzen dutela, erasoan zein defentsan.

Zein izango da finaleko gakoa?

Defentsa. Partida bakarrean erabakiko den titulua da; bi taldeak gara trebeak erasoan. Aurkaria ongien lotzen duenak irabaziko du.

Bilbo Basketen aurkako partida batzuk jokaturikoa zara.

Bai, eta asko gustatzen zitzaizkidan partida haiek: derbi beroak, jendea zoro harmailetan, markagailu paretsuak... Ondo ditut gogoan Bilbo Basketen aurkako partidak; bereziki, Aaron Jacksonek bere bizitzako saskiratze onena lortu zuenekoa, bederatzi metrotatik. Berak ere ezin zuen sinetsi.

Belauneko lesioa izan zenuen urtarrilean. Osatu al zara?

Bai, orain ondo nago. Aste batzuk egin nituen geldi, eta zortea izan nuen. Susto handia izan zen; hasieran, okerragoa izango zela zirudien. Baina ez zitzaizkidan lotailuak mindu.

Zure egoeraaldatu egin da. Liga hasieran gehiago jokatzen zenuen.

Egia da, saskibaloia halakoa da, negozio honek hori du. Jaurtiketak sartzen ez badira, normala da gutxiago jokatzea. Lesioak ere izan zuen eraginik, eta taldekideak oso onak izatea. Beste lan bat da. Lehen, 30 minutu jokatzen nituen partidako; orain, gutxiago. Baina 30 edo hamar minutu jokatuta ere nire onena eman behar dut, argi daukat, eta azken partidetan gehiago ari naiz jokatzen.

ACB liga edo Errusiakoa. Zein da gogorragoa?

Antzeko maila dute. Errusiako Ligan ere talde handiak daude, talde benetan onak. Alde handiena da hemen kanporaketarik ez dagoela.

Donostian, jendea harritu egin zenuen zure lan diziplinarekin. Berdin jarraitzen duzu?

Bai, noski. Nire aitak erakutsi zidan gauza bat da, eta ohitura horiek ez dira aldatu behar. Jaurtiketa egunero landu beharreko ezaugarri bat da. Nik saskibaloia maite dut, baina hau lana da; Michael Jordanek zioen saskibaloia beti ez zela dibertigarria, lan asko dagoela atzean, eta nik ez dut horretarako arazorik.

Alde handia dago Donostiaren eta Krasnodarren artean?

Bai, Donostiatik hona... Niretzat, ez hainbeste; emaztearentzat,gehiago. Gizartea desberdina da,eta hizkuntza... Ingelesez hitz egiten duen jende askorik ez dago, eta errusiera ulertzea oso zaila da. Aldaketara egokitzea kostatu zitzaion, Donostian hockeyan jokatzen zuen, lagunak eginak zituen... Niretzat, aldiz, errutinak oso antzekoak dira, entrenamendua, hegaldi asko, atsedena...

Nolakoa da hiria?

Ez du Donostiaren antzik. Itsasoa falta zaio... Hemen, Itsaso Beltza ez dago oso urrun, pare bat ordu autoz, baina desberdina da. Eguraldia ez da oso hotza; Errusiako beste hiri batzuekin alderatuta,epela da, eta Donostian baino euri gutxiago egiten du. Donostia nik ikusi ditudan bizpahiru hiri politenetakoa da, eta oroitzapen bikainak ditut. Ez dut erraz ahaztuko. Itzuliko naiz.

Lagun asko utzi zenituen Donostian.

Bai, urte oso politak izan zirelako, baina hemen oso gustura nago. Noski, harreman estua dut Javirekin [Salgado], Davidekin [Doblas], Sitorekin... Maiz hitz egiten dut eurekin. Uztailean ezkontzekoa naiz, eta denak gonbidatuta daude. Orduan ikusiko ditut.

Eutsiko al dio mailari Lagun Arok?

Sasoi hasieran arazo asko izan zituen min harturiko jokalariekin. Gero, jokalari berri asko iritsi ziren, eta zaila da erritmoa hartzea. Baina hilabeteekin hobera egin du, eta orain ari da ongien jokatzen. Nik uste dut mailari eutsiko diola. Gakoa da bi edo hiru partida jarraian irabaztea, eta jaistekopostuetatik irtetea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.