Txirrindularitza. Euskal Herriko Itzulia: eta orain zer?

Eta besarkada bero bat bueltan

Euskaltel-Euskadi taldearen proiektua desagertzearekin batera itzali da Egoi Martinezen tropeleko etorkizuna. Bere burua erabat familiari eskainita, etorkizuna egituratzeko lan zailean murgilduta dabil.
Egoi Martinez, baloiarekin, aste honetan, Etxarri-Aranazko bere etxean, Iker eta Maddi 5 eta 2 urteko seme-alabekin jolasean.
Egoi Martinez, baloiarekin, aste honetan, Etxarri-Aranazko bere etxean, Iker eta Maddi 5 eta 2 urteko seme-alabekin jolasean. EGOI MARTINEZ

Unai Zubeldia -

2014ko apirilak 11
«Aitatxo, aitatxo, gaur nire futbol partida ikustera etorriko zara? Bai?». Eta besarkada bero bat atzetik. Egoi Martinezek (Etxarri-Aranatz, Nafarroa, 1978) urte askoan jarri dio familiari ezezkoaren pareta. «Eta argi neukan seme-alaben ondoan ordu pila bat igarotzea zela profesional ibilbidearen ondorengo lehen urtebeteko helburu nagusia». Bost urte dauzka Ikerrek, eta bi Maddik. Seme-alaben babesean, bere gain hartu ditu etxeko ardura gehienak. «Eta lanean hasi da emaztea». Hori bai, ez du galdu nahi loturarik txirrindularitzarekin. «Badakidalako tropeletik erabat urrunduz gero, ondoren zailagoa izango dudala giro horretara itzultzea». Etorkizunaren ate guztiak irekita dauzka, oraingoz.

«Bizimodu berrira egokitzeko prozesu luzean murgilduta nabilelako oraindik». Ez da erraza hamabi urte luzeko ibilbide oparoa bat-batean etetea. «Eta kostako zait ohitzea». Barru-barrutik atera zaio. Egoi Martinezek erretiroa hartuko zuela ez zuelako erabaki Egoi Martinezek berak. «Ezaugarri horrek are gehiago zaildu du nire egokitzapena». Euskaltel-Euskadi itzaltzearekin batera apaldu da etxarriarra. Ezinari irribarre txiki bat aterata, ordea, bizikleta gainean egin izan duen modu berean, gauzei «datozen bezala heltzen» ikasi du azken urteotan. «Neure buruari ez diot utziko baxualdi psikologikorik izaten». Horixe da gauzei aurre egiteko sendagairik onena. Txirrindularitza kontuak aipatuta, inbidia puntu bat nabari zaio hizketan. «Baina oso ondo nago».

Bizimoduaren bat-bateko aldaketa «handia eta gogorra» izaten ari da. «Eta goi mailako kirolari bat izatearen falta sumatzen dut oraindik ere». Baina erabat bestelako sentipena dauka familiak. «Oso pozik ikusten dut Raquel emaztea, oso pozik seme-alabak... Eta ohartu naiz bost hilabeteotan bost urteotan baino gauza gehiago egin ditudala haurrekin». Eurekin lasai ederrean jolasean ibiltzearen gisako keinu txikiek betetzen dute orain. «Eta emazteak ere askatasun eta lasaitasun handiagoa dauka nahi duena egiteko, bere lagunekin garagardo bat hartzera joateko...». Familia guztiaren egunerokoa eraldatu du bere erretiroak. «Eta nire egokitzapenean ikaragarri lagungarria zait eurak hain pozik ikustea». Gertukoenen pozak berotasun handia ematen dio.

Kirola, «modu anarkikoan»

Betidanik «oso kirolzalea» izan da Egoi Martinez. «Eta, behin txirrindularitza utzita, denetik egiten hasi naiz; oso anarkikoki, hori bai». Ordubete korrika egiten du batean. «Bizikletan bi ordu hurrengoan». Igeri egitera joaten da hala egin nahi duenean. «Pisuak altxatzera, agian, hurrengo egunean; edo korrika egitera bi egunez jarraian...». Nahi duenean nahi duena egiten du. «Egunaren arabera, gorputzak eskatzen didana egiten dut». Ez da filosofia txarra. «Hori bai, igandeetan salbu, egunero-egunero egiten du kirolen bat». Hogei urte baino gehiago igaro ditu ia egunero izerditan. «Eta ariketa behar izaten du gorputzak ondo sentitzeko». Gustatu egiten zaio, gainera, sufrimendu hori.

Txirrindularien ohiko gorputz ihar-iharrari «gihar pixka bat» gehitu dio orain etxarriarrak. «Eta ondo mantentzen naiz». Ondo dago hark berak esatea. Haren hitzetan, «bizitza ulertzeko modu bat» da kirola egitea. «Eta, orain, ez dut aldatuko, txirrindularitza profesionala utzi dudalako». Aspaldidanik, digestio aparatua «berezi samarra» dauka, gainera, nafarrak. «Eta berehala nabaritzen dut behar baino gehiago jaten dudanean edo gantza daukaten jakiak barneratzen ditudanean». Horregatik du hain beharrezko kirola egiten jarraitzea. «Ohitura kontua da dena. Hamar urte barru hitz egiten badugu, agian esango dizut batere kirolik ez dudala egiten», bota du barrez.

«Nire lekua aurkitu nahi dut, eta ez daukat argi gerora zer egingo dudan». 2002an egin zuen debuta profesionaletan, Euskaltel-Euskadi taldearekin, eta 2006an eta 2007an Discovery Channelen sartu-irtena eginda, «etxeko taldera» itzuli zen 2008an. Mundua ezagutzeko aukera eman dio txirrindularitzak Egoi Martinezi. «Eta kontaktu asko egin ditut urteotan guztietan». Baina tarte handia dago proiekturen bat buruan izatetik proiektu hori gauzatu ahal izatera. «Ea aurkitzen dudan ondo egin dezakedan zerbait». Bilaketa lan horretan murgilduta dabil hilabeteotan.

«Zale bat gehiago» izaten ari da jokoan den Euskal Herriko Itzulian. «Eta gertuko beste hainbat lasterketatara ere azalduko naiz aurrerantzean. Ziur». Urrutira joan gabe, Kataluniako Voltan izan zen joan den astean. «Eta han dauzkadan lagun batzuk agurtzeko baliatu nuen». Hamabi urte luzeko ibilbidean, txirrindulari umila eta langilea izan da etxarriarra. Eta halakoxea da orain ere. Ez du esaten hitz bat bestea baino ozenago. Horregatik izan da eta da txirrindulari zaleen hain kutuna. Seme-alabak ere hasi dira ohartzen ondoan daukatenaz.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna