Lau t'erdikoan pentsatu gabe

Lasterka eta pilotalekuan eskuak zailtzen hasi da Pablo Berasaluze, orpazurda lotzeko ebakuntza egin eta hiru hilabetetara. Pixkanaka osatu nahi du; ez du presarik, ezta sendatze prozesuari epeak jartzeko gogorik ere.

Pablo Berasaluze pilota jotzen, Iruñeko Labrit pilotalekuan eginiko entrenamendu saio batean. LANDER F. ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
2013ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Hiru hilabete igaro dira Pablo Berasaluze (Berriz, Bizkaia, 1977) lurrera nola erortzen zen ikusi eta pilotazale guztiei oilo ipurdia jarri zitzaienetik. Begirada guztiak Bilboko Bizkaia pilotalekuan zeuden jarrita. Martinez de Irujo eta Zabaleta 6-4 irabazten ari ziren Berasaluze II.a eta Albisuren aurka, binakako txapelketako finalean. Orduan,ezbeharra gertatu zen. Berasaluze II.a lurrera erori zen, oihu batean, sufrimendu keinu nabarmenarekin. Ezin zuen oina lurrean ipini ere egin. Ezker hankako orpazurdak erasan egin zion. Hautsita zegoen. Agur, irabazi zezakeen lehen txapelari. «Gero ikusi nuen lesioa, bideoan, baina ez da oso ongi antzematen. Mugimendu arraro bat egin nuela ikusten da, baina ezer berezirik ez. Hori bai, ikaragarrizko mina sentitu nuen. Banekien zerbait larria gertatu zitzaidala».

Hiru hilabete geroago gertuago du kantxara itzultzea. Lanean gogor ibili da ahalik eta hobekien osatzeko. «Hasiera izan zen gogorrena. Igeltsuarekin lehenik, eta makuluekin hainbeste denbora...». Ez du gogoratu ere egin nahi. «Momentu gogorrak igaro ditut, baina maite nauen jendea beti eduki dut alboan: familia, bikotekidea, lagunak... Salva Bergarak —Asegarceko kirol zuzendariak— ere egunero deitzen zidan. Denei esker ona adierazi nahi nieke. Ni osatzeko berebiziko garrantzia izan dute».

Berrindartze prozesuaren azken txanpan dago orain, baina dagoen puntura iristea ez da erraza izan. BAKHera — Saski Baskoniak Gasteizen duen Kirol Hiria— hamaika joan-etorri egin ditu, makina bat saio fisioterapeutarekin, eta gimnasioan ere ordu andana igaro du. Helburua gertuago ikusten du orain, eta animoak ere bestelakoak dira. «Eskuak zailtzen hasia naiz, nahiko bigundu baitzaizkit. Lasterka egiten ere hasia naiz dagoeneko, eta, hogei egunetan, serioago jardun ahal izango dut pilotaleku saioetan».

Lau t'erdiko txapelketaz ez du hitz egin nahi, ezta «beste txapelketei buruz» ere. «Ez dut helburu jakinik jarri. Egunak ipintzeak ez du zentzurik. Orain arte bezala, apurka-apurka joan nahi dut. Helburua ongi osatzea da, ez ahalik eta azkarren. Behin erabat sendatzen naizenean eta ongi nagoenean, ikusiko dugu zein den egutegia eta zein txapelketa joka dezakedan. Argi dudana da ez dudala sendatze prozesua bizkortuko txapelketa edo partida jakin batera iristeko». Hala ere, ez du lau t'erdikoa alboratzen, badakien arren garaiz sendatzea zaila izango dela. «Ez da bakarrik iristea; ondo prestatzea ere garrantzitsua da, ezin duzu hala edo nola parte hartu. Jokatzekotan, ligaxkan hasiko nintzateke, eta hor lehiatzeko oso ondo egon behar duzu».

Erabat osatu eta bere maila berreskuratzea besterik ez du buruan. Final batera iristea ez da erraza, baina zoritxarrak ez dio itxaropenik kendu. «Txapeldunizatea amets bat da niretzat. Oso gertu eduki nuen. Bilbon gainera, Bizkaian. Pena handia izan zen, baina nire maila berreskuratzen badut, ziur nago izango dudala beste aukeraren bat. Horretarako borrokatuko naiz».

Lesioaren lehen ondorioa finala ezin bukatzea izan zen, baina bestelako eraginak ere izan ditu. «Uda osoa galdu dut, ez dut partida bakar bat ere jokatzerik izan. Gainera, niri asko gustatzen zaizkit udako jaialdiak. Giro ederra izaten da pilotalekuetan, eta asko disfrutatzen dut. Partida asko jokatzen dira, gainera».

Asegarceko aurrelaria 36 urterekin oraindik ere gerra emateko prest dago. «Urte batzuk gelditzen zaizkit oraindik. Pilotalekutik botatzen nauten arte, hemen jarraituko dut». Pilotari gazteak indartsu datoz, eta adi egon beharko du. «Lekukoa badago, eta hori pilotaren egoera dioten bezain txarra ez delako da. Ni baikorra naiz alde horretatik. Pilotari asko daude, maila handikoak, bi izar nagusiez gain. Gazteak indartsu datoz, eta Lehen Mailan aritzeko gaitasuna dutela erakusten ari dira. Hor daude, esate baterako, Jon Jaunarena, Mikel Urrutikoetxea...».

Hamabost urte daramatza profesionaletan, eta lesioak ez dio ahaztarazi pilotan gora egiteko bide bakarra dagoela. «Profesionaletara iristeko sekretu bakarra pilotalekuan orduak eta orduak sartzea da. Ni, zorionez, txikitatik hasi nintzen pilotan, familian tradizio handia baitago, eta inoiz pentsatu ez nuen arren, goi mailara iristea lortu dut. Lan askoren fruitua izan da, eta lesioa ibilbide honetan beste koska bat besterik ez da niretzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.