Liburutegi intimoak. Miren Gaztañaga

Irudimenaren botere hartzea

Heziketarako bide alternatiboek eta genero eta rolen ikuspegi feministak bideratzen dituzte aktorearen irakurketak azkenaldian. Lotu-lotuta doazen bi kontu, ikasteko gogoz den buru ireki batean.
Donostiako Kristinaenea parkea paseatzeko, bizikletan ibiltzeko eta irakurtzeko leku kuttuntzat dauka Miren Gaztañaga aktoreak.
Donostiako Kristinaenea parkea paseatzeko, bizikletan ibiltzeko eta irakurtzeko leku kuttuntzat dauka Miren Gaztañaga aktoreak. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

Gorka Erostarbe -

2013ko abuztuak 10
Institutu garaian erosi zuen bere kabuz lehen liburua Miren Gaztañagak (Irun, 1975). «14 edo 15 bat urte izango nituen». Romeo y Julieta aski ezaguna erosi zuen, gaztelaniazko bertsioan. Bere bizitzan oso garrantzitsuak, kontzienteki garrantzitsuak, izan diren bi motorrek bultzatu zuten liburu hura erostera. Antzerkiaren barneko deia azaleratzen hasia zitzaion ordurako, eta William Shakespeareren klasikoari heltzeko ordua iritsi zitzaion, batetik: «Zenbat aldiz egingo ote nuen gero Julietarena etxean eta ispilu aurrean. Kontzienteki neure erabakiak hartzeaz jabetu nintzen orduan, nerabezaroko botere hartze hori, antzerkia asko gustatzen zitzaidalako». Garai hartan, bestetik, «egun bezala ziur aski», oso ameslaria zen, «fantasiatsua». «Fantasiatsua nintzen oso, bai maitasun kontuekin, baita beste gauza askorekin ere. Nerabezaroko maitasun erromantiko beldurgarri horrek erabat txunditurik nindukan eta.... gaur konturatzen naiz maitasun erromantikoaren eredu hori gizartearen engainu orokor bat baino ez dela. Romeo eta Julietaren istorioa bera beldurgarria da amaieran. Badauka bere xarma baina...».

Baina gerora bestelako kontu batzuk irakurri izan ditu. Guztiz bestelakoak, bai antzerkian eta baita beste generoetan ere. Antzerkia gutxi irakurri duela dio aktoreak. Samuel Beckett eta haren Godoten esperoan eta Los días felices (Happy Days jatorrizkoan) «oso interesgarriak» zaizkio, eta berriki Anton Txekhoven Cuentos liburuak liluratu du (euskaraz, Ipuinak): «Irakurtzen hasten zara eta etengabe harritzen zaitu». Euskarazkoetan Oier Guillanek idatzi eta Artezblaik argitaraturiko Arra. Arraroa-k «kolpe pozgarria» egin zion barnean: «Generoaren eta rolen inguruko hausnarketa garaian nenbilen, eta ikustea mutil bat halako gogoeta interesgarria egiten... oso ederra izan zen». Egun, Angelica Liddell Madrilgo aktorearen lanak aztoratzen dizkio barren-garunak gehien. «Oso da indartsua. Salaketa bat da bera bere horretan, hasi eta buka. Emakume izateagatik barruan daukan min hori nola atera, gizarteak emakumearengan eragiten duen pisua nola arindu. Berak idatzi eta berak antzezten du. Botaka egite erraldoi moduko bat da. Oso gordina da haren idazkera, oso genuinoa. Zuzenean ikusteko aukera izan dut, baina ez bera ezagutzekoa».

Generoaren gaia lantzeko beharretik abiatuta sortu zuen Gaztañagak berak Stereo antzezlana. Lou Reed, Velvet Underground, The Stooges, Ben Linus eta beste zenbaiten musika lagun hartuta, garenaren eta azaltzen edo islatzen dugunaren arteko talka taularatzen du Gaztañagak, pertsonaia itxuraldatze harrigarrien bidez. Birminghamen eman du lana duela bizpahiru aste. Stereo prestatzen zuen bitartean duela bost bat urte hainbat idazleren lanak irakurtzen hasi zen, feminismoaren ikuspuntua lantzen zutenak gehienak: Itziar Ziga, Beatriz Preciado — «Manifiesto contra-sexual eta Farmacopornografía, batez ere»—. Baina «modu berezian» eragin ziona Virgine Despentes frantziarraren Teoría King Kong izan zen. «Hitz egiten du gizon eta emakume tipo guztiez. Emakume itsusiez, ederrez, seduzitzea gustatzen zaienez eta ez zaienez, larrua gaizki eta ondo jotzen dutenez, ama direnez eta ez direnez. Leku egiten die guztiei. Hori da interesatu zitzaidan kontzeptua, zabaltzearena. Zabaldu, zabaldu eta zabaldu! Berak dioen guztia ez dut biblia gisa hartzen , jakina, baina efektu bat izan zuen niregan. Zerbait mugitu zidan barruan, buruaren esparrua zabaltzeko balio izan zidan, eta, gainera, lanerako iturri izan nuen. Hori oso polita da».

Lana dela eta, Iranera joateko aukera izan zuen, Antzerkiola Imaginarioa konpainiarekin. Lankide batek utzi zion Marjane Satrapi irandar frantsestuaren Persépolis komiki liburua, eta asko harritu zuen, «generoaren gaia nola jorratzen duen, daukan gordintasuna, umorea...».

Haurtzaroa eta fantasia

Antzerkiaren bitartez, besteak beste, batera eta bestera bidaiatzeko aukera izan du Gaztañagak. Haurra zenean, «irudimenaren bidez» bidaiatzen zuen batik bat. Horretan laguntzen zioten liburuek, baina ez haiek bakarrik: «Alaba bakarra nintzen, eta banituen neure jolas propioak». Aita filosofiako maisua zuen, «sekulako liburutegia zuen, liburuz inguraturiko bulegoa zuen, eta berak sartu nahi zidan irakurtzearen har hori». Lehen oroitzapen literarioa, hain zuzen ere, aitak oparituriko Zazpi Lapurrak istorioaren euskarazko bertsioa zela oroitzen du, eta harekin izandako esperientziak ordurako erakusten zuela bere bizitzak zein bide har zezakeen: «Liburua hartu, eta, lau orri baino irakurri ez nituela, gurasoek galdetu zidaten ea gustatzen ari ote zitzaidan. Eta gogoratzen naiz pasatu nuela ia ordu erdi lau orri horietaz hizketan, hitz eta pitz. Gurasoek harrituta begiratzen ninduten, 'zenbat irakurri du ba neska honek?' pentsatuko balute bezala. Zortzi urte nituen, eta hor jada ikusten zen hitz egiteko abilezia eta antzezteko joera. Publikoa adi nuen eta...».

Eta irudimen lanketa betean zegoen garaian, haurtzaroko azken urteetan, nerabezarokoen ateetan, iritsi zitzaion liburu «haluzinagarri» bat: Maria Gripe (Maria Walter berezko izenez) suediarraren Los escarabajos vuelan al atardecer. «Garai oso polita izan zen hura, bai irudimen handia nuelako eta bai liburuen bidez irudimen hori are gehiago lantzen nuelako. Banpiro txikia, Un enano en la oreja, La nariz de Moritz... irakurri nituen. Baina Maria Griperen istorioan sartu nintzen erabat. Liburua ez nuen topatzen gero. Nire bikotekide ohi baten etxean zegoen, eta eskatu egin nion mesedez itzul ziezadan».

Haurtzaroa eta irudimena barne-barnean daramatza Gaztañagak, baina bere garaian jasotako heziketari erreparaturik, sortzen zaio kezkarik, eta pitzatzen zaio barne arrakalarik. Heziketa sistema estandarrak huts egiten duela uste du, eta Andre Sternek duela pare bat urte argitaraturiko Yo nunca fui a la escuela lanak (Et je ne suis jamais allé à l'école jatorrizkoan; euskaraz ez dago oraino) eman zion pista egokirik heziketa alternatiboaren gaian sakontzeko, eta, nork jakin, aurrera begira langai bat izateko. Andre Stern musikaria da, gitarra egilea, kazetaria eta idazlea. Eta sekula ez zen joan eskolara. Ez zen joan, aitaren eraginez. Aita Arno Stern du, hezkuntzan aditua, gizaseme alemaniarra (Kassel, 1924) eta istorio berezi bezain interesgarriaren protagonista. 20 urte zituela, Bigarren Mundu Gerraren amaieran, Suitzako umezurztegi bateko arduradun jarri zuten. Gerraren ondorioz umezurtz geraturiko haurrak ziren. Orduan, ez zuen inolako esperientziarik eta prestakuntzarik Sternek, eta, beste baliabiderik ez zuenez, margotzen jarri zituen haur guztiak. Libreki, nahi zutena nahi zuten moduan pinta zezatela agindu zien, eta, ezustean, haurrek jarduera biziz erantzun zioten. Esperientzia positiboak bultzaturik, pintura tailer bat zabaldu zuen Parisen, eta adin guztietako jendea bildu zuen, nork bere erara margotu zezan. Esperientzia horren berri ematen du besteak beste, semeak plazaraturiko liburuak: «Metodologia moduko bat sortu zen handik. Adin askotako jendea dago lanean sormen espazio batean, non soilik adierazkortasuna lantzen den norberaren interesak bultzaturik. Ez dago baloraziorik. Ez dago egin beharrekorik. Norberaren interesek eta gorputzak eskatzen dutena egitea da».

Sternen liburuak harramazka egin dio «bereziki», bera ere gauza berriak ikasteko gogoz dagoen une batean irakurri duelako, eta heziketa alternatiboa garatzeko interesa piztua duelako aspaldixean: «Haurraren interesak, bere kuriositateak bideratu behar luke haren heziketa. Haurrak aurkitu ditzala gauzak, eta ez etengabe gauzak jaso. Bere kuriositatea asetuz doan heinean joango da heziketa osatuz». Antzezle nahiz pertsona gisa, heziketa molde horrek erakarri egin du Gaztañaga; «gauza gehiago ikasteko kuriositatea piztu dit. Gauza asko interesatzen zaizkigu gizakioi, eta zergatik pentsatu gauza bakarra garela». Donostiako Kristinaeneako zuhaitzei begira esan ditu hitzok. «Zer dakigu, esaterako, egungo gazte gehienok naturaz, zuhaitzez, txoriez?...». Naturaz ikasi nahi luke gehiago, eta «beste milaka kontuz, baina heziketaren gaia interesatzen zait biziki».

Heziketa bat izan zuen Gaztañagak, eta, horren ondorioz, Arte Ederrak ikasi zituen. Artistak interesatzen zaizkio gaur egun ere, eta beti izan du kuttuna Louise Bourgeois. «Lagun batek bazuen haren Destrucción del padre. Construcción del padre liburua. Eskatu egin nion. Irakurtzen hasi eta... ez zen biografia bat, ez zen teoria liburu bat... Poesiatik gertuago zegoen. Lagunak esan zidan pieza eskultoriko bat begiratzen denean bezala irakurri behar zela. Irakurtzeko beste begirada bat eskatzen du, eta hori asko gustatu zitzaidan».

Nobelak udarako dira

Antzerkia, komikia, saiakera, poesia... «handik eta hemendik» jaten du Gaztañagak, «nahiz eta irakurle kaotikoa izan, eta ez batere diziplinatua». Baina uda heldu da, eta udan nobela du generorik preziatuena. Txera bereziz gogoratzen du Jose Saramagoren La Caverna (A Caverna): «Haren erritmo lasai hori, buztingilearen beraren erritmo pausatuz irakurri nuen hondartzan, eta zein ondo!». Aurtengo udarako zor bat kitatu nahi luke. «Lagun batek aspalditxo utzi zidan Tom Spambauerren liburu bat, Lugares remotos —Faraway Places jatorrizkoan—. Hura irakurri nahi nuke, gero lagunari itzultzeko».

Irakurri eta itzuliko dio. Edo, bestela, irudimena baliatu beharko du aitzakia «egokiren bat» taxutzeko...

Bihar: Asisko Urmeneta.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna