Errugbia. Miarritze-Baiona derbia

Bi oilar oilategi berean

Serge Blanco da Miarritzeko arduradun nagusia, eta Alain Afflelou Baionakoa. Biak ala biak hedabideen kutunak dira, haien ateraldi eta ahoberokeriengatik.
Alain Afflelou Baionako presidentea eta Serge Blanco Miarritzekoa, bi taldeok elkarren aurka jokatutako derbi batean.
Alain Afflelou Baionako presidentea eta Serge Blanco Miarritzekoa, bi taldeok elkarren aurka jokatutako derbi batean. BERRIA

Eneritz Zabaleta -

2014ko otsailak 27
Tristuraz bustita dator sasoiko eta agian historiako Top 14ko azkeneko euskal derbia. Baiona eta Miarritze dira, gaur-gaurkoz, Bigarren Mailara jaisteko hautatagai nagusiak. Miarritzek jada zango bat eta bestearen hiru laurdenak ditu Bigarren Mailan, azkena baita sailkapenean, mailari eusteko postuetatik hemezortzi puntura. Baionak, berriz, zango bat du jada sartuta, joan zen astean etxean Toulonen aurka galdu eta gero. Jaitsieratik at dago oraindik Lapurdiko hiriburuko taldea, azken-aurrenak, Oyonnaxek, bi partida gutxiago jokatu baititu. Bi horietako bat, gainera, Miarritzeren aurka jokatu beharrekoa da. Beraz, Baionan ere burumakur dabiltza. Argi dago: tristurak eta etsipenak zipriztinduta daude bi euskal taldeak. Eta hala eginen diote aurre derbiari, igande honetan, Aguileran (15:00).

Hain da larria Miarritzeren eta Baionaren egoera, ezen arrastorik ez dagoela derbien bezperan izan ohi diren ika-mikez. Horretan zerikusi handia du, halaber, oraingoz bi taldeetako presidenteak isilik egoteak, derbiaz hauts askorik harrotu gabe. Harritzekoa da. Izan ere, bai Serge Blanco Miarritzeko presidentea, bai Alain Afflelou Baionakoa arreta bereganatu zaleak dira. Biak ala biak dira kazetarien kutunak. Adierazpen handi, bezperan errandakoaren ukazio, konplot eta biktimismo... Hedabideentzat bezero on egiten dituzten lehengaiak dituzte bi euskal taldeetako presidenteek.

Baina ezin isil-isilik egon. Azken ateraldia, artista baten azken maisulan gisara, Alain Afflelouk egin du. Toulonen aurkako hil edo biziko partidaren bezperan, eta euskal derbia jokatzeko astebete eskas zela, Baionako presidente kargua utziko zuela iragarri zuen. Presidenteordeak ere, Philippe Ruggierik, postua utziko zuen berarekin batera. Aturri eta Errobiko bazterrak zur eta lur geratu ziren berriarekin. Horrelakoa da Afflelou, inork espero ez dituenak egiten iaioa.

Kargua utziko zuelako iragarpena ez zen gisa horretako lehen kolpea. Denek gogoan dute 2012an Jean-Pierre Elizalde taldeko entrenatzaile izendatu eta hamar egun berantago kargutik kendu zuenekoa. «Ez dakit nor den ere Elissalde», bota zuen bere erabakia arrazoitzeko.

Sasoi honetan ere ez da isilik geratu Baiona eta Miarritzeren arteko bateratzearen harira. Afflelouk eta Blancok bi euskal taldeak bat egiteko aukerak aztertzen hasiko zirela jakinarazi zuten iazko abenduaren hasieran. Astebete berantago, ordea, Baionako presidenteak egitasmoa bukatutzat eman zuen. Orduan, aukera baliatu zuen aurkariaren gabeziak haizatzeko; oraingoan, Miarritzeren diru arazoak.

Agurra, ezustean

Estilo horretan iragan da haren presidente kargua uzteko erabakia. Gisa horretako berri bat jakinarazteko momentua ez zen oso egokia izan: taldeak bere iraupena jokoan zuela, partida baten bezperan, eta derbia, alegia sasoiko partida garrantzitsuena jokatu baino aste bat lehenago. Mezua ere ez zen oso argia izan.

Lehen unean, «taldearen babesle» izaten jarraituko zuela segurtatu zuen, «taldearen osasun ekonomikoa bermatzeko neurriak» hartzeko ardura harturik. «Denbora osoz» Baionan dauden konfiantzazko bi lagun izendatu zituen bera ordezkatzeko: Manu Merin, Baionako futbol taldeko presidente izandakoa, eta Philippe Neys, Francis Salagoiti Baionako errubi taldeko lehendakariaren jarraitzaile eta bere aurkari izandakoa.

Baina agiria zabaldu eta biharamunean, berriz ere zalantzarako tartea utzi zuen. Sud Ouest egunkariari egindako elkarrizketa batean, baldintzak jarri zituen taldea diruz laguntzen jarraitzeko. «Taldearen proiektua gustukoa baldin badut, babesle izaten segituko dut». Lerroen artean irakurri zaleak direnek, Baiona eta Miarritze bateratzeko asmoa dakusate adierazpen horien gibelean. Abenduan, jadanik, bateratzen ez baziren Baiona utziko zuela mehatxatu zuen Afflelouk.

Blanco, erantzun zalea

Baionan eztabaida, eta Miarritzen beste horrenbeste. Hiriburuko iskanbila horien ondoan, kostaldean luzaz isilik egon dira. Serge Blancok presidente karguan Marcel Martin ordezkatu zuenetik, ordea, gauzak amiñi bat aldatu dira. Blancok gustukoagoa du hedabideen argia. Onerako zein txarrerako.

Adibidez, sasoi hasieran, Baionaren aurka derbia galdu eta gero, bere aurkako konplot bat zegoela salatu zuen. «Agian taldea utzi beharko dut. Badirudi zenbait jendek Serge Blancoren larrua nahi duela. Nire taldeari kalte egiten diot, eta onena postua uztea izanen da, agian», esan zuen. Hiru egun geroago, bere beroaldiari nolabaiteko irtenbidea atzeman zion. Adierazpen horiek «trufa» bat omen ziren, eta kazetariek dena sinetsi zuten.

Bateratzearen inguruan ere, bere arropa zikinak jendaurrean zuritzeko joera erakutsi zuen. Afflelouk bateratzea eteteko erabakiaren ondotik, Philippe Ruggieri Baionako sail guztietako zuzendaria izan zuen jomugan. «Jende batzuek Baionan zikinkeriak bota dituzte. Zintzoa ez den jendea badago Baionan, baina ez Alain Afflelou. Pertsona batek bere postutxoa zalantzan ikusi duelako, astakeriak bota ditu. Hitz egin behar bada, jende zintzoarekin hitz eginen dut...», bota zuen Ruggieriz.

Adierazpen horietako tonuaz harago, Blancok kritikak jaso ditu klubaren kudeaketa eskasagatik. Ongi jakina da Miarritzeko presidentea ez dela botereak delegatu zalea. Betidanik, dena berak egin nahi izan du. Baina taldeko komunikazio faltak kritikak jaso ditu. Hurrengo sasoian ia ziur Bigarren Mailan jokatuko du taldeak, eta Blancori prebisio falta leporatzen diote. Kirol arduradunek, Didier Faugeron entrenatzaileak eta Laurent Rodriguez kirol zuzendariak, jendaurrean aitortu dute ez dakitela deus hurrengo sasoiko asmoez. Jokalariek ere ez dute informazio gehiago, eta Imanol Hariñordoki kapitainak egoera salatu du jendaurrean.

Zaila da Blancoren asmoetan irakurtzea. Hurrengo sasoian Miarritzen segiko ote du? Frantziako Errugbi Federazioan geroz eta ardura gehiago dauka. Frantziako selekzioaren estadio berriaren eraikuntzaren ardura du — 600 milioi euro kostako da—. 2016an hauteskundeak dira, eta federazioko presidente izateko anbizioa omen dauka. Testuinguru horretan, ez dago argi etorkizunean Miarritzen segitu nahi duen ala Parisen agintari karrera bat hasiko duen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna