Bi harresi bota behar dituzte

Bartzelona eta Kanaria Handia dira euskal taldeen aurkariak ACB ligako kanporaketetako final-laurdenetan. Batez beste partidako puntu gutxien jaso eta defentsa errebote gehien hartzen duten ligako bi taldeak dira.

Imanol Magro Eizmendi.
2013ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Ez da samurra izango. Laboral Kutxa Baskoniak eta Uxue Bilbo Basketek ez dute egun gozorik izango final-laurdenetako kanporaketan. Bartzelona eta Kanaria Handia izango dituzte aurkari, ACB ligan puntu gutxien jaso eta errebote gehien hartzen duten bi taldeak. Beraz, borrokara kondenatuta daude, ez baita partida alai eta bizirik egongo. Biek ezaugarri komun agerikoak dituzte, joko estiloa eta hegaleko eta pibot banaren hutsunea. Baina baita alde nabarmena ere: Bartzelonak talentu handiagoa du erasoan.

Kanaria Handia

Behera egin du udaberrian

Mirariz mirari, Kanaria Handia ohiko talde bihurtu da ACBko kanporaketetan. Talde handien aurrekonturik gabe —5,6 milioi; Baskoniak hamabi ditu—, sasoi honetakoa hamargarren aldia du titulurako borrokan. Aurretik bi aldiz egin du topo Baskonarekin, eta bietan kaleratua izan da. Sasoi honetako bertuteak azken urteetako berberak izan dira: jokalari atzerritarrak fitxatzeko begi eta irizpide ona eta etxeko gogortasuna. Pedro Martinezek neurrira eginiko taldea gobernatzen du, eta lehen itzuli harrigarria egin zuen, 12-5eko balantzearekin.

Defentsa izan zen arrakastaren gakoa, Kanaria Handia baita puntu gutxien jasotzen duen ACBko taldea —71,06 puntu partidako, Baskoniak baino 8,2 gutxiago—. Ahal fisiko handiko jokalariak ditu, eta giharreria luze eta indartsuak errebotean ere nabaritzen dira. Defentsa errebote gehien hartzen duen bigarren taldea da, eta errebote kopuru orokorrean, hirugarrena. Aldaratze ehizan Javier Beiran eta Brad Newley hegaleko garaiek asko laguntzen diete pibotei.

Nola da posible defentsarik onena zazpigarren izatea ligan? Erasoa da azalpena, Kanaria Handia puntu gutxien sartzen duen taldea baita. Puntuak sartzeko ardura hiru jokalarik dute: Ryan Toolson jaurtitzaile finak —14,1 puntu partidako—, Brad Newley hegaleko borrokalariak —11,6— eta Spencer Nelson lur orotariko hegal pibotak —13,3 puntu eta 6,5 errebotea—. Hortik kanpo, puntu gutxi. Nelson da izarra, ikuskatzaileek egiten duten lan onaren ereduetako bat. Jokalari bikaina da, zentzuduna, eta talde handien arreta erakartzen duena.

Kanaria Handiak, halere, ez ditu garai gozoak, bigarren itzulia ez baita hain ona izan. Zazpi partida irabazi eta 11 galdu ditu. Zazpi horietatik sei etxean irabazi ditu, eta haren pabiloiari zerbaitegatik deitzen diote Haitza. Jokalariekin ere ez dute zorterik izan. John Schmeyer eskoltak taldea utzi zuen, eta Xavi Rey pibotak min hartu zuen. Rey jokalari garrantzitsua zen. Ligan zehar Ryan Toolsonek, Tomas Bellasek eta Uros Slokarek ere lesioak izan dituzte, baina badirudi orain sasoiko daudela. Kanporaketetarako Chamberlain Oguchi eskolta nigeriarra fitxatu dute, eta Walter Tavares 20 urteko pibot erraldoia igo bigarren taldetik.Tavaresek harridura sortuko du Buesa Arenan. Cabo Verdekoa da jaiotzez, 2,21 metro da luze, eta, besoak zabalduz gero, 2,40 metro da zabal. Duela hiru arte inoiz saskibaloian jokatu gabea zen, eta orain arte ACB ligan jokaturiko partidetan ez du askorik erakutsi.

Bartzelona

Gorabeherak eta guzti

Bartzelona erdi arrastaka iritsi da kanporaketetara. Bi aurpegi erakutsi ditu sasoian: ona, Euroligan, Lauko Finalean kanporatua izan zen arte; txarra, berriz, ACBn, eta, hala ere, hirugarren bukatu du ligan. Nathan Jawai pibot indartsuaren eta Pete Mickeal hegaleko dotorearen hutsuneak asko nabaritu ditu azken asteetan, eta jokalari askok min txikiak dituzte: Navarrok, Sadak, Wallacek... Arazoak arazo, talde handia da, eta Xavi Pascual teknikariaren eskutik, ACBko bigarren defentsarik onena da —71,65 puntu jasotzen ditu partidako, Bilbo Basketek baino ia zortzi gutxiago— eta errebote gehien hartzen dituen bigarrena.

Ligako talde aberatsena da,28 milioi euroko aurrekontuarekin —Bilbo Basketek 8 ditu—, eta titulua ez irabaztea porrota litzateke. Erasoan izan du hutsunea sasoi honetan, baina, hala ere, ondo banatuak ditu puntuak. Sei jokalarik bederatzi puntu baino gehiago sartzen dituzte partidako; horien artean, Juan Carlos Navarro beteranoa. Eskolta eta kapitaina, hura da arima, eta, ondo dagoenean, taldeak eskertzen du. Halere, talde gisa, errenka dabil sasoi honetan. Uztaipean Ante Tomic luzea nabarmendu da —12 puntu eta 6,6 errebote—. Haren alboan, Erazem Lorbekek ez ditu irabazten dituen bi milioi euroak justifikatu, oraingoz...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.