Saskibaloia. Eurokopako finala: Uxue Bilbo Basket-Lokomotiv Kuban

Astiro badoa, hobeto

Ibon Navarro Valentziako entrenatzaileak Lokomotiven erritmo bizia nabarmendu du. Bilbo Basketek partida moteldu beharko lukeela uste du. Hori egiteko «oso gai» dela dio.

Lokomotiv Kubanen taldea, erdian, zutik eta besoak gurutzatuta, Eugeni Paxutin entrenatzailea. LOKOMOTIV KUBAN KRASNODAR.
Imanol Magro Eizmendi.
2013ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Erritmo kontua izango da finala. Hain sinple eta hain konplexu era berean. «Partida bizi badoa, 90 puntura badoa, Lokomotiven mesede. Bilbo Basketek, berriz, partida trabatzen saiatu behar du, faltak egin, erritmoa moteldu... Eta hori oso ondo daki egiten, eta jokalari gehiago ditu horretarako». Azalpena Ibon Navarrorena da (Gasteiz, 1976), Valentzia saskibaloi taldeko bigarren entrenatzailearena. Lokomotiv Kubanek finalerdietan kanporatu zuen Herrialde Katalanetako taldea. Beraz, esperientziatik mintzo da Navarro. «Lehen partidan, gure etxean, eurek hegan egin zuten, hura erakustaldia. Hamar puntugatik irabazi ziguten. Itzulikoa moteldu egin genuen, eta min harturiko jokalari asko izan arren, aldeari buelta emateko zorian egon ginen. Irabaz zitekeen kanporaketa bat zela pentsatuz joan ginen etxera».

Lokomotiv ahal fisiko handiko taldea da, eta indar hori erasoan baliatzen du bereziki. «Atzean ez dute hainbeste estutzen, noizean behin atsedenak hartzen dituzte defentsan. Freskotasuna erasorako gordetzen dute», ohartarazi du Navarrok. Ahal fisiko hori kanpoko lerroko jokalariengan nabaritzen da bereziki, eta Derrick Brown hegal pibotak egiten dien laguntzetan. «Brown oso jokalari zabala da, eta oso garaia ez izan arren (2,01 metro), besoak zabaltzean toki asko estaltzen du. Gero, erasoan oso trebea da, hanka biziak dituelako. Baloia uztaitik 5-6 metrora jasotzen badu, arriskutsua da». Brownek hamasei puntu eta 4,5 errebote lortu ditu partidako Eurokopan.

Lokomotiven eraso gehienek iturburu bera dute: blokeoa eta jarraipena. Normalean Nick Calathes (13,1 puntu eta 6,6 asistentzia)antolatzaileak zuzentzen du, hiru pibotetako batekin: Brown, Aleks Maric —2,11 metro eta 11,4 puntu eta 7,8 errebote partidako— edo Richard Hendrixekin —2,03 metro eta 9,9 puntu—. «Calathes maisua da, hura da taldeko lemazaina. Jokaldi horiek bikain kudeatzen ditu, eta ez da erraza asmatzen berak bota edo pasea emango duen. Zer egingo duen asmatzea partidako gakoetako bat izango da. Taldeak, gainera, oso ondo kudeatzen ditu egoera horretatik sorturiko abantailak eta jaurtitzaileak beti daude prest». Beste antolatzailea Mantas Kalnietis da —13,7 puntu eta 5,1 asistentzia—, baina Calathesek atseden gutxi hartzen duenez, denbora gehien eskolta postuan jokatzen ditu. «Berak blokeo eta jarraipena jokatzen duenean, normalean barrura egiten du. Haren jokoa errazago antzeman daiteke».

Simas Jasaitisek ere lan bikaina egiten du. Baskoniatik pasatu zenean baino indar fisiko, konfiantza eta adore handiagoa du orain. 12,5 puntu sartzen ditu partidako eta ia bost errebote hartu. «Haren jarduna funtsezkoa da, eta inor gutxik bezala irakurtzen du kideen blokeo eta jarraipena. Baloia ez duenean da arriskutsua, trebea da hondoko marran mugitzen eta askotan saiatzen du hiruko jaurtiketa ertzetatik... Eta oso oldarkor joaten da erasoko errebotearen bila».

Zazpi jokalariren jarduna

Lokomotiven beste ezaugarri nabarmena da Eugeni Paxutinek jokalari gutxi erabiltzeko duen joera. Zazpi erabiltzen ditu bakarrik, hasierako bostak, Maric eta Jimmy Baron Lagun Aroko jokalari ohia (11,3 puntu). Eurokopan gehien jokatu duten hamar jokalarietatik lau Lokomotiven daude. «Ondo kudeatzen dute nekea, ohituta daude», azaldu du Navarrok. «Batzuetan, hobe da hala. Entrenatzaileari hala gustatzen zaio, eta multzo horrek oso ondo ezagutzen du elkar, ia memoriaz jokatzeraino. Gainera, huts egiten badute badakite ez direla aulkira joango». Ohikoetatik kanpo, jokalari bat izendatu du: «Lijodei hegaleko garai eta gaztea da. Mumbruk uztaipean min egiten badie, agian aterako du».

Navarrok Lokomotiven kalitatea goratu du, eta horrek presioa eragin diezaiokeela nabarmendu. «Ohiko errusiar talde aberatsa da, Euroligarako sailkatzeko helburuarekin egina. Etxeko liga ia alboratuta dute, eta buru-belarri sartu dira Eurokopan. Horrek guztiak presioa eragin diezaieke, baina tira, Bilbo Basketek ere bere premiak ditu, eta hori bi taldeetan sumatuko dute». Hitz horien adibide, Lokomotiven fitxaketak. Calathes, Hendrix eta Brown denboraldia hasita iritsi ziren. Maric eta Calathes, esaterako, Panathinaikoisetik atera zuten dirua mahai gainean jarrita, baita Kalnietis Zalgiristik ere.

Baina beldurrik ez, Navarrok ez du uste Bilbo Basket kikildu behar denik. «Gure partida ikusi bazuten, badakite zer egin behar duten. Gainera, beste joko hori egiten trebeak dira. Jokalari beteranoak dituzte, asko finalak jokaturikoak...». Talde handiagoa izateak ere mesede egiten dio, haren ustez. «Hamar jokalari erabiltzen ditu, eta denak sartuta daude erritmoan, baita Pilepic ere dagoeneko. Falta asko ditu egiteko, defentsan estutzeko aukera... Antolatzaileen zaintza garrantzitsua izango da. Hor asko balio du Zisisek Calathes —biak greziarrak— ondo ezagutzen duela».

Ez da pronostiko zalea Navarro, ez zaio gustatzen, baina Bilbo Basketen alde ikusten du partida. «Irabaz dezake, eta ezagutzen du bidea. Taktikoki talde aberatsagoa da, eta ikusketa zorrotza egiten ariko dira». Aholkua emateko eskatuta, ez da ausartu. «Ez, ez... badakite zer egin behar duten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.