Pilota. EPELen Binakako Txapelketako finala: Juan Martinez de Irujo

Ez du psikologorik behar

Bi urte eta erdi igaro dira azken txapela irabazi zuenetik, baina horrek ez du urduri jarri Irujo: «Nik larrituta egon behar badut, zer pentsatuko dute besteek?».

Juan Martinez de Irujo solasean, Mutiloagoitiko bere auzoko parke batean dagoen zuhaitz baten kontra jarrita. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Mutiloagoiti
2013ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Bolada txarrean omen dabil Juan Martinez de Irujo (Ibero, Nafarroa, 1981). Berari grazia egiten dio. «Nik larrituta egon behar baldin badut, zer pentsatuko dute besteek?». Zuzen eta zintzo, beti bezala, lehortean den arren. Bi urte eta erdi dira ez duela txapelik irabazten, 2010eko lau t'erdikotik, eta hartaz geroztik bi final galdu ditu. Beste edozeinentzat estatistika eta bolada bikaina litzateke, baina Irujo beste zerbaitera ohituta dago. Dena den, ez dago traumarik, Irujok ez baitu psikologorik behar. «Neure burua estutu horregatik? Bederatzi txapel irabazi eta hamasei final jokatu ditut hamar urtean. Antsietaterik ezin dut izan».

Normaltasunez mintzo da Irujo bolada txarraz. Halere, izaera lehiakorra azaleratzen zaio hitz bakoitzean, eta gaia azaltzean hartzen duen abiaduran. «Ez diot hainbeste buelta ematen; final batera iristea oso zaila da, eta txapelak ez dira dena. Begira bestela Pablito: pilota uzteko garaia ez du hain urrun, eta lehen finala du». Bai, baina egia da bere ibilbideko lehen urteetako arrakasta erritmoa jaitsi egin dela. Diagnosirik? «Olaizola II.a izugarri batekin egin dut topo, lesioak ere hor izan dira... Bueltak eman behar dizkiozu egoerari, baina larritu gabe. Nik ondo entrenatu nahi dut, ondo entrenatzen badut finalak iritsiko direlako. Ni goian egon naiz; ez diot zaintzeari utzi. Dena egina daukadala esaten didanik badago, eta ea zeinek dituen buruz buruko lau txapel».

Baina kontsolamendu horrek ez dio balio. Lehiakorra da lepazurreraino, eta gehiago nahi du. «Hemen, kendu eta ematen duena lehiaketa da, eta horrek eramaten zaitu entrenatzera. Hala ez balitz, ez nuke halako pasadarik hartuko entrenatzen». Lehortea aztertuta, larriagoa dirudi binakako txapelketan. 2009an jokatu zuen azken finala, duela lau urte. Ordura arte, lau final zituen jokatuak bost urtean. «Iaz ez Barriolak eta ez nik ez genuen gure maila eman; lesioak ere hor izan ziren. Beroizekin ligaxkan sartu nintzen, eta Merinoren urtean, berak bikain jokatu arren, nik egin nuen kale. Hori da azalpena».

Beroiz, Merino II.a, Zabaleta... Azken lau urteetatik hirutan bere lehen txapelketa zuten pilotariekin jardun du txapelketan. Desabantaila izan daitekeela uste du, baina ez da bere kasua. «Izan daiteke... edo ez. Niretzat erronka da. Nik gustuko dut hasiberriarekin jar nazatela; berritasuna da. Hurrengo urtean berriz ere debutari batekin jartzen banaute, ona izango da, goian nagoen seinale». Zabaletarekin zalantzak zituen, baina baita berehala uxatu ere bai. «Pozik nengoen harekin; Gasteizko finala ere jokatu genuen. Ahal handia zuela banekien, baina nire zalantzak ere banituela onartu behar dut».

Lau hilabete, telefono dei asko eta elkarrekin ehunka kilometro egin ondoren, oso pozik dago kidearekin. «Ez dago hark adina jotzen duen atzelaririk. Baina oraindik badu zer hobetua, xehetasunak... Dena ez da astintzea. Gehiago jokatu ahal izango du; eskarmentua falta zaio». Harreman pertsonalean, beteranoaren rola jokatu du; oso gustura, gainera. «Aholkuak ematen saiatzen naiz, niri eman izan dizkidatenak. Baina ezer berezirik ez, bide hau oso gogor eta luzea dela ohartarazi eta egunero lan egin behar dela gogorarazi».

Lasaiago ez, eskerrik asko

Irujo harro dago bere estiloaz. Beti jokatu izan du oldarkor, beldurrik gabe. Binakakoan, baina, neurtuago aritu denaren ustea zabaldu da. Amorru pixka bat ematen dio hori entzuteak. «Nik ez dakit partidak ikusten dituzuen edo bakarrik baten batek dioena entzuten duzuen. Hamabost eta hamasei tanto egin ditudan partidak egon dira, hori ez bada oldarkor jokatzea... Telebista esatari batek Irujo atzera jotzen ari dela dioenez, denak beste hainbeste esaten. Begira, gauza bat argi dut: jokatu behar genuen bezala jokatu dugu». Eta nola, bada, hori? Agerikoa da neurtuagoa jokatu duela behintzat. «Bikote gisa errendimendu onena lortzea planteatu dugu. Ni beti bezala sartu naiz airez, eta Zabaletari pilota txarrak kendu: seira baztertuak doazenak, sakeak... Beste joko bat egin dut, bainatxapelketan 22ra iristeak balio du bakarrik, eta ikuskizuna eman dugu. Ez da heldutasun kontua... Hala jokatu behar genuen, Zabaletari pilota onak utziz bere eskuinarekin hautsi egiten duelako. Bion artean hautsi dugu, baina inoiz erasoari muzin egin gabe».

Txapelketa ona egin dute. Ligaxkan 11 partida irabazi zituzten eta finalerdietan bi. Galduriko bakarra, baina, Berasaluze II.a-Albisuren aurka izan zen, eta ligaxkan ere euren aurka galdu zuten. «Azken partida galtzeak agian mesede eta guzti egingo digu, amorru gehiagorekin irtengo garelako. Gure jokoa egiten badugu irabazi dezakegu. Partida hura, gainera, Labriten jokatu zen eta han Albisuk asko jokatzen du. Hark ez du zer ikusirik Bilboko pilotalekuarekin». Ezaugarriengatik ez du ez Bilbo ez Labrit gustuko final honetarako, baina Miribillan txapel bat irabazteak motibatu egiten duela ez du ezkutatu. Gainera, badaki giroa aurkarien aldekoa izango dela. «Gustura jokatzen ditut halakoak. Jendea Pabloren alde egongo da, baina ez gure aurka. Jendeak aurkaria animatzen badu motibazioa da. Titinen aurka Adarragan jokatzea modukoa da, baina inori kalterik egin nahi gabe».

«Isiltzen ez dakit»

Gazteez mintzo da, eta belaunaldi aldaketa gertu ikusten du. Atzean iritsi dela uste du, eta aurrelarietan aurki etorriko dela aurreratu du: «Jaunarena, Ezkurdia, Idoate... horiek dira. Baina, tira, oraindik urdinez jokatzen dudan bitartean seinale ona da. Eta gazteei tarte batean irabazten jarraitzen badugu, hobe». Txapelketaren beste ezaugarri bat eztabaida izan da, eta Irujo ez da bertan egon. Tentsio hori urrundik bizi izan du. «Tira, 15 egun barru inor ez da oroituko. Beti dago norbait kexaka: gu, hautatzailea, enpresak... Hori jendeak gustuko du. Begira: nire hutsetako bat da ez naizela isiltzen. Askotan, isildu izan banintz, niretzako mesede. Niri arazoak aurrez aurre konpontzea gustatzen zait».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.