Liburutegi intimoak. Igor Elortza

Ez zen, eta bada

Bertsolaria eta letrajalea. Ipuin liburuen zale zaharra. Poesiara hurbildu berria. Saiakera eta biografia liburuen defendatzaile. Musika eta umore liburuen eskatzaile eta aldarrikatzaile.

gorka erostarbe leunda
Durango
2013ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Bertsoa du lanabes Igor Elortzak (Durango, 1975). Eta bertsoak hitza behar du. «Wordker: berbagina, palabrador, parolétarien».Twitter kontuko definizioak ematen du Elortza eta hitzaren arteko harremanaren intentsitatearen berri. Hitza behar du arnasteko, eta jaioterriko Hitz liburu dendak ematen dio nahikoa bazka. Alde zaharreko Artekaleko 14. zenbakian kokaturiko dendan erosi zuen bere bizitzako lehen liburuetakoa: «Teoren istorioren bat zela uste dut». Eta han eskuratu du azkena ere, Albert Camusen El extranjero-ren (Atzerritarra) bertsio ilustratua.

Umetan ez omen zen irakurle fina izan. «Etxean nahikoa tematu ziren gai horrekin, eta batzuetan hori izaten da justu kontrako bidea bultzatzeko modua. Eskolan ere liburuak irakurtzeko eskatzen zigutenean lehen eta azken kapituluak irakurtzen zituztenetakoa nintzen». Arreba irakurtzen ikustea du lehen oroitzapen literarioa. «Hortik atera kontuak».

Baina har ezkutukoren bat izango zuen literaturarekiko, 15 bat urterekin Anjel Lertxundiren Otto Pette eta Aingeru Epaltzaren Ur uherrak irakurri eta gatibaturik geratu baitzen betiko. Bernardo Atxagaren Obabakoak, Joseba Sarrionandiaren Ni ez naiz hemengoa eta Narrazioak izan ziren literaturzaletasunerako bidea zabaldu zioten beste liburu batzuk.

Baina indar biziz markatu zuena, arrasto sakona utzi zion lehena, Xabier Amurizaren Enaz banaz izan zen. «Izenburua bera da oso esanguratsua. Sortzaile guztiok dugun eztabaida etengabeko hori azaltzen du, Amurizaren kasuan bertsotan zentratua. Bazaren edo ez zaren sortzaile, eta nagusiki plazara ateratzean sortzen diren kezkak, beldurrak, zalantzak, norbere baitakoak eta baita kanpokoak ere». 24 urte inguru zituela irakurri zuen liburua. Ordurako bere buruari galdetua zion bertsolari eta sortzaile ba ote zenetz: «Galdera hori egiten ari nintzela Xabierren gogoetak irakurtzea oso lagungarri izan zitzaidan». Lagungarri bertsolari sentitzeko, eta lagungarri irakurzale amorratu bihurtzeko ere.

Egun gutxiagotan egiten dio galde bere buruari sortzaile den edo ez. «Orain galdera bestelakoa da: Noiz arte? Noiz arte iraungo dugu honetan? Baina izan banaiz». Irakurri duen azken liburuetako batek ere galdera horien inguruko hausnarketak dakartza, edo zehatzago esanda, gomendioak, «barreneko sortzailea askatzeko gomendioak». Change Your Mind du izenburu, eta Aste Santuen bueltan erosi zuen Londresko Tate Galleryko dendan: «Ingelesa praktikatzeko, batetik, eta aldika-aldika sortzen diren duda-muda horiei erantzuteko, bestetik. Ez du kontatzen lehendik ez nekien ezer, baina batzuetan dakizkizunak ere muturraren parean jartzea komenigarria izaten da. Kritikak nola jaso, esaterako. Nahiko arrunta izaten da pentsatzea sortzailea jaio egiten dela, baina giltzarria dago zure barne sinesmenean. Jende sortzailea arrunta da, baina bere buruan sinesten duen jende arrunta».

Poesia, ipuina, musika

Jende sortzailea arrunta da. Bereziki arrunta, edo arrunt berezia. Nola begiratzen den. Eta funtzio sozial bat dauka. Hala uste du Igor Elortzak, eta horren inguruan gogoeta egiteko balio izan zion 2005ean Kubara egindako bidaia batean oparitzat jasotako Gustavo Pereiraren El peor de los trabajos lanak. «Poeta kondizioari buruzko gogoetak dira, baina baita poeta izatearen funtzioari buruzkoa ere, ardura sozialari eta estetikoari buruzkoa». Eta bertsolarien funtzio sozialaz galdetuta: «Ez da erraza horri erantzutea. Nik beti esaten dut jendea dibertitzea ez dela funtzio sozial makala bizi dugun mundu honetan, auzo bateko jaietara joan eta arratsalde ona ematea bera. Horrez gain, gizarteko arazoekin bizi gara gu ere».

Pereiraren liburua jaso zuen garaitsuan hasi zen poesiarekin ere zaletzen. Ordura arte, oso gutxi irakurria zen, Mario Benedettiren Inventario, Sarrionandiariaren Hnuy illa nyha majah yahoo, eta ezer gutxi gehiago». Azken urteotan hartu du poesia txera bereziz: «Lehen lar urrun geratzen zitzaidan hizkuntzaren jostaketa, figura literarioen dantza hori. Estetikoegia gertatzen zitzaidan, nahiz eta estetika zalea naizen. Euskal literaturan azken urteetan oso lurrera ekarri da poesia. Horretan Kirmen Uriberen Bitartean heldu eskutik liburu inportantea izan zen. Oso gertuko kontuez eta oso hizkuntza zuzenean idatzia dago». Haren ondotik irakurri eta «gozatu» ditu Jon Benitoren Bulkada, Beñat Sarasolaren Alea eta Kaxa huts bat, Iñigo Astizen Baita hondakinak ere, Hedoi Etxarteren Sinplistak, Leire Bilbaoren poesia eta Miren Agur Meaberen Azalaren kodea, nahiz eta hau lehenagokoa izan. «Ari dira oso gaur-etik eta oso hemendik idazten, eta zuzen. Batzuk apustu estetiko indartsuagoarekin, besteak leunagoarekin, baina zuzen. Azkenaldian, horiek irakurtzen ditut gehien».

Poesiaren aurretik ipuina zen gehien irakurtzen zuen generoa. Latinoamerikako egileak irakurri zituen «gazteagotan». Gabriel Garcia Marquezen nobela ezagunenak irakurri ostean egin zuen topo haren ipuinekin, eta bereziki akorduan dauka Cómo se cuenta un cuento izeneko liburua, Garcia Marquezek gidoien inguruko tailer batean egindako grabaketetatik sortua. «Ikasleei erakusten die nola sortzen den istorio bat, nola garatzen diren pertsonaiak, zein forma erabiltzea den egokiena... Oso liburu literarioa da, ipuinaren tripak azalarazten dituena». Bertsolari modura ere baliagarri izan zitzaion, «sortzaile modura norbere burbuilatik ateratzea ona eta garrantzitsua izaten baita, beste adierazpide batzuetatik edatea». Raymond Queneauren Estilo ariketak ere, eman dio biderik sorkuntzaren, estetikaren eta estiloaren arteko harremana birpentsatzeko: «99 modu diferentetan kontatzen du istorio bera. Dibertimendutik ere badauka, eta probokazio bat ere bada».

Ipuina beti sentitu du oso gertuko Elortzak. Ipuinak eta ipuingileak. Latinoamerikarrak ezagutu zituen aurrena, baina Euskal Herrikoak ere ondo estimutan ditu. «Oso ipuingile onak izan ditugu eta ditugu egun ere». Iban Zaldua, Eider Rodriguez eta Pello Lizarralde bereizten ditu, besteak beste. «Lizarralderen Sargori sekulako liburua da. Larrepetit eta Orbanak ere har daitezke nobela labur, ipuin luze modura». Eta joera berezia izan du ipuin laburretarako, makroipuin edo testuetarako ere. «Ipuin labur-laburrek izan dezaketelako bertsoekin lotura, batez ere bakarkako lanetan. Asko jokatzen dute biek bukaerako ezustekoarekin eta begiradarekin. Esaterako, zure gaurko eguna konta zenezake zure zapaten lekuan jarrita, bai ipuin laburrean, bai bertsotan... Orain hasten bazara horrekin nobela luzeago bat egin nahian...». Twitter dela-eta orain modako dago labur-labur idaztea. Elortza lehenago zaletu zen narrazio oso motzetara. 2001ean Luis Landeroren Galería de hiperbreves liburuarekin topo egin zuen. Haren ondotik ezagutu zituen Augusto Monterrosoren lanak. Euskaraz ez dira asko horretan saiatu direnak. Karlos Linazasororen Ipuin errotikoak eta Joxerra Gartziaren Egonean doazen geziak ditu estimutan, eta Alfonso Sastreren Nagasiki.

Poesia orain. Ipuina lehenagotik. Eta musika ia hasieratik. Bertsozaletasuna elikatzeko elikagaia, herri kantagintza, hots, musika, izan baitu bertsoa bera baino gehiago. «Nire gustuetan eta nire almazenean, bertso tradizioa baino gehiago daude musika eta literatura. Ez da harrotzen edo lotsatzen nauen gauza bat». Pedro Alberdik idatzitako Satorrak baino lurperago (Alberdania, 2000), liburu kuttuntzat dauka. «Saiakera bat da, Ramon Saizarbitoriaren Hamaika pauso liburua abiapuntu izanik, 60 eta 70eko hamarkadetako euskal kultur mugimendu osoa aipatzen du». Eta haren pareko, baina garai desberdineko, dauka Pedro Espinosa eta Elena Lopezek elkarrekin ondutako Hertzainak. La Confesión Radical ere (Ediciones Aianai, 1993). «80ko hamarkadaz jakiteko liburu egokia da. Nik uste dut egon zela suntsiketa, No Future hori, baina izan zen eraikitzailea ere, Do It Yourself. Irudimen handiko sasoia izan zen». Poesia eta nobela liburuez gain,faltan botatzen ditu bertsolariak musikaren ingurukoak, euskaraz batez ere. «Batzuk literaturzaletu gara musikatik».

Irudimena. Ezinbesteko elementua literatura egiteko, Elortza hainbeste erakartzen duen fikzioaren eta errealitatearen arteko jolasa eraikitzeko. «Sinesten dut fikzioan», dio. Eta sinesten du umorean, nahiz eta «oso zaila den literaturan». Groucho Marxen autobiografiak bere hatzen marka bat baino gehiago du. «Lagunartean asko erabiltzen ditugu liburu horretako esaldiak». Xabier Amurizaren Enaz banaz-ekin badu loturarik: «Komediante familia baten historia da, bere goi eta behekin». Halako liburuei esker, besteak beste, irakurzale ez zena, bada orain.

Bihar: Amaia Zubiria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.