Liburutegi intimoak. Jon Garaño

Beltzak eta ilunak

Urtean hamar bat liburu irakurrita, erdibideko irakurlea dela uste du zinemagileak. Konturatu da gehien gustatzen zaizkion obrak film bihurtu izan direla.
Jon Garaño, elkarrizketara eramandako liburuekin.
Jon Garaño, elkarrizketara eramandako liburuekin. JON URBE / ARGAZKI PRESS

Igor Susaeta -

2013ko abuztuak 8
Inoiz ez da izan «oso-oso irakurlea». Jon Garaño (Astigarraga, Gipuzkoa, 1974) zinemagilea ez da, esaterako, hondartzan, eguzki galgatan, munduko liburu lodienari eusten dioten horietako bat. «Erdibideko zerbait naizela esango nuke». Zuzendu dituen pelikuletan landu ez duen arren —80 egunean eta oraindik estreinatu gabeko Loreak errepidean luzeak egin ditu, biak Jose Mari Goenagarekin—, bai zineman eta bai literaturan ere genero beltza du gogokoen; suspenseari eta abentura testuei tira eginda bidaia liburuetaraino iritsi zena; batzuetan liburuek beraiek deitzen dutena, besteetan haien bila joaten dena; irakurritakoak idealizatu dituena. Nahiago ditu anti-heroiak heroiak baino, eta beti erakarri izan dute pertsonaia ilunek, zerbait ezkutatzen duten horiek. «Asko edaten dutenak, jokoarekin arazoak dituztenak...». Galtzailetzat hartzen direnak, alegia. Geroz eta gutxiago gustatzen zaizkio liburu deskriptiboak. Nahiago ditu bisualak, eta ahal bada, errealitatea eta fikzioa nahasten dituztenak. Ez da saltokietara joateagatik joaten, eta lau bide dauzka liburuetaraino heltzeko: prentsako informazioa, aholkulari baten iritzia, bere bikotekidearena, eta Moriarti haren ekoizpen etxeko tertulietan sortzen diren izenena. Literaturaz, baina, ez du zinemaz beste hitz egiten. Badauka, ordea, zer esana, zer kontatua, markatu duten liburuez.

Argi dauka orain 30 urteko haren ni-ak eta oraingoak ez dutela zerikusirik, «baina hura ere ni nintzen». Agatha Christieren Asesinato en el Orient Express orain irakurriko balu, esaterako, uste du, ez litzaiokeela hain ona irudituko... Baina merezi du toki bat haren liburutegian. «11-12 urte edukiko nituen irakurri nuenean, eta flipatu egin nuen bukaerarekin». Ez daki Christieren zenbat liburu irakurri zituen, baina gogoratzen du oso polita zela hiltzailea nor zen asmatzea, horrek lotzen zuela. «Txikitan are gehiago». Abenturazkoak ere gogoko zituen. Jules Verneren Viaje al centro de la tierra, Munduari itzulia 80 egunetan, Hamabost urteko kapitaina... Horiek etxean zeuden. Anaia eta arreba zazpi eta bederatzi urte zaharragoak izanda, oinordetzan jaso zituen, «eta bata bestearen atzetik irakurri».

Ikastolako liburutegitik hartutako Xabier Gereñoren Afrika beltzean eta Jomeiniren paradisuan ere gogoratu ditu irribarrez. «Ez dakit gustatzen zitzaizkidan, baina orain oroitzen hasten naizela, pentsatzen dut onak zirela». Robert Louis Stevensonen Altxor uhartea, adibidez, unibertsitate garaian irakurri zuen, baina sekulakoa iritzi dio. «Gustatuko litzaidake semeak irakurtzea, liburu horrek txikitan markatu egin behar zaituelako. Umeentzako izan arren, oso ondo eusten dio; irakur daiteke 6 urterekin edo 85ekin». Onartu du, halere, iragana orainera ekarritakoan idealizatu egiten dela.

Klasiko kontrastatuak

Gauza bera gertatzen zaio zinemagileari nerabezaroan leitu zituenekin. «Gehien markatu nautenak dira, eta, kasu gehienetan, behartuta bezala irakurritakoak, eta gogo txarrez hasitakoak, gainera». Garai hartan, ez zuen haurra zenean adina irakurtzen, baina orduan haren esku artera iritsi zirenak betirako iltzatuta geratu zaizkio gogoan. «Konturatzen naiz igual direla gehien gustatzen zaizkidanak!», aitortu du, barrez, harrituta bezala. «Igual da klasikoak direlako, kontrastatuta dagoelako onak direla». Klasiko horietako bat da Crimen y Castigo, Fiodor Dostoievskirena. Haren irakurketak badauka, gainera, istorio bat barruan. Memoriaren irratian atzera eginez aletu du Garañok. «Liburuari buruzko lan bat egin behar zen, eta hura entregatu behar zenean irakurri gabe neukan. Lagun bati kopiatuta entregatu nuen, eta gero liburua bukatu, lagun horrek berak esan zidalako oso ondo zegoela. Banekien zer gertatuko zen, lanean jarri genuelako [barrez], baina amaitu egin nuen eta gozatu».

Literatura irakasgaian behartuta irakurri beharreko beste bat zen La familia de Pascual Duarte, Camilo Jose Celarena. Hasieratik lotu zen liburura. «Hor daude, gainera, gehien gustatzen zaizkidan pertsonaia ilun horiek...». Ez daki zergatik dituen gogoko. «Beharbada, galtzaileek badutelako zerbait erakargarria, bai literaturan eta bai zineman ere...». Jim Thompsonen Los timadores nobela ere maite du. Eta, hain zuzen, hartako protagonista beste galtzaile bat da, «Malcolm Lowryren Sumendiaren azpian-ekoa —euskaraz irakurri nuen— bezala. Alkoholak jota dago, emazte ohia dator...»

Ez ditu, dena den, ikuspegi buenista duten eleberriak baztertzen. «Ez, ez. Batzuetan atseginak egiten zaizkit, baina arrasto gehiago uzten dute besteek; zer pentsatua ematen dute». Hori adierazi, eta institutu garaian Gizona bere bakardadean Bernardo Atxagarena irakurri behar izan zutela ekarri du akordura. Asko gustatu zitzaion. «Bukaerako tentsio hori-eta...». Tentsioaz mintzatuta, Jose Antonio Loidi Bizkarrondoren Amabost egun Urgain-en aipatu du. 15-16 urterekin irakurritakoa, momentuan «gailurra» iruditu zitzaiona. «Moriartin ere asko hitz egin dugu hartaz». Garai hartan, bazeukan zinemarekiko interesa, baina «beste klabe batzuetan» irakurtzen zuen horri buruz. «Tira, eskuliburuak-eta dezente ditut etxean. Nola bilakatu zuzendari eta horrelakoak». Geroxeago helduko ziren «sakonagoak»

Zinemagile bihurtu aurretik, kazetaritza eta publizitate ikasketak egin zituen Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU). Fakultatera iritsita, Truman Capoteren A sangre fría irentsi zuen. «Oso periodistikoa zelako eta literatura kazetaritzarekin uztartzen zuela bagenekielako». Izugarri gustatu zitzaion. Krimena, bien istorioa... Eta bazeukan zerbait, gainera, irakurri zuen unean konturatu ez arren, asko erakarri zuena: «Errealitatea eta fikzioa nahasten zituela». Gomendatu izan dituen liburuetako bat da. Hori egiten du leitutakoak markatzen baldin badu. Gehien aholkatu duen liburua Plomo en los bolsillos da, Ander Izagirrerena. «Nire lagunei txirrindularitza asko gustatzen zaie, baina irakurtzea ez hainbeste, eta kristo guztiari gomendatu diot. Niri iruditzen bazait liburu bat ondo dagoela, astuna izan naiteke hura aholkatzen».

Moriartin partekatu izan dute, adibidez, Paul Austerren Trilogía de Nueva York-i buruzko pasioa. «Momentu batean asko hitz egin genuen hartaz... Baita John Kennedy Toolen La conjura de los necios-ez ere». Tertulia horretatik ateratzen dira zinemagilearen balizko irakurgaietako batzuk. Lagun aholkulariak ere ematen dizkio pista batzuk. Une honetan, adibidez, Ramiro Pinillaren Las ciegas hormigas aletzen ari da, Aitor Arregik gomendatuta. «Nahiko deskriptiboa da... Gustura ari naiz, baina kosta egiten zait liburura jotzea. Uneak daude, baina lanean ari naizenean nahiago dut zerbait arinagoa...».

Oraindik ere ez daki Pinillarena gomendatuko duen, astun jarriko ote den harekin, baina unibertsitate garaian irakurritako Fernando Aranbururen Fuegos con limòn, behintzat, aholkatu zuen. «Agian, konpartitzen zuelako unibertso bat lagunekin-eta». Amorrua ematen dio, dena den, Aranburuk nola hitz egiten duen «euskal kulturaz, euskarazko literaturaz». Sentitzen ditu Garañok idazleak esaten dituenak, liburu hura oso inportantea izan delako haren bizitzan. «Eta, ez dakit, horregatik pixkat desilusionatuta-edo sentitzen naiz».

Saroben (Urnietan, Gipuzkoa) zinema ikasteari, ordea, ilusioarekin ekin zion. Han deskubritu zuen François Truffaut zinemagilearen El cine según Hitchcock. «Uste dut dela inoiz zinemaz idatzi den eta idatziko den libururik onena». Galdeketa moduan egindako elkarrizketak biltzen ditu, Truffauten iritziak Hitchcocki buruzkoak... «Oso erraz irakurtzen da eta asko ikasi dut harekin. Liburu osoa da». Irakurri zuen momentuan hasi ziren Garaño eta kideak zineman «gauza batzuk egiten», eta horregatik oso inportantetzat dauka. Haren pasarteak irakurtzen ditu oraindik. Beste zinemagile handi baten, Sidney Lumeten, Asi se hacen las películas gogoratu du. «Oso-oso gomendagarria da zinemagintzan jardun nahi duen edonorentzat. Bere pelikuletako adibideak jartzen ditu, prozesua azaltzen du...».

'Twist', «maisuki idatzita»

Moriarti ireki zutenetik iruditzen zaio ez dituela nahi adina nobela irakurtzen, eta irakurketetako dezente lanera bideratuta daudela, gainera. «Irakurtzen dugu; asko, jakina, baina beste gauza batzuk: gidoiak, horien tratamendua...». Azkenaldian, baina, eleberri batek, Harkaitz Canoren Twist-ek eman dio atentzioa. «Hemen egin den gauzarik majoenetakoa da. Modu oso politean nahasten ditu errealitatea eta fikzioa, eta maisuki idatzita dago». Beste nahasketa mota bat ere gustuko du; bidaia liburuak eta genero periodistikoa uztartzen dituena, hain zuzen. Garai batean Javier Reverteren liburuetara lotu zen. Poesiak eta saiakerak, aldiz, ez dute inoiz gehiegi erakarri. Dena den, lehen generoan Kirmen Uriberen Bitartean heldu eskutik eta Karmelo Iribarrenen — «Akerren tabernaria zenetik ezagutzen nuen»— lanak nabarmendu ditu, eta bigarrengoan, Anjel Lertxundiren Eskarmentuaren paperak eta Iban Zalduaren Ese idioma raro y poderoso, besteak beste.

Eman ditu izen batzuk Garañok. Halere, jarraitzen du pentsatzen gutxi irakurtzen duela. Sentsazio hori du, behintzat. «Urtean hamar bat? Ez zait iruditzen gutxi direnik, baina...». Erdibideko irakurle bati dagokion kopurua. Birekin ari da orain: Las ciegas hormigas-ekin, eta Kirmen Uriberen Mussche-rekin. «Normalean, ez ditut bi batera irakurtzen...». Bi baino gehiago dira, ordea, Garañori gustatu eta pelikula bihurtu diren liburuak. «Gehienak esango nuke nik...». Gehienak, genero beltzekoak, gehienak pertsonaia ilunez jantzitakoak.

Bihar: Unai Elorriaga

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna