Albistea entzun

Askatasunak gatibaturik

Bere pentsamendua azaltzen duen liburu sendorik utzi ez bazuen ere, anarkismoaren ikur nagusietariko bat da oraindik ere Mikhail Bakunin pentsalari eta iraultzaile errusiarra. Jaio zenetik 200 urte bete dira gaur.
Mikhail Bakunin pentsalari eta iraultzaile errusiarrari ateratako zuri-beltzeko argazkia.
Mikhail Bakunin pentsalari eta iraultzaile errusiarrari ateratako zuri-beltzeko argazkia. BERRIA

Iñigo Astiz -

2014ko maiatzak 30

Negua. Errusiatik erbesteratua, Frantziatik kanporatua, jabetzarik gabe, heriotza zigorrera kondenatua, bizitza osorako Siberian espetxeratua, eskorbutoaren ondorioz hortz guztiak galduta, eta ahoratzen duen edozerk sortzen dion goragalea gobernatzen saiatzen dabilela, Prometeoren mitoa du gogoan Shusselbergeko gotorlekuko ziegan Mikhail Bakunin pentsalari eta iraultzaileak (Pryamukhino, Errusia1814- Berna, Suitza, 1876). Ideia hori darabil buruan bakardadearen aurka. Jainkoek ukatutako sua gizakiei itzuli zien titanarena, eta baita haren zigor eternoarena ere. Kaukasoko harrira lotuta, goizero-goizero gibela jatera joaten zitzaion arrano erraldoiaren erasoa jasan ostean, nola kontsolatzen zen itsasoko ninfen kantu goxoa entzunda. Askatasuna itzuli nahi zion Bakuninek gizakiari, eta horretara bideratu zuen bere jarduna. Horregatik zigorrak, horregatik ihesa. Gaur 200 urte jaio zen anarkismoaren ikur, Karl Marxen proletarioen diktaduraren ideiaren arriskuen salatzaile nagusi eta erlijioaren arerio zuzen bilakatuko zen pentsalari eta iraultzailea.

«Askatasunaren maitale sutsua naiz». Hori Bakuninen aurkezpena. Baina ez zen edozein askatasun harena. Ez zen estatuak erregulatutako askatasun formalaz ari, ez eta burgesia liberalak defendatutako askatasun indibidualaz ere. Bestelakoa zen harena. «Gure natura indibidualak onartzen dituen mugak baino onartzen ez dituen askatasuna. Muga horiek ez baitira muga, lege horiek kanpoko ezein legegilek ez gure gainetik dagoen beste inork ez dituelako ezarri». Norbera norbera jabe, eta, halere, elkarrekin. «Askatasunaren agerpena ez da estatuen existentziarekin bateragarria. Indarrez gaitzesten dugu erabateko askatasunez eraiki ez den gizarte antolaketa oro». Hori bere autogobernatutako komunitateen ideiaren oinarrian zegoen ideia. Horixe haren altxamendu guztien sakoneko motibazioa.

Richard Wagner konposatzailearekin batera, 1849an Dresden Prusiar tropen aurka egindakoa, adibidez. Porrot egin zuen, eta gero heldu ziren erbestea, kartzela eta bizi osoko ihesaldia. Baita iraultzaz iraultzako lasterketa ere. Frantzian, Japonian, Italian, Errusian, Londresen... Porrotetik porrotera. Baina hala garatu zuen bere pentsamendua. Estatuen suntsipena, materialismoaren defentsa, klase sozialen ezabapena, sexuen arteko berdintasuna, sindikalismoaren aldarrikapena... Eta, noski, 1872an Hagan egindako I. Internazionalean Marxekin izandako talka intelektuala. Haren ibilbideko pasarterik ezagunena.

Estatua zen eztabaidaren muina. Askapenerako bitarteko urrats gisa onartzen zuen langileek gidatutako estatua Marxek. Baina Bakuninek ezetz, estatua desegin beharraz mintzo zen bera. Bitarteko urratsik gabe. «Sozialismorik gabeko askatasuna pribilegio bat da, injustizia; eta askatasunik gabeko sozialismoa, esklabotza, basakeria». Gutxiengo baten diktadura ikusten zuen berak Marxek aldarrikatutako proletarioen diktaduraren atzean. «Marx komunista autoritario eta zentralista da. Guk nahi duguna nahi du berak ere (...) baina Estatuan eta Estatuaren indarrez; (...), hau da, askatasuna ukatuz».

Idazketa anarkikoa

Garai batean kide izan ziren, baina etsai amaitu zuten. Bakuninek onartzen zuen Marxen analisi gaitasuna, eta ez zuen ukatu harenganako hasierako lilura. Baina gero heldu ziren gerokoak. 1873ko eskuizkribu batean deskribatu zuen bien arteko harremana. «Ez zen sekula izan gure artean gertutasun berezirik, odol berokoegiak ginen. Idealista sentimentala nintzela esaten zidan, eta arrazoi zuen. Nik esaten nion harroa, saldua eta maltzurra zela, eta nik ere arrazoia nuen».

Anarkiko xamarra zen Bakunin bere idazkiekin. Garaiko pentsalari nagusiek bezala, asko idatzi zuen berak ere, baina garai hartako pentsalari nagusiek ez bezala, ez zuen bere ideologia azalduko zuen idatzi sendorik garatu. Eskutitz, panfleto, artikulu eta hitzaldi bidez zabaldu ziren haren gogoetak, nagusiki. Baina oihartzuna jaso zuten, eta ekintza ere bilakatu ziren maiz. Kasik lelo ere bilakatu da, esaterako, bere hasierako lanetariko baten amaiera aldera ageri den esaldia: «Suntsipenerako pasioa bada pasio sortzailea ere».

Baina gero heldu ziren Bakuninen testu anarkista nagusiak. Federalismoa, sozialismoa eta anti-teologismoa (1867). 30.000 hitz inguru baino ez dituen Eskutitza frantziar bati (1870). Estatismoa eta anarkia (1870). Bilduma modura bildu zituzten haren lanetariko batzuk Jainkoa eta estatua izenburupean kaleratutako lanean, eta 1873an kaleratu zuen Estatismoa eta anarkia. Fragmentarioa lan hura ere, baina ez hainbeste. Laudorio lotsati itxura du horregatik Marshall B. Shatz itzultzaileak hartaz esandakoak: «Nahiko ongi eraikita dago». Eta behin eta berriz errepikatu dute goraipamen gisako horren atzean dagoen kritika haren aurkariek: Bakunin ez zen gai izan pentsamendu sistema bat eratzeko. Nolabait ere, Bakunin iraultzaileak itzal egin dio horregatik Bakunin pentsalariari. Batzuetan, baita karikaturan erortzeraino ere.

Erreferentziazko izena

Ekintza gizon tripazorri eta kaotiko gisa erretratatu zuen, adibidez, Howard Zinn ezkerreko erreferentziazko historialariak Marx in Soho umorezko antzezlanean. Marx da, berez, piezaren protagonista, eta haren ahotik jasotzen du ikusleak Bakuninen berri. «Nobelista batek deskribatuko balu halako pertsona bat bere nobela batean, ez zenuke pertsona hori benetakoa izan daitekeenik sinetsiko!». Leihotik txiza egiten deskribatzen du Bakunin Marxek, mozkortuta, lurrera tu egiten, plateretik eskuekin jaten, zerri, zaratatsu... Azken batean, irrigarri. Baina baita kasik tragiko ere une batez. Prometeiko. «Tipoak bazuen adorea, hori onartu behar zaio. Kartzelan sartu zuten, Siberiara bidali zuten, ihes egin zuen, txoko batetik bestera iraultza sustatzen pasatu zuen bizitza, gizarte anarkista bat sortzen saiatu zen... Baina arrakastaz bultzatu zuen anarkismo bakarra bere burukoa izan zen!».

Asko izan dira, halere, haren testuetara jo eta haien garrantzia nabarmendu duten pentsalari eta ekintzaileak. Barkatu egin diote batzuek zenbait testuren antisemitismoa, eta kondenatu egin dute horregatik besteek. Onartu dute haren kaosa, eta kritikatu, baina oraindik ere erreferentziazkoa da pentsalari eta iraultzailearen izena. Jaio eta 200 urtera.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Paula Estevez, Maite Gurrutxaga eta Ainara Azpiazu <em>Axpi</em> ilustratzaileak, atzo, Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

'Zu'-aren hamaika trazuak

Itziar Ugarte Irizar

Tupust kolektiboak bigarren komiki antologia argitaratu du, oraingoan autoekoitzita. 21 sortzaile eta hamazazpi istorio bildu dituzte, eta askotariko ertzetatik heldu diote gai nagusiari, 'zu'-ari
 ©ARITZ LOIOLA / @FOKU

«Saiatzen ari naiz Euskal Herrira soul musika ekartzen»

Alex Uriarte Atxikallende

Munduan zehar egindako bidaietako ikaspenak bilduz eta gizarteari ikusten dizkion gabeziak bistaratzeko asmoz, Afrika Bibangek 'Ispiluaren aurrean' albuma kaleratu du, bakarkako ibilbideko hirugarren lana.
Bilboko Rekalde aretoan 90 margolan batu ditu Idoia Monton artista donostiarrak. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Pintura beti itzultzen da

Iñigo Astiz

Idoia Monton artista donostiarrak azken hiru hamarkadatan egindako lanaren berri ematen duten 90 artelan batu ditu Bilboko Rekalde aretoak, 'Zazpi leihoak' izenburupean
Daniel eta Ainize Txopitea artisten lanak biltzen ditu <em>Destinia</em> erakusketak, Irunen. ©JUANTXO EGAÑA

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.