Amaiur 2012 ikuskizuna. Pier Pol Berzaitz. Kantaria eta taula zuzendaria

«Bakoitzak bere iritzia badu, baina jakin dezagun zer iragan zen»

Tamaina handiko ikuskizunak sortzen ohitua da muskildiarra. Hainbat herriren arteko sorkuntzak ere bai. Uda honetan, 'Amaiur 2012' ikuskizuna emanen dute nafar eta zuberotarrek.

Joanes Etxebarria.
Domintxine
2012ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Amaiur Gaztelu elkarteko kideek beregana jo zuten, Nafarroako konkistaren 500. urtemugaren karietara, pastoral bat idatziko zuelakoan. Azkenean, beste gisako sorkuntza bat izanen da: Amaiur 2012. Haien ametsa gurea da izenekoa.

Amaiurreko elkarteari Mauleko Les Amis du Chateau elkartearekin eta Zuberoako dantzari eta kantariekin elkarlanean aritzea proposatu zion, eta hala abiatu ziren duela bi urte inguru. Egun hauetan azken entseguetan ari dira zuberotarrak eta nafarrak, taula gainean laster aurkeztuko duten ikuskizuna prestatzeko. Uztailaren 21ean Amaiurren, eta abuztuaren 10ean eta 11n Maulen emanen dute.

Amaiurreko gazteluko guduak berez 2022an ditu 500 urte beteko, baina nafarren nahia da orain hasi eta hamar urteko lan pedagogikoa bideratzea, bereziki belaunaldi gazteenekiko. Ez dute baztertzen hamar urteren buruan beste egitasmo handi batekin bigarren urtemuga hori ere markatzea.

Amaiurrekoak zugana joan zirelarik pastoral bat egitea zuten gogoan. Nola hartu zenuen hasierako proposamena?

Egia da haien gogoa zela pastoral bat egitea, agian lehenbizi Zuberoan eta gero Amaiurren erakutsiko zena. Nola den herri txiki bat eta funtsean aski hurbil gutaz, bai historia aldetik eta bai tradizio aldetik. Amaiurreko herriari esplikatu nion zaila zela, ene ustez, pastoral bat esportatzea nahiz eta haien gaia ezinago ederra den eta merezi duen pastoral bat; horretan ez da dudarik. Beraz, proposatu nien aipamen poetiko bat, dantza eta kantuaren bidez, gaiak berak aski indar zuelako edozein generorekin lantzeko. Gainera, monolitotik hurbil emateko ideia bazen, beraz aski indartsu izanen zen.

Halere, aurkezpenean erran denez, azkenean pastoraletik ere badu ikuskizun honek...

Bai, bistan dena. Nik eskola hori ukan dut aspalditik, eta gure ikusmoldea pastoralarekin eta gure ohiturekin hein bat baldintzatua da. Kantuen aldetik, dantzen aldetik zerbait egiten badut, ahalaz zuberotarrak ere biltzen ditut.

Aipatu da beti harremanak izan direla zuberotarren eta nafarren artean, baina azken urteetan lotura gutxi egon dela. Ikuskizun honek bien arteko zubiaren lana ere hartu ote du?

Uste dut XVI. mendean Nafarroa oraino erreinua zela; Zuberoa ingelesekin eta Biarnoko aldean zen, baina Zuberoatik iragaten ziren armadak edo beste, eta anitz gurutzatu dira. Berantago ere, nola espartinak jostera etortzen ziren ainera delakoak, baziren anitz Aragoitik jinak, baina Baztandik ere bai. Gero frankismoak, ene iritziz, anitz estali zuen hori guztia. Garai horretarako amaiurtarrek bazakiten non zen Maule, baina doi-doi, eta mauletarrek batere ez; ez zekiten Amaiur bazenik ere. Ez dut hori kondenatzen, ez bada ikertzen. Amaiur herri txikia da, eta nik ere Nafarroako herri txiki guztiak ez ditut ezagutzen... Amaiur ere, ez banitu Lauaxetaren poemak irakurri, ez nuke ezagutuko. Horretan nahi nuke azpimarratu historia zaharrak nola berriari ematen dion gar. Luzaz egon da Baztan Zuberoatik oso urrun, eta orain, ikuskizun horren bidez sortzen ditugu harremanak, hori ezinago positiboa da.

Zuberotarren eta nafarren arteko lana, taula gainean, nola joan da?

Ene lanetan, bestalde ere, bi lekuen artean zerbait egiten dugularik, ez dugu ehunka entsegu egiten ahal; konplikatua da. Bakoitzak baditu bere lanak egiteko, eta gero, elkarretaratzen gara. Beti xantza badut, nahikunde handiko pertsona arduratsuekin ari bainaiz, bai musika aldetik, bai dantza aldetik... badakite nora doan bidea. Behar da oreka bat atzeman, libertatea utziz, sorkuntzari utzi behar zaion libertatea. Gero nola diren denak euskaldunak, beraiek ere ikertzen dute eta dantzari bat edo kantari bat euskaldun ideian sartzen da aski fite.

Nahiz eta ikuskizuna ez izan erreprodukzio historikoa, ikertu behar izan duzue prestatzeko tenorean?

Bistan dena. XVIII. mendean ere, Oihenarten denboran ere, eztabaida bazen. Baziren jakintsuak, Moret apeza bezalakoak; haren bertsioa zen ez zela arazorik izan, nafarrek nahiago zutela Gaztelako aldea Frantziakoa baino eta Nafarroa askatu zutela bakean, itun bat izan zela. Bertsio hori oraino azkar da Nafarroan, eta uste dut luzaz nafar anitzek hola ikusi dutela. Egia da Nafarroako azken erregea Albret familiakoa zela, eta hura frantses familiakoa zela. Baina gauza bat da erregea nor den eta bestea populua.

Eta amaiurtarren bertsioa zein da?

Amaiurtarrekin mintzatzen garelarik, berek erraten dute beren aitatxi-amatxiek ez zutela aipatu nahi ere Amaiurreko afera hori, nola frankistek hartu zuten sinbolotzat, jauzarazi zuten han den monolitoa, amaiurtarrek berriz ezarri... Erran nahi du beti badela halako borroka bat hor. Uste dut oraingo belaunaldia emeki-emeki bere historia bereganatuz joan dela, eta hori gauza ona da. Gero bakoitzak bere iritzia badu, baina jakin dezagun zer iragan zen hor, ez da 10.000 edo 1.000 urteko afera bat ere; bost mende, zazpi edo zortzi belaunaldi dira, nik uste. Nafarroa egon da anitzez gehiago independente Espainiako partean egon den baino. Erran nahi baita kasik Orreagatik abiaturik, VIII. mendean, bederatzi mendez izan dela erreinu handi bat. Gauzak aldatzen dira, eta ikusten dugu historia alde batetik, baina ikusi behar da orokorki. Badu holako bertutea historia horrek.

Ikuskizun horrek, Nafarroako konkistaren urtemugaren testuinguruan, ez ote du dimentsio politiko bat ere?

Bai. Ez da gauza neutralik. Hartzen dugu posizio bat erranez Errege-Erregina Katolikoek Nafarroa konkistatu dutela ezpataren puntan, eta nafarrek entseatu dutela beti birkonkista. Eta XVII. mendean —beste aukerarik ez baitzuten— gelditu baziren ere, uste dut nafarren gogoan sekula ez dela galdu ideia hau: ez zirela osoki espainolak. Aitzinatzeak eta gibelatzeak izan dira, baina euskaldun eta nafarren gogoan uste dut ideia hori ez dela galtzen. Ikuskizun horrek indar berri bat ematen dio ideia horri. Ez dakigu zer iragaten ahal den hemendik 200 urte, 100 urte edo 50 urteren buruan... Agian, egun batez Euskal Herriak ukanen du beste egoera bat; badut ene ideia; baditugu gure esperantzak, baina ez dakigu. Ikusten da, halere, badela gazteria ederra eta kementsua. Ikusten dut ere geroz eta gehiago euskaraz mintzatzen direla, Baztanen anitz, Iruñean ere bai. Horretan hartzen dut plazera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.