Durangoko Azoka. Aiert Goenagaren kargugabetzea. Aiert Goenaga. Durangoko Azokako zuzendari ohia

«Elkarlana ez da norberarentzat beto eskubidea gordetzea»

Goenagak dio zuzendari postutik egozteko erabakiaren iturburua azoka ereduan dagoela. Salatu du «irain pertsonalera» jo duela Gerediagak, «jokabidea zuritzeko beste modurik ez duelako».

Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2013ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Gerediaga elkartearekin duen gatazka aspalditik datorrela eta uztailean ere kaleratu egin zutela kontatu dio BERRIAri Aiert Goenagak (Ondarroa, Bizkaia, 1981).

Gertatzen ari dena ulertzeko hitz gakoa boterekeria dela diozu. Alegia, Gerediagak azokaren kontrol osoa nahi duela esan duzu, eta zu eragozpen bat zinela, nonbait, horretarako.

Hori da arazoa, eta ez beste ezer. Plangintza estrategiko bakar bat genuen, baina hori ulertzeko modu diferente bi. Eragileen arteko elkarlana modu guztiz horizontalean ulertzen dut nik, ez bertikalean, Gerediagak bezala.

Argi duzu ereduen talka bat izan dela arazoa?

Euskal kulturgintzako eragileek eginiko hausnarketan oinarritutako plangintza estrategikoan jasotzen zen elkarlanaren premia. Baina elkarlana gauzatzen hasi ginenean hasi ziren arazoak. Koordinazio mahai batean bildu genituen azokan lanean zebiltzan eragileak. Hilean behin biltzen ginen, guztioi zegozkigun gaiak lantzeko eta adosteko. Baina Gerediagarentzat, elkarlana diferentea da; lidergoa elkarteak edukibehar du, eta berak izan behar du azken hitza. Baina elkarlana ez da norberarentzat beto eskubidea gordetzea.

Gerediagak inoiz esan zizun koordinazio mahairik ez antolatzeko?

Ez. Baina hainbat erabaki koordinazio mahaian hartzen ziren, eta horrek Gerediagak boterea galtzea ekarri zuen. Beldurtu egin zituen horrek. Koordinazio mahaia zen erabakigune, eta ez Gerediagako zuzendaritza. Kontrola galtzea arazo bat izan zen Gerediagarentzat.

Azokak bizia eta dinamikoa izan behar duela esan duzu. Hori lortzeko Gerediagaren antolaketa eredua zaharkitua dagoela uste duzu?

Ia mende erdi daramate gauzak berdin egiten, eta hori da arazoa. Mende erdian mundua, Euskal Herria eta euskal kultura asko aldatu dira. Teknologia eta informazioaren egungo gizartean, duela mendi erdiko planteamendu batzuek ez daukate zentzurik.

Nerea Mujika lehendakariak azokaren antolaketa eredua eta azokaren emaitzak ontzat eman zituen 47. azoka amaitzean. Nola ulertu behar da hori?

Ez dago ulertzerik. Eta, hain zuzen, horregatik jo dute irain pertsonalera. Ezin dezakete erabakia zuritu. Horregatik esan dute ez dudala zintzo jokatu. Ez zekiten auzia nola bukatu, eta horrela egin dute. Ez daukate beste irtenbiderik, arazoa antolaketa eredua izan dela onartu nahi ez badute.

Duela aste bi jakinarazi zizuten kontratua eten egingo zizutela. Diozunez, etxe barruko lanak egoki egin ez zenituela eta zuganako konfiantza galdu egin zutela esan zizuten.

Etxe barruko funtzionamenduaz ari ziren. Baina erabat kontrajarria da elkarlanean oinarritutako estrategia bat gauzatzeko eskatzea eta duela 50 urteko lan eredu batzuei segitzea nahi izatea. Berehala sortu ziren mesfidantzak.

Gatazka aspalditik dator, ezta?

Bigarren aldiz kaleratu naute. Uztailean ere kaleratu ninduten. Orduan, ez zegoen ez emaitza ekonomikorik ez bestelakorik. Orduan, antolaketa eredua zen eztabaida zitekeen bakarra.

Eta nolatan onartu zintuzten berriro?Iritzi desberdinak daude Gerediaga barruan?

Bai. Eta horiek egin zuten indarra, buelta nendin. Elkarte barruan, ikuspegi desberdinak daude. Nahiz eta zuzendaritzak ohar bat kaleratu duen, elkartearen barruan badaude nire planteamenduaren aldekoak ere.

Gerediagak esan du 47. azokak diru galerak izan zituela, baina zuk diozu hori kudeatzailearen ardura dela.

Diru kontuak kudeatzaileak daramatza. Aurrekontu bat eman zigun, eta guk horrekin lan egiten genuen.

Egoera zail honetan ere, Durangoko Azokaren aldeko mezua plazaratu duzu. Honela dio zure oharrak: «Ez sinetsi Gerediaga elkartean, ezta Aiert Goenagarengan ere. Baina sinetsi Durangoko Azokan».

Azokak aurrera jarraitu behar du, eta indartuta atera, euskal kulturaren transmisioan estrategikoa delako. Azoka Gerediaga elkartearen eta nire gainetik dago. Eta proiektua aurrera atera behar dugu guztion artean.

Hori posible izango da gertatutakoaren ondoren? Gorka Juliok Kabia kudeatzeko ardurari uko egin dio, azokaren eredua argitu arte, bederen.

Horrek erakusten du azoka ez dela izan nire proiektu pertsonala, Gerediagak esan duen moduan. Jendea proiektuaren parte izan da, eta hala sentitu da. Horrelako jarrerek baliorik gabe uzten dute Gerediagaren tesia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.